"Partidei erritmoa jartzea da asmoa"

Asier Imaz 2015ko ira. 30a, 10:38

Tolosa Eskubaloiak larunbatean jokatuko du Usabalen denboraldiko lehen partida, Barakaldoren aurka, 18:00etan. Alex Nogues entrenatzaileak denboraldia nola ikusten duen azaldu du.

2013/14 denboraldia hasia zela etorri zen Alex Nogues (Errenteria, 1969) Tolosa Eskubaloira. Aurtengoa, beraz, bere bigarren denboraldi osoa izango da.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da Tolosakoa?
Oso ona. Iritsi ginenean hutsune batzuk zeuden, eta aldaketa batzuk egin genituen. Entrenamendu sistema aldatu genuen, teknikoki eta taktikoki lanketa zehatzak egin ditugu, baina horrez gain, Amiano presidenteak bazuen beste bigarren helburu bat: kluba estrukturatzearena. Harrobia sendotzen ere ari gara, oinarri gehiago izan dezagun. Entrenatzaileen formazioa bultzatzen dugu; eskubaloi eskola ere sortu dugu alebin eta benjaminekin; emakumeen eskubaloia ere bultzatzen ari gara, infantil eta kadeteekin...

Gustura nabari zaizu. Hori jokalariek ere nabarituko dute.
Gustura nago, bai. Hona iritsi nintzenean dena zalantza zen. Jokalariek nola hartuko ninduten; Errenteriatik hona joan etorriz nola moldatuko nintzen, eta abar. Zalantzak argituta gustura nabil. Entrenatzailea taldearen isla dela uste dut. Entrenatzailea haserre, etsita, edo negatibo baldin badago, taldea horrela ibiliko dela uste dut.

Denboraldi berriari begira, jokalari batzuk taldea utzi dute.
Ekaitz Mujikak iaz denboraldi erdia bakarrik egin zuen gurekin, lan kontuengatik. Aurten berdin jarraitzen du, eta ez da gurekin egongo. Asier Aranburuk ere taldea utzi du lan kontuengatik. David Rincon Bidasoa B-ra itzuli da. Iker Galartza eta Igor Egaña atezainek ere taldea utzi dute adin eta familia kontuengatik. Iker Galartzaren kasuan entrenatzera etortzen zaigu, eta kadete neskekin entrenatzaile bezala jarraitzen du klubean.  

Aurreko denboraldiko taldeak kalitate gehiago zuela dirudi.
Joan diren izenei begiratuta hori ematen du, kalitatea falta zaigula, baina ez nago erabat ados baieztapen horrekin. Gaztetasunarekin ordezkatu ditugu, eta taldea orekatuagoa dela uste dut; osoagoa. Jokalari gazteek iazko esperientzia dute, eta jauzi bat eman dute. Aurre denboraldian hori ikusi dela uste dut.

Talde sendoa, oreka, berdintasuna ondo dago, baina momentu jakinetan, erreferentziaren bat ere behar izaten da.
Erasoan paper hori Ioritz Goikoetxeari dagokio. Adinagatik eta jokatzeko moduagatik. Defentsan, lidergoa hori Aitor Iturraldek hartzen du, ezaugarri egokiak dituelako. Etxekoen artean, Estanis Arsuagak ere paper hori egiteko dohainak baditu. Taldea osotasunean orekatua eta sendoa da, baina horrek ez du esan nahi lider papera hartzeko inor ez daukagunik.

Nolako jokoa ikusi nahi diozu taldeari?
Fisikoki lan handia egin dugu, eta partidei erritmoa jartzea da gure helburua. Horrek lehen zatian akatsak ekarriko ditu, markagailuan aldea txikia izatea. Baina aldi berean, erritmo altu horrek bigarren zatian eragina izango du, eta aurkariek behera egingo dutelakoan gaude. Lehentasuna defentsa ona egitea da, eta ondoren, kontra erasoan ateratzea. Jokalari azkarrak ditugu, ongi jokatzen dutenak, eta aurrean erasoa antolatu behar denean, gola sartzeko aukerak postu guztietan sortu nahi ditugu. Ez dugu nahi lehen aipatzen genuen liderrak golen ardura guztia bere gain izatea. Liderrak jokoa banatzea nahi dugu, aukerak sortzea.

Denboraldia, behintzat, beldurra emateko moduan hasi duzue, Pulporen etxean, 18-37 irabaziz.
Jokalari garrantzitsu batzuk Pulpo taldetik joan egin dira, eta nahiko larri gelditu dira. Irabazi beharreko partida arriskutsu horietakoa zen lehen jardunaldikoa. Ez dut esango entrenamendu modukoa izan zenik, baina minutuak banatzeko erabili genuen, landutako hainbat gauza berri probatuz. Gure jokalariek partida serio hartu zuten, eta berean sartu eta aurrera egin zuten. Erritmo hori mantentzea izango da hemendik aurrerako gure erronka.

Zein izango dira zuen aurkari zuzenak denboraldi honetan?
Igoera faseko bi postuak lau talderen artean egongo direla uste dut: Eibar, Anaitasuna, Trapagaran eta gu. Gure arteko partidak erabakigarriak izango dira, denboraldi osoko erregulartasunarekin batera.

Non egongo da gakoa?
Etxeko partidetan. Iaz, lehen jardunaldietan bost puntu galdu genituen etxean. Eibarren aurka ere gol bakarragatik galdu genuen, eta hori ere kontuan hartzekoa da. Ez da bakarrik galtzen dituzun bi puntuak, gol kopurua ere kontuan hartu behar da. Kanpoan aurkari zuzenen aurka galtzen baduzu, gero etxean buelta emateko aukera izaten duzu. Baina Eibarren aurka etxean galdu genuenean, gauzak asko zaildu zitzaizkigun. Azken jardunaldia euren aurka genuen, eta etxean gol bakarraz irabazi izan bagenu, igoera fasea jokatzen ariko ginen azken jardunaldi horretan. Etxeko partidak oso garrantzitsuak dira.

Ibilbidea
• «Familian eskubaloian jokatzen zuenik bazen, eta ikustera joaten ginen. Fisikoa ere kirol horretarako nahiko aproposa nuen. Probatu egin nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Gero informazioa biltzen hasi nintzen, liburu, hitzaldi, ikastaro eta abarretatik. Gaur internet bidez errazagoa da, baina orduan Donostiako liburutegietara joaten ginen liburuak erostera».
• «Errenterian bi eskubaloi talde zeuden, eta ia eskola guztietan jokatzen zen kirola zen. Ni ere horrela hasi nintzen, haurtzaroan. Ondoren, Ereintzako jokalaria izan nintzen 25 urtera bitarte. Tartean, 18rekin, entrenatzaile bezala ere ibiltzen nintzen gaztetxoekin».
• «Ereintzatik Zarautzera joan nintzen, Zilarrezko Mailan entrenatzera. Bidasoa Irunekin Asobal Liga ezagutu nuen bigarren entrenatzaile moduan. Ondoren, berriro Ereintzara itzuli nintzen, eta duela bi denboraldi Tolosa Eskubaloira iritsi nintzen». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!