Udan zehar Europan barrena kontzertuak jotzen ibili da Igor Arostegi (Tolosa, 1990) Gustav Mahler Gazte Orkestra (GMJO) famatuarekin. Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan egin dugu hitzordua berarekin.
Bira luze baten ondoren ere, ez ditu albo batera utzi perkusio tresnak eta bere entsegua etenda, tarte bat egin digu elkarrizketarako: «Egunero entseatu beharra dago, kirola bezalakoxea da hau».
Historia duen orkestra da Gustav Mahler Gazte Orkestra ezta?
Austrian du egoitza orkestrak. Hala ere, Claudio Abbado zuzendari italiarrak sortu zuen 1986. urtean. Prestigio handiko zuzendaria da Abbado eta bere asmoa zen goi mailako gazte orkestra bat sortzea. Erakundeen laguntzarekin, aurrera atera zuen proiektua eta ordutik hona, sona handia lortu du taldeak.
Gaur egun, hiruzpalau asteko bi edo hiru bira egiten ditu orkestra honek urtean zehar. Bira bakoitzeko, Europa guztian zehar jotzen hasi aurretik, topaketa bat antolatzen da entseguak egiteko. Hasieran, irakasle batzuen laguntzaz egiten dira entseguak. Ondoren, zuzendari laguntzailearekin eta azkenik, zuzendaria iristen da.
Oraingoan, non eskaini dituzue kontzertuak?
Bolzanon elkartu gara entseguak egiteko, Italiako iparraldean. Ondoren Austrian, Italian, Alemanian, Suitzan eta Herberehetan jo ditugu kontzertuak. Asko bidaiatu behar izan dugu.
Nola sortzen da maila horretako orkestra batean jotzen hasteko aukera?
Proben bidez izan ohi da. Hala ere, edozein orkestratako hautaprobetara aurkeztu aurretik hautaketa egoten da, curriculumaren araberakoa. Beraz, proba egiteko aukera izatea ere zaila izaten da eta ez dute hain erraz uzten azterketa horietara aurkezten. Orkestra honekin jo izanak, adibidez, balio handia du curriculumerako eta beste orkestretako probetara aurkezten naizenerako.
Lehen aldia da Gustav Mahler Gazte Orkestraren probetara aurkezten zarela?
Bai. Egia esan, noizbait saiatu nahi nuen eta proba egiteko aukera Zurichen, Berlinen, Amsterdamen eta Vienan soilik zegoen. Berlinen egin nuen proba azaroan, ondoen zetorkidan data zelako eta urtarrilean esan zidaten aukeratua izan nintzela. Aste Santuan beste bira bat egin zuen orkestrak, baina ezin izan nintzen joan Euskadiko Orkestrarekin jotzen nengoelako.
Nola izan zenuen proben berri?
Orkestren mundu hau nolakoa den denborarekin ikasten duzu. Hamazazpi urterekin hasi nintzenean ezer gutxi nekien gaiaz. Irakasle eta lagunei esker, urteen poderioz joan naiz orkestrak eta beren funtzionamendua ezagutzen.
Zenbat perkusio jotzaile zeundeten orkestran?
Hiru perkusio jotzaile egon gara uda honetako biran. Obra batean perkusio jotzaile bakarraren beharra zegoen; beste batean bik, soilik, jotzen genuen; baina errepertorioaren arabera, gehienez hiru behar ziren bira guztiko kontzertuetan aritu ahal izateko..
Han esandakoaren arabera, hautaprobetara aurkezteko asmoarekin 500 perkusio jotzaile inguru omen geunden. Ordea, gutxiagok egin ahal izan genuen azterketa.
Nongo musikariak zeundeten?
Europa guztiko 100 musikari elkartu gara bira honetan. Europan ikasten duten mundu osoko musikariak aukeratzen dituzte, hala ere. Gainera, oso ohikoa ez bada ere, bi euskal herritar egon gara bertan.
Zein hizkuntzatan hitz egiten duzue denon artean?
Ingelesa da hizkuntza estandarra, nahiz eta ni ez naizen oso trebea ingelesarekin. Hala ere, oso teknikoak dira gauzak entseguetan eta azken finean, musikaz ari gara hizketan. Horrenbeste urteren ondoren, hala nola, elkar ulertzen dugu. Keinuekin eta hitz solteekin ere saiatzen gara ulertarazten.
Zein da GMJOren zuzendaria?
Orkestra honek ez du zuzendari finkorik. Bira bakoitzean zuzendari gonbidatu batek zuzentzen du Gustav Mahler Gazte Orkestra. Oraingo honetan, Herbert Blomstedt suediarraren zuzendaritzapean jo dugu. Egia esan, zur eta lur utzi nau gizonak. 88 urterekin buruz zuzentzen zuen orkestra ordu eta erdiko sinfonian. Musikariok baino energia gehiago du, ikaragarria izan da. Izen handiko zuzendaria da eta punta-puntako orkestra guztiak zuzendu ditu. Nabaritzen da esperientzia hori, ez baitzen behin ere nahastu eta ez baitzuen akats txikienik ere egin.
