Suhiltzaile Lege berriak protestak sortu ditu

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko irailaren 23a

Eusko Jaurlaritzak sortutako zirriborroaren aurka protestan dira Tolosako suhiltzaileak

Badira, jada, zenbait hilabete, Eusko Jaurlaritzak Suhiltzaile Lege berria sortzeari ekin zionez geroztik, eta zirriborroa prest dute jada.

Lege berriak, hasieratik aurkako iritziak piztu zituen Euskal Autonomia Erkidegoko suhiltzaileen artean, eta Tolosako parkeak ere bat egin du protestekin.

Besteak beste, «legea suhiltzaileok kontuan hartu gabe» idaztea gaitzetsi dute, eta hiruzpalau artikulu zehatzetan erabat desados azaldu: «Batetik, hiritarren segurtasuna ez du bermatuko lege berriak. Izan ere, suhiltzaileei lan kontratu partzialak egitea ahalbidetuko du, eta orduz orduko kontratuak egitea ere bai. Horrenbestez, prekarietatea sustatuko du legeak», azaldu dute Tolosako parkeko suhiltzaileek.

Beren egoitza inguratzen duen hesia erabili dute aldarriak kalera ere ateratzeko, izan ere, «Jaurlaritzak jarrera itxia azaltzen du, momentuz».

Hala ere, EAEko parke guztietako ordezkariak lanean ari dira eta, jada antolaturiko mobilizazioekin batera, Eusko Jaurlaritzarekin negoziazio mahaia osatzea da suhiltzaile eta sindikatuen helbururik behinena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!