Abaetxe taberna-jatetxea, irekita

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 1a, 10:04
Ioana Sukia eta Ana Beloki, Abaetxeko barraren atzean.

Ioana Sukia eta Ana Beloki dira Bedaioko taberna-jatetxearen arduradun berriak.

Ioana Sukia eta Ana Beloki «oso gustura» daude lehen hilabeteetan izan duten martxa eta harrerarekin Bedaioko Abaetxe taberna-jatetxean. «Jendeak oso ondo hartu gaitu, eta gainera errepikatu egiten dute. beraz, ez da seinale txarra», esan du Belokik.

Ekainaren hasieran hartu zuten Abaetxeren ardura. Izaskun eta Joakin Jauregi ziren aurreko arduradunak, eta hauek ixterako, eraikinean egin beharreko obrak zirela-eta, hasi ziren beraiekin hizketan: «Tolosako Udaletik ahal bazen herriko jendea nahi zuten. Izaskunekin eta Joakinekin hitz egin genuen, esplikatu ziguten, animatu ere bai, eta udalarekin jarri ginen harremanetan eta obra bukatu eta gero hasi gara lanean». Hitzarmena urtebeterako dute oraingoz, eta beste hiru urterako luzatu daiteke.

Sukia Ataungoa da eta Beloki Anoetakoa, baina badute lotura Bedaiorekin. «Biok gizonak bertakoak ditugu eta beti ibili gara Abaetxen bueltaka. Azkenean animatu egin ginen hartzera, eta asteburuan baserrian egon beharrean, hementxe aritzen gara lanean», azaldu du Sukiak. Aurretik, Izaskunek eta Joakinek irekita zutenean, afaltzera edo bazkaltzera joaten ziren. Bezero izatetik, beraz, ardura izatera pasa dira.

Ostiral arratsaldetan irekitzen dute, eta asteburu osoan dute zabalik. «Gosariak, bazkariak eta afariak ematen ditugu. Plater konbinatuak daude, karta ere badago, eta talderen bat badator eta horrela nahi izanez gero, aurrez menua adostu daiteke», azaldu du Sukiak. «Irekita gaude aukera guztietara. Norbaitek zerbait berezia nahi badu, saiatzen gara ahalik eta ondoen egiten. Orain arte eskatu digutenetan oso ondo atera zaigu».

Lehen esperientzia ostalaritzan

Aurretik ez dira ostalaritzan lanean aritu, eta etxeko sukaldetik ikasitakoarekin ekin diote egitasmoari. «Zerotik hasi gara», diote biek. «Etxean aritzen gara, baina horrelako ostalaritza lan batean hasiberriak gara». Estuasun batzuk pasa dituztela dio Sukiak: «Aurretik deitu gabe jendea etorri, eta dena kolpean bete. Ibili gara batzuetan justu, baina Izaskunek ere esku bat bota digu, eta hori ere eskertzekoa da. Jendeak ere badaki, hau beteta ikusiz gero, ezin dela dena azkar eman».

Hori bai, aurretik zenbait prestaketa egitea beharrezkoa dela diote: «Hemen ezin zara ostiraletan etorri eta gauean aurrenekoak eskatzen dizuna segituan prestatzen hasi. Aurretik oinarri bat eginda izan behar da, gero azkeneko ukitua emateko. Bestela ezinezkoa da».

Abaetxen «etxeko jana» ematen dutela diote, «ez gara aritzen kutixitan, eta, beraz, horrek ere errazten du zerbitzatzerakoan». Halere, ahal den zerbitzu onena eman ahal izateko, aurretik deitu eta erreserba egitea eskertzen dute. «Hona gora, Bedaiora, propio dator, hau ez da pasoan gelditzen. Beraz, honaino igo eta guk esatea ez dagoela tokirik..., guri mina ematen digu jendea goitik behera bidaltzea».

Hilabete batzuez Abaetxe itxita egon da obra batzuk egin behar zirelako. «Udaletik azaldu digute etxearen oinarria finkatuta dagoela, eta, bestalde, barrutik ere berritze batzuk egin dituzte», azaldu du Belokik. Beheko solairuan egin dira berrikuntza horiek, eta goiko solairuan logela zerbitzua jartzeko asmoa ere azaldu zen. «Momentuz hori geldirik dago. Udala ari da aztertzen bideragarria den edo ez, beraz, ez dakigu egokituko duten ala ez», esan du Belokik. «Gure aldetik prest gaude, gelak egokitzen badira, zerbitzu hori emateko. Azkenean, hemen mendi bueltak-eta politak daude. Beraz, asteburu pasa etorri nahi baduzu mendian ibiltzeko, eta bertan jan eta lo egiteko aukera badago, erraztasun gehiago dituzu», gaineratu du Sukiak.

Bedaioko eragile nagusia Artubi Elkartea da, eta hainbat ekimen antolatzen ditu urtean zehar. Artubik sukaldea du eta elkarte gastronomiko bezala ere funtzionatzen du bazkideentzat. «Elkartean bertako bazkideak eta bere ingurukoak mugitzen dira. Baina zu kanpotik bazatoz Bedaiora, elkartea ez duzu irekita kafe bat hartzeko. Eta hau itxita egon den denboran, jendeak esaten zuen faltan botatzen zuela, pixka bat hila zegoela», azaldu dute. «Batak besteari ez dio oztoporik egiten».

Jendea zain zegoen Abaetxe berriro irekita ikusteko: «Telefonoa martxan egon da, eta askok galdetu dute noiz irekiko zen. Udaletxera ere deitzen aritu da». Egun, beraz, ez dago aitzakiarik Bedaioko paraje ederretara joan eta Abaetxeko zerbitzuaz gozatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!