'Sormenetik', azoka baserritar munduaz haragoko zerbait delako

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 24a, 11:26

Kultura, nekazariza eta musika uztartuko dituzte larunbat honetan Zerkausi azpiko gunean, kulturaz hausnartzeko.

Gernikakoa da euskaldunen memorian iltzatuen geratu den azoka; euskal herri eta auzo guztiek dute, ordea, azoka bana. Fermin Muguruzak ere abestu zien behin batez eta, ez da gutxiagorako: azoka erreferentziazko gunea da herritarrentzat. Tolosan, Zerkausiak hartzen du azokaren pisu eta goxo hori, eta herritarren bilgune garrantzitsua izaki, harreman-sareak sortzeko estalpe ere bada, gaur egun, oraindik. Bide beretik, euskararentzat indargune nagusienetako bat da Tolosan.

Dohain horiek guztiak elkartu, eta azokak baserritar munduaz harago, tradizioa eta kultura ere biltzen dituela ikusirik, Sormenetik egitasmoa errepikatuko dute, larunbatean, Zerkausi azpiko gunean. Lehenengoa martxoaren 21ean izan zen, eta bigarren hau, aurrekoa bezalaxe, jende eta eragile askoren artean prestaturiko hitzordua izango dela azaldu dute antolatzaileek: «Euskal Herrian eta nazioartean, azokak harremantzeko gune bereziak dira, eta guk gure aletxoa jarri nahi izan dugu, azoka garai berrietara egokitzeko bide horretan», diote.

Horrela, bada, kulturaren inguruan hausnartzeko aukera izango da larunbatean, 'kultura' hitzaren zentzurik zabalenean. 11:30ean hasita, hiru esparru nagusitara iritsiko dira. Batetik, Jakoba Errekondo bertaratuko da Zerkausira, eta azokako bi ekoizlerekin solasaldian ariko da. Bere azken liburua jada aurkeztu zuen Tolosan, baina, larunbatean, baratzeak duen transmisioaz ariko dira, euskarari berari ere keinu eginez: «Errekondoren liburuak oso hizkuntza aberatsa du», azaldu dute antolatzaileek.

Hitzordu intimo eta goxoa izateko helburuz ari dira lanean eta, Zerkausia ez dute «zirku bilakatu nahi». Horrela, beraz, Jone Gorostarzuren poesia errezitaldiak jarraituko dio nekazarien inguruko solasaldiari. «Gure nahia parte hartzaileak beren artean ezagutzea ere bada, eta batzuek besteek egiten dutena ezagutzea, izan ere, kultur eragile askoren aldetik jaso dugu iritzi edo nahi hori: saretzea beharrezkoa zaiela».

Azkenik, musikak biribilduko du bigarren Sormenetik, Xabier Solanoren eskutik. Aiora Zulaikak, Joxi Ubedak eta Jone Gorostarzuk elkarrizketatuko dute musikaria, norbere bizipenetatik sortutako galderak eginez eta hausnarketara bultzatuz. Ondoren, akustikoan ere ariko da, trikitiarekin nahiz gitarrarekin.

Adierazpen eta tradizio desberdinen nahasketa horretan, gaztetxoen esperientzia tailerra ere Zerkausi azpira pasatuko dute eta, bide beretik, Lurretik sukaldera postuan, Asteasuko Patxine jatetxeko Joseba Aranburu sukaldariak prestatutako jakiak ere behean dastatu ahal izango dira, Peñascal fundazioko ikasleek zerbitzatuko baitituzte.

Antolatzaileek ez dute maiztasunik zehaztu nahi proiekturako, eta larunbatekoaren ondoren, balorazioen garaia ere iritsiko da. Dena den, argi dute jendeak «kezka baduela» azoken etorkizunaren inguruan. Gainera, belaunaldi berriak ere iristen ari dira baserritarren bizitzara, eta pixkana izan arren, lekuko aldaketa bat izango dela diote: «Ohiturak aldatu diren bezala, azokak ere aldatu eta moldatu egin dira, eta bide horretatik goaz gu, azokak dinamizatu nahian, eta buelta bat eman nahian».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!