Gizartea ‘Beldur barik’ aldatuko duten horiek

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 29a, 18:55

Tolosako batxilergoko ikasleak generoa lantzen dihardute, Hezkidetza plana eta Beldur barik egitasmoa uztartuz

Aurreko belaunaldien moldeak eta mamuak atzean utzi, eta gaztetxoak beldurrei aurrez aurre begira jartzeko sortu zen, Beldur barik egitasmoa. Horrela, urteak daramatzate Euskal Autonomia Erkidegoko batxilergoko neska-mutilekin parekidetasuna jorratu, eta ikus-entzunezko lanen lehiaketa bat antolatzen. Baina Beldur barik pantailetatik harago doan inurrien lana da, egungo jendartea aldatzeko lan egiten duten horientzat.
Tolosako gazteak ere aldaketa horretako protagonistetako batzuk dira, duela hainbat urtez geroztik, udalak herriko ikastetxeekin elkarlanean osaturiko Hezkidetza planarekin uztartzen baitute EAEko proiektua. Josebe Iturrioz hasiera-hasieratik buru-belarri aritu izan da ekimenean, eta aurten Jokin Azpiazuren laguntza ere izango du, ikastetxez ikastetxeko saioetan: «Batetik, formakuntza saio bereziak prestatzen ditugu, eta indarkeria matxistaz, generoaz, desiraz nahiz sexuaz hausnartzen hasi gara, jada, beraiekin. Saio horiek amaitutakoan, berriz, Hi haiz, hi! jaialdia prestatzeko lanketa egingo dugu», dio.
Hezkuntza, iritzia, kultura eta aisia, beraz, generoaren betaurrekoetatik begiratzeko bultzada emango diete, Hirukide, Laskorain eta Orixe ikastetxeeko 10 ikasgeletako gaztetxoei. Aurten, gainera, saio kopurua izango da hezkidetzaren bidea elikatzeko proiektu honen berrikuntza: sei orduko formakuntza jasoko dute ikasleek.
Baina, nola landu generoa eta haren inguruko gaiak nerabezaroko azken txanpan diren gazteekin? Metodologia ondo zehaztu eta xehatzen dute hezitzaileek: «Gela bakoitzean sei orduko formakuntza izango da, baina, sei ordu horiek oso modu bereziak banatzen ditugu. Batetik, sarrera moduko bat egiten diegu, bi orduz, eta, ondoren, taldeak zatitu egiten ditugu».
Zatiketa eztabaida aberasteko bidea da Josebe Iturriozek dioenez, izan ere, neskek eta mutilek talde bereizietan hausnartzen dute parekidetasunaz; emakumeekin aritzen da bera, eta gizonezkoekin, berriz, Jokin Azpiazu elkartzen da. «Ez dakit posible izango den, baina, gure helburua bi taldeak azken momentuan elkartzea da, saio bateratu bat egiteko, eta neskek zein mutilek beren esperientziak partekatzeko .

Nortasuna eta kritika piztu

Eguneroko albistegi, iragarki eta errealitateek oihuka diote: oraindik asko dago egiteko. Hori egia izanik ere, aurreko hamarkadetatik hona nabarmen aldatu da feminismoaren irakurketa, eta baita hori herritarren bizitzetan txertatzeko modua ere.
Berdintasun gaietara emakumeak gizonezkoak baino gehiago hurbiltzea ohikoagoa da oraindik, eta feminismoa mutilekin lantzea berritzailetzat du gizarteak. Baina Tolosako ehunka gaztetxo horretan ari dira asteotan, eta norbere ‘Ni’a garatzeko ezinbestekotzat du hori, Iturriozek: «Adin horretako gazteentzat egiturazko gaiak dira landuko ditugunak: ‘Nor naiz ni? Zer egin nahi dut nire bizitzarekin?’. Eta berdin, maitasunarekin edo sexuarekin ere, ezinbesteko gaiak dira».
Bide horretan, nahiz eta nesken kezkak eta mutilenak desberdinak izan, bidean bat egiten dutela dio Josebe Iturrioz arduradunak: «Badirudi jendea oraindik ez dela jabetu, baina, gure munduan emakume izatea oso gogorra da; hori da nesken kezka nagusia. 16 urte ingururekin hasten dira hori ikusten, eta hainbat arazo sortzen zaizkie».
Mutilek, berriz, «jauzi desberdin bat» ematen dute formakuntza saio horietan: «Munduak botere-gune batean kokatzen dituela konturatzen dira, baina hori ez da erosoa edo koherentea. Zalantzak sortzeko modukoa da, eta hori izaten da mutilen kezka».
Taldeak bereizita, beraz, neskei beren bizipenak kontatzeko gunea eskaintzea da hezitzaileen asmoa eta, bide beretik, mutilei ere askatasun hori ematea: «Baina mutilen kasuan desjabetze bat ere bilatzen dugu, edo boterearekiko irakurketa kritiko bat. Azken finean, gizarteak pribilegio asko eskaintzen dizkie, eta hori kritikoki irakurri behar dute».

Belaunaldi berriak, gero eta moreago

Esan gabe doa, Josebe Iturriozentzat «oso garrantzitsua» dela sentsibilizazio eta formakuntza lan horiek sustatzea: «Nire ustez emaitzak loratzen ari dira jada, Tolosan Hezkidetza planarekin hasi zirenez geroztik, ikasgeletan nabaritu baitut garapen bat. Gazteak gero eta jantziago daude genero gaietan, eta aldaketak gauzatzen ari dira, pixkana».
Euskal Herriko mugimendu feminista horren errudun nagusietako bat dela dio Josebe Iturriozek, zalantzarik gabe: «Mugimendu feminista oso indartsu dabil, eta sortu dituen guneek bereziki sustatzen dute gaia».
Baina gizartearen gogo eta nahiek erakundeen babesa izatea ere gakotzat jo du adituak: «1990eko hamarkadan oso egoera latzean geunden, eta azken hamabost urteotan suspertze indartsu bat gertatu da, bereziki, Tolosan eta beste zenbait herritan. 2007 inguruaz geroztik Berdintasun sail indartsu batekin lanean ari dira, eta urte asko dira».
Iturriozek bereziki azpimarratu du, beraz, «ikastetxeetako gabezia hori betetzeko esfortzu berezi hori»: «Izan ere, jaurlaritzaren eskumena da berdintasuna lantzea, baina udalek, berez, ez dute horra begirako hezkuntza jorratzeko agindurik. Horretan lan egiten duten herrietan, udalak hala erabaki duelako izaten da eta, noski, aurrekontua ere bideratu behar izaten da helburu horietara».
Gizartea aldatu eta parekide bilakatzeko helburu horretan, beraz, formakuntza saioez harago ere joango dira batxilergoko gazteak, aurreko urteetako kideen antzera. Ikasbidaia finantziatzeko Hi haiz, hi! jaialdia antolatuko dute udaberrian, teknikarien laguntzaz, saioetan jorratutakoa kontuan izanda, beren ideiak partekatuz eta lan-dinamiketan trebatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!