Juneren hegoak elkarteak igandean ospatuko den Bizipoza jaian parte hartuko du; elkarteak behar ezberdinak dituzten familiei laguntzen die

Igandean, Tolosan Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak Bizipoza jaia ospatuko du; elkarte hori hogei elkartetik gora barnebiltzen dituen elkartea da, eta horietako bat da  jaialdian parte hartuko duen Junere Hegoak elkartea ere. Elkarte honek lan asko burutzen ditu, baina helburuen artean ditu irriak eta bizipoza sortzea ere.  

Yolanda Martin elkarteko kidea da 2013an sortu zenetik: «June gure lagunen alaba zen, minbizia zuen eta gaixotasunaren ondorioz hil egin zen. Gurasoak ospitalean egon zirenean behar asko zeudela ikusi zuten, eta June hil eta hilabete gutxira gaixo dauden familiei laguntzeko helburuarekin elkartea sortu zen». Laguntza, ordea, ez da ekonomikoa bakarrik, beste hainbat funtzio ere betetzen baitituzte: «aholkularitza, familiarekin egotea, kontsultetara laguntzea, ospitalean txandak egitea...».

Une honetan bost batzarkide ditu elkarteak, nahiz eta boluntario sarea «askoz zabalagoa» den; hogeita bost pertsonakoa, hain zuzen ere. Boluntarioen perfila zabala da, eta bertan biltzen dira «laguntzeko prest» daudelako, beraien familian horrelako kasuak izan ez arren.  

Boluntario lana ezinbestekoa

Elkarte arlo ezberdinetan banatuta dute: «badugu komunikazio arloa, produktu solidarioak, lokala, jarduerak...». Eta horien artean banatzen dituzte zereginak. Horrez gain, sare arloa ere badute, eta arlo honen lana da gainerako elkarteekin «biltzea», «jarduerak aurrera eramateko» edota kasuak «partekatzeko». Eta azkenik, boluntario arloa, Martinentzat «oso garrantzitsua» dena. Bertan parte hartzeko elkartetik «elkarrizketa» bat egiten dute eta horren ondorioz ikusten dute non kokatu daitekeen pertsona hori, «zer behar asetzen» eta zer taldetan lagundu dezaken.

Komunikazio lana ere ezinbestekoa da eurentzat «sentsibilizazioa» lortzeko, edo Irabazi Asmorik Gabeko elkarte bezala baita laguntza ekonomikoa lortzeko ere. Horrez gain, beste norabidean elkartea ezagutzera emanez gero, beharrak dituzte familiek eta askotan «nora jo ez dakitenek» Juneren Hegoak elkartera jotzea errazagoa izango da.

Esan bezala, elkarteak familiak laguntzea du helburu eta eurekin kontaktuan jarri nahi izanez gero, junerenhegoak.org web orrian dauden telefono zenbaki ezberdinetara deitu daiteke, facebooken duten orrira jo daiteke, edota azkenik,  Errenteriako Martin Etxeberria kalean duten egoitzan ere topa daitezke. Behin eurekin harremanetan jarrita, edota beharrak identifikatuta, diziplina ezberdinetako pertsonek (psikologoak, gizarte hezitzaileak, gizarte langileak...) osatzen duten lantaldea jartzen da «martxan».
Beharrak ezberdinak direnez, elkartearen zereginak ere ugariak izaten dira: «kanpainak sortzen ditugu dirua lortzeko, gure boluntario sarea martxan jartzen dugu txandak egiteko edo medikura joateko...». Batzuetan, ordea, erantzuna «oso zaila» eta «zabala» da eta beste elkarte batzuekin edo gizarte zerbitzuekin ere harremanetan jarri behar izaten dute.

Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik, Bizipoza bezalako jai batean parte hartzea oso garrantzitsua da elkartearentzat: «Gure lana zabaltzeko aukera ona da, eta beste elkarteekin harremanetan egotea beharrezkoa da guretzat. Izan ere, bakarrik ez da ezer egiten. Denok behar dugu denon indarra eta parte hartzea». Horrez gain, Tolosaldean jada «zerbait» egina badute ere, hemen euren harreman sarea zabaltzeko eta beste elkarteekin harremanetan jartzeko ere baliagarria izango delakoan dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!