Mecano "omentzeko" sortutako ikuskizuna Leidor Aretoan

Bihar 19:00etan eta 22:00etan emanaldiak eskainiko dituzte, eta sarrerak Kutxabanken edo leihatilan bertan eros daitezke; horrez gain Atariak bere harpidedunen artean sarrera bikoitzak zozketatuko ditu

2011n Tolosan izan ziren La Fuerza del Destino ikuskizuna eskaintzen, baina lau urte beranduago itzultzea erabaki dute. Ikuskizuna «itxuraldatua» datorrela dio Mapi Molinak, ekoizpen etxeko arduradunak eta abeslariak; abeslari eta antzezle gehiagorekin. Bi emanaldi eskainiko dituzte Leidor Aretoan, bihar. Lehena 19:00etan eta bigarrena 22:00etan. Sarrerak eskuragai daude oraindik, 25 euroan, Kutxabanken edo baita leihatilan bertan ere.

Ikuskizun honetan parte hartzen duten artistak, lehenago Nacho Cano abeslariaren musikaletan parte hartutakoak dira. Bertan «zuzeneko musika, abeslariak eta aktoreak» auri daitezke, eta «musikalaren eta kontzertuaren artean dagoen zerbait» dela dio Molinak. Azken finean, Mecanoren musikari «errepasoa» egiten dio; batez ere «arrakasta handiak» izandakoak gogoratuz. Ez dute istorio bat kontatzen, errepaso hori eginez, «abesti horien istorioak»  kontatzen dituzte.

Nacho Canoren «babes osoa»

Ikuskizun hau sortzeko ideia, hain zuzen ere, Nacho Canorekin egindako musikal baten amaieran sortu zitzaien. Hasiera batean «hirukote bat» osatu zuten eta abestiak errepasatuz kontzertu bat eskaini zuten Madrilen, baina «arrakasta handia» izan zuen kontzertu hark eta «pixkanaka proiektua handitzen» joan zen.

Gauzak horrela, «formatu txikiago» bateko proiektua jarri zuten martxan, kontzertu antzekoa zena, eta hura izan zen Tolosan eskaini zutena, baina orain ikuskizuna «askoz osatuagoa» da. Egun 18 pertsonek parte hartzen dute ikuskizunean.

Ikuskizunak urte hauetan eboluzio bat jaso du, eta bitarte horretan esperientzia hartzen joan dira: «Ehundik gora  agertokitara igo gara, Espainiako hiri eta antzoki nagusietatik igaro gara, kanpoan egin ditugu ikuskizunak baita leku txikiagoetatik ere».

Leku guzti horietan Molinak ikusi du denei «izugarri gustatzen zaiela» Mecanoren musika. Horri lotuta, Molinak garrantzi berezia ematen dio hasieratik Nacho Canoren «babesa» jaso izanari. Bere «babesa» jaso dute, eta kontzertuetan eurekin parte hartu izan du.

Eguneratutako bertsioak

Ikuskizunak Mecanoren abestiak biltzen baditu ere, «eraberrituak» daudela dio Molinak, soinu aldetik «eguneratuak»: «Batzuek pop estiloa dute, besteak rock bertsioan,flamenkoan, edo baita jazzean ere...».
Soinua aldatu arren, abestiak ikusleek ezagutzen dituztenak dira, eta horregatik Molinak dio ikusleei beti gomendatzen dietela ikuskizunean «abestea eta dantza egitea». Eta horrela, artisten eta ikusleen artean «konexio berezi bat» sortzen dela gaineratzen du.

Agian horregatik, orain arte ikusleen artean harrera «ezin hobea» izan dute; gainera «adin ezberdinetako publiko guztiak» atsegin duela dio Molinak.

Horregatik guztiagatik, aurrera begira ez dute ikuskizuna amaitzeko datarik; datak lotzen jarraitzen dute eta zenbait lekutan «errepikatuz», gainera. Nahiz eta ikuskizuna «beti eboluzionatzen» ari den, eta aldiko ikuskizun berri batekin  topatzen den ikuslea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!