Aldaketarako pauso txikiak

Mikel Iraola 2015ko ira. 25a, 10:43

Mikel Gurrutxaga eta Josu Gomez tolosarrak Etiopiako txirrindulari talde bati formakuntza saioak ematen aritu dira hiru hilabetez. Esperientziaz jardun dute.

Iaz hasi zen guztia, beroaldi batean. Etiopiako txirrindularitzaren berri izan eta materiala eramateko asmoz, bidaia bat egin zuten Aitor Aierza Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak eta Mikel Gurrutxagak. Hamabi egunez izan ziren han, eta itzuleran, txirrindulari etiopiarrei laguntzeko "motibazio gehiago" izan zuen Gurrutxagak. Zera otu zitzaion: Euskal Herrira ekartzea, gehiago ikas zezaten.

Pentsatu eta egin. Hilabete batzuk geroago, ekainean, eta hainbat enpresa pribaturen laguntzarekin, bost txirrindularik eta entrenatzaile batek Idiazabalen hartu zuten ostatu, hiru hilabetez. Gurrutxagarekin batera, Josu Gomez aritu da haiekin lanean.

Beste mundu bat topatu dute Euskal Herrian Haile Melekot, Temesgen Mebrahtu, Kibrom Hailay, Getachw Yowhanis, Goytom Mebrahtu eta Nuguse Gebreyohansbostek. Horregatik, lan zaila izan da Gomez eta Gurrutxagarentzat, txirrindularitzaz gain, eguneroko bizitzako beste hainbat gauza ere irakatsi behar izan baitizkiete; elikadura egokia izaten eta sukaldean, esaterako. Informatika eta gaztelera ikastaroak ere jaso dituzte Ner Groupeko beste boluntario batzuen eskutik.

"Hutsetik hastea bezala izan zen. Ia 24 orduko arreta behar zuten. Alor humanitariotik hasi, eta kirol esparrura arte etengabe erakusten aritu ginen", dio Gomezek. Gurrutxagarentzat "pertsonalki oso gogorra" izan da esperientzia: "Buruarekin baino gehiago, bihotzarekin jardun dugu, pazientzia askorekin".

Lan hori errazteko muga kultural eta komunikatiboak puskatzea beharrezkoa izan dela dio Gurrutxagak: "Beraien kultura oso ezberdina da, eta zaila. Guri normalak zaizkigun egoera asko arrotzak zaizkie, eta hori ulertu behar da.

"Horrez gain, isilkorrak dira, arazoak dituztenean ez dute ezer esaten". Horrek lana zaildu izan die batzuetan. Esaterako, zerealei intolerantzia zien txirrindulari batek, eta ez zien aipatu ere egin tripako minez zela. Mediku frogak egin ostean jakin zuten. Elikadura aldatu eta denbora gutxira txirrindulari hori berriro lehengo modura hasi zen jaten, berriro ere arazoak iritsi ziren arte. Lasterketetan jatea eta edatea ere ahazten zuten.

"Denbora asko eskaintzen genien, eta batzuetan egindako lana ez zen eskertua izaten. Ez nahi ez zutelako, beraiek lan hori ulertzen ez zutelako baizik. Horregatik jokatu behar genuen pazientziaz", dio Gurrutxagak.

Bizikletarekiko kultura

Etiopiarrek oso bestelako txirrindularitza deskubritu dute Euskal Herrian, eta horretara ere egokitu egin behar izan dute. Izan ere, Gurrutxagaren ustez, "duela 60 urte hemen zegoen txirrindularitza" dute Etiopian gaur egun: "Bizikleta eta jantzi oso zaharrak, errepideak ez daude prest... Ez daukate guk daukagun kultura hori bizikletarekiko".

Txirrindularitzaren egitura ere bestelakoa da. Kirola ez da herrialde osoan praktikatzen, inguru konkretu batean soilik, eta sei talde daude han. Klub horietako txirrindulariak profesionalak dira, eta etxe berean bizi dira denak. Bakoitzak 50 euro irabazten ditu hilabetean. "Hori Etiopiarako oso ondo dago. Pentsa, hortik bizi dira!".

Ezberdintasun hori errepidean ere topatu dute. Tropelak 30 txirrindulariz osaturik daude Etiopian, eta hemen izan diren lasterketetan —Torneo Euskalduneko egutegia jarraitu dute— 150ekoen barruan izan dira. "Taktikoki tropelean beren posizioa bilatzen irakatsi behar izan diegu".

Baina aldaketak aldaketa, oztopo guztiak gainditu eta maila "oso txukuna" eman dutela ondorioztatu dute: "Egin duten progresioa sekulakoa da. 200.000 euroko aurrekontua duten taldeen aurka aritu dira, eta hasieran galduta egon arren, azken lasterketetan lehen txirrindulariekin izan dira lehian. Lorpen handia dela uste dut".

Ikasitakoa, praktikan

Penaren penaz, irailaren erdialdean itzuli zen seikotea etxera, Etiopiara. "Harrituta joan dira, ikusi baitute txirrindularitza ez dela bizikleta gainean igo, pedalei eman eta aurrera egitea bakarrik. Asko ikasi dute, eta ikasitakoa han praktikan jarriko dute orain", dio Gomezek. Euskal Herriaz ere, "hitz onak" besterik ez dute.

Etiopiarrak ez dira ikasi duten bakarrak izan; Gomez eta Gurrutxaga ere "liluratuta" daude esperientziarekin: "Beraiengandik asko ikasi dugu. Pertsona moduan asko transmititu digute: ikasteko eta hobetzeko gogoa, bizitza ulertzeko modua... Asko daukagu ikasteko guk ere beraiengandik".

Eta aurrerantzean zer? Tolosarrek jarraitzeko borondatea dute, baina oraingoan bihotza baino "buru gehiago" erabili beharko dutela diote: "Babes gehiago beharko dugu. Talde tekniko bat osatu nahiko genuke, profesionalizatuagoa. 10-12 urteko haurrentzat txirrindulari eskola bat ere sortu nahi dugu. Gogoa badago". Horretarako Etiopiakoen "borondatea" ere behar dela aitortu du Gurrutxagak: "Etiopiako federazioak eta entrenatzaileek interes gutxi dute. 250-300 euro irabazten dituzte, eta oso ondo bizi dira, erosokerian". Ustelkeria ere aipatu du Gomezek: "Buruek ez dute txirrindulariek hobetzerik nahi, asko ikasiko balute beraiei postua kentzeko arriskua ikusten baitute". Horregatik, hobetzeko aukera bakarra "handik ateratzea da".

Egoera horrek pena sorrarazten dio Gomezi: "Proba fisikoak egin eta beren balio fisiologikoak aztertuta, profesional izateko balioak dituzte. Baina diren lekukoak direlako, ez dira". Gaitasuna dute, jarraikortasuna behar dute orain. Gurrutxagak eta Gomezek esperantza badute: "Ez dugu Etiopiako errealitatea aldatuko, baina ahal dugunean lagunduko dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!