Tolosa CF-eko neskek gogotsu heldu nahi diote denboraldi berriari

Asier Imaz 2015ko ira. 24a, 10:00

Larunbatean hasiko dute denboraldia Tolosa CF-eko neskek, erregional mailan. Lehen partida Ordiziaren aurka jokatuko dute, larunbatean, 15:30ean Usabalen.

Iaz, Euskal Ligan jokatu zuten, baina maila galdu zuten. Hala eta guztiz ere, ilusioarekin eta gogotsu daude. 2015/16 denboraldia berrikuntzekin dator. Alde batetik, sei jokalarik taldea utzi dute, eta bestetik, entrenatzaile berriak izango dituzte: Imanol eta Marcelino Cabero aita-semeak.


Marcelino Caberok zortzi urte daramatza Tolosan, neskak entrenatzen. Behe behetik hasi eta maila guztiak ezagutu ditu, eta aurten, talde nagusiarekin aritzea tokatu zaio: «Oso gustura nago, eta esan dezaket, beti neskak entrenatzen jarraituko dudala. Entrenatzaileoi, futbola ikusten dugun bezala erakustea gusatzen zaigu, eta horretan, neskekin lan egiteak gehiago betetzen nau. Gauzak azkarrago ulertu eta hartzen dituzte; atentzio gehiago jartzen dute; irekiagoak dira...desberdina da mutilekin lan egitea edo neskekin aritzea». Eta Cabero aitari, hori gustatzen zaio.


Taldean sei aurpegi berri egongo dira. Jubeniletatik igotako jokalariak izango dira, eta taldea utzi duten sei jokalari ordezkatuko dituzte. Hiru hutsune nagusiak Nerea Murua, Mar Luzuriaga eta Maddi Garikanorenak izango dira. Lehen biek Oiartzunekin lehen mailan jokatuko dute, eta Garikanok Euskal Ligan jarraituko du Gasteizko Neskekin. «Jokalari garrantzitsuak joan dira, baina behetik igo direnek ere kalitate handikoak dira. Ondorioz, talde ona osatu dugu. Gustura gaude taldearekin», dio entrenatzaileak. Iaz, taldeak atzean zulo ugari zituela erakutsi zuen. Aurten, hori kontuan izan dute, eta behetik igo diren hiru jokalari atzelariak dira.


Helburuei dagokoienez, Marcelino Caberok ez du alferrikako presiorik nahi: «Lehen helburua taldekide guztiak elkarrekin ondo ematea da; futbola egin nahi dugu, eta gustura jokatu. Hori lortzen baldin badugu, emaitzak etorriko dira. Maila hau oso gogorra da, agian Euskal Liga baino gogorragoa. Adin desberdinetako jokalariak aritzen dira, eta borrokatua izango da».


Nahi duten hori lortzeko, norabidea entrenamenduak izango dira. Marcelino Caberok argi baitu bere futbol filosofia: «Gozatzea nahi dut, baina beti, entrenamenduetan landu eta ikasi duguna errespetatuz. Entrenamenduetan egiten dena egiten da partidetan».


Talde barruan giro ona egotea oso garrantzitsua dela aipatzen du behin eta berriz Marcelino Caberok. Horrek, taldeari onura ugari ekartzen dizkiola dio entrenatzaileak, ez bakarrik jokoari edo emaitzei begira, baita zaletuei begira ere. Caberoren ustez, nesken futbola ikustera gero eta jende gehiago gerturatzen da, eta harrobiko taldeetan joera hori nabarmena da. Lehen taldearekin gauza bera geratzea nahi du, eta horretan lan egiteko prest dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!