Euskadiko Orkestrarekin ere jo izan duzu.
Bai, perkusio jotzaile gehiago behar izan dituztenetan jo izan dut. Interpretatu beharreko obraren arabera, perkusio jotzaile gehiago behar izaten dira eta Euskadiko Orkestrak lau perkusio-jole ditu momentu honetan. Jo behar duten programak horrela eskatzen duenean deitu izan didate beraiekin jotzeko. Horretarako ere froga batzuk gainditu behar izan nituen 2012an.
Orkestren munduan etengabe azterketak egiten ari zarete orduan.
Bai, hala da. Ikasten jarraitzea garrantzitsua da, forman mantentzeko. Nik beti alderatzen dut musikaria kirolariarekin. Praktikatzez uzten baduzu, gainbehera berehala nabaritzen da. Mantendu eta hobetu egin behar da ahal bada, froga deialdi bat dagoenerako prest egon behar baitugu beti.
Azken finean, txikitatik erakusten digute lehiaketa modukoa dela musikarien mundu hau, frogak gainditzen ari baikara etengabe: erdi maila ikasten hasteko, proba bat gainditu behar duzu; goi maila edo unibertsitate maila egiteko, proba gainditu eta gainera notarik onena lortu behar duzu, plazak oso mugatuak baitira. Espainiako Estatuan, autonomia erkidego bakoitzeko, goi mailako eskola bakarra dago.
Esperientzia handitzen ari zara orkestretan.
Euskadiko Gazte Orkestran lau urtez aritu naiz. Ondoren, Espainiako Gazte Orkestran beste hiru urte egin ditut eta uda honetan, Gustav Mahler Gazte Orkestrara egin dut salto. Orain arte ez ditut proba asko egin, baina ongi atera zaizkit egindakoak.
Orkestra profesionaletan, Bilboko, Nafarroako eta Euskadiko Orkestrekin jotzen dut noizean behin. Urrian, estreinakoz, Galiziako Orkestrarekin joko dut. Espainiako Estatuan puntakoenen artean dago Galiziakoa.
Hemen baino balio gehiago ematen al zaie orkestrei Europako beste lekuetan?
Bai. Kultura kontua dela uste dut. Europako gainerako auditoriumetara adin guztietako pertsonak joaten dira kontzertuak entzutera. Hemen, nekez ikusten dira gazteak orkestrak entzuten; publikoa heldua da gehienetan. Europako beste estatuetan zaletasun gehiago dago eta horren ondorioz, orkestra gehiago daude.
Gustav Mahler Gazte Orkestraren azken birako kontzertuetan jende asko egon da entzuten. Famatua da orkestra eta jarraitzaile asko ditu. Hala ere, Europako beste hainbat tokitan, auditoriumak beteta daude beti eta hemen, areto ez beteetan jotzea egokitu zait askotan. Publikoko jendea ere adituagoa dela sumatzen dut kanpoan.
Adibidez, niri asko harritu zidan Berlinen ikusitakoak. Metroko geraleku bakoitzean dauden bost karteletik lau, orkestren kontzertuenak dira. Hemen, hamaika kontzerturen kartelak ikusten ditugu, baina normalean, ez dira orkestrenak izaten.
Posible al da musikari profesional batek orkestretan joaz bizimodua aurrera ateratzea?
Bai, orkestraren batean postu finkoa duenak bai. Beren entsegu orduak, ikasteko orduak eta kontzertuak soldatapean dituzte horiek.
Postu finkorik ez dugunok, aldiz, ikasten jarraitzea besterik ez dugu, inoiz posturen baten aukera baldin dago prest egoteko. Bitartean, deitzen diguten orkestrekin jotzea besterik ez dugu gainontzekook.
Zertan zabiltza orain?
Orkestrekin jotzeaz gain, perkusio irakasle moduan klaseak ematen ditut astean pare bat egunetan. Horretaz aparte, musika garaikidea jotzen dugun Xare laborategia sortu genuen Musikenen ikasi genuen lagun batzuk eta Iko izeneko perkusio laukote batean ere jotzen dut.
Lortzen al duzu momenturen batean musika burutik kentzea?
Ez, eta hori da zailena. Normalean gainera, gaua iritsi eta buruan izaten dut egunean zehar ikasten edo entseatzen egon naizen hori. Edozeini, kantu bat entzun ondoren buruan sartzen bazaio... imajinatu musikari bati, horrenbeste aldiz pasarte bat errepikatzen egon eta gero!
Ofizioa da dagoeneko zuretzat musika.
Afizio moduan hasi nintzen musikan eta jarraitzen dut. Baina orain, ofizio bilakatzen ari da. Honek dakarrena da, batzuetan gehiago gustatzen zaizula jotzen ari zarena eta beste batzuetan, gutxiago. Orain, ordea, denetik jo behar dudan momentua iritsi da.