Asier Martin: "Erronka, kiroldegiaren balorea mantentzea da"

Asier Imaz 2015ko ira. 26a, 14:02

Usabal kiroldegiaren 10. urteurrena ospatzen ari dira, gaur. Arratsaldean, bazkalostean, haurrentzako hainbat joko egongo dira. Bi bizikleta ere zozketatuko dituzte bazkide eta festan parte hartzen dabiltzanen artean.

Zunba eta Cycling Maratoiarekin hasi da Usabalgo Kiroldegiaren urteurreneko festa. Familia giroan ibiltzeko ere hainbat ekimen antolatu dituzte. Asier Martin kiroldegiko arduraduna da.

Egun berezia ari zarete ospatzen gaurkoan.
Usabalek dagoeneko 10 urte bete ditu, eta bazkide guztiekin ospatu nahi izan dugu, festa txiki bat eginaz.

Festa goiko kantxan, behekoan, eta baita familia giroan ospatzeko aukera ere.
Zunbako Maratoia dago goran, beheran Ciclyn-arena. Horrez gain familia kutsua ere eman nahi genion egunari, eta ginkana moduko zirkuitu bat jarri dugu, instalazioetan zehar ibiltzeko.

Kiroldegia ezagutzeko?
Normalean hemen ibiltzen direnak oso erabiltzaile finak dira, eta ondo ezagutzen dute instalazioa. Ginkanarekin asmoa hori da, instalazioko puntu desberdinetan mugimendua sortzea. 

Arratsaldean, bazkaria, jolasak, zozketa...
Haurrentzat begiratuta dago arratsaldea. Puzgarriak, tailerrak, aurpegi margotzeak... egongo dira.

Zein da 10 urte hauen balantzea?
Usabalek arrakasta itzela izan duela esan behar dugu, hasieratik baikorrak ginen, eta hilabete gutxitan 3.000-4.000 bazkide izatera iritsi ginen. Egun ia 10.000 gara. Baina ez bazkidetza bakarrik, erabiltzaile kopurua egunerokotasunean ere oso altua da. Gipuzkoa mailan, kalitatetik eta mugimendutik begiratuta, Usabal punta-puntakoa dela esango nuke.

Gainera, erabiltzaileak ez dira Tolosakoak bakarrik, eskualdekoak ere badira, baita Gipuzkoakoak ere.
Tolosarrez gain, Tolosaldeko herri gehienetako bazkideak ditugu. Hemen, Tolosaldean, lan egin eta bazkide diren gipuzkoarrak ere baditugu.

Txiki geratu da.
Egia esan zenbait puntu beteta egoten dira, baina instalazioa tamainaz ederra da. Nahiz eta bazkide kopuru handia izan, egun Berazubirekin daukagun eskaintzarekin batuketa eginda, Tolosan kirol zerbitzua punta-puntakoa dela esan daiteke. Erronka hemendik aurrera daukagu, balore hori mantentzearena. Instalazioak ahalik eta denbora luzeenean ondo egoten saiatzea, eta geldirik egon gabe, izan ere, geldirik egotea atzera egitea da. Gauza txikiak badira ere gehitzen joan behar dugu, zerbitzuari modernitate pixka bat erantsiz, atzera geratu gabe. Hori da asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!