"Nola irabazten den garrantzitsua da"

Asier Imaz 2015ko ira. 23a, 10:02

Tolosa CF-en Erregional Ohorezko Mailako taldea hartu du aurten Lillok, azken bi urteetan kadeteekin emaitza bikainak lortu ondoren. Futbol entrenatzaile bakoitzak bezala, Justo Lillok (Tolosa, 1960) ere bere filosofia dauka. Bi zertzelada: «Hobe 6-4 irabaztea 2-0 baino», eta «helburua, hurrengo partida».

Fitxaketak egiten saiatu al zara?
Bi jokalari ekartzen saiatu naiz, baina ez da posible izan. Erdilari bat eta aurrelari bat. Argi nuen etorri behar zuenak maila ona izan behar zuela, bestela ez daukat zalantzik: etxeko jokalariekin egin behar dugu aurrera. Askotan kanpokoak hobeak direla uste izaten dugu, baina hori ez da horrela. Maila honetan ondo ibiltzeko, gainera, etxean badago jendea.

Nolakoa da zure taldeen jokoa?
Ausarta. Bestela ez dut ongi pasatzen. Ez zait emaitzetan bakarrik pentsatzea gustatzen. Nola irabazten den garrantzitsua da.  

«Zelaira atera eta ongi pasa».
Liverpool-en astero edo hilero jokalari gazteak etortzen ziren probak egitera, mundu guztitik eta nazioarteko mailakoak. Haietatik lehen mailara igo den bakarra ezagutzen dut: Nabil El Zahar. Oso zaila da futbolean gora iristea. Horregatik, ondo pasatzeko esaten diet, gozatzeko, eta iritsi behar baldin badute iritsiko direla; lasai egoteko.   

Zer da futbolean ondo jokatzea?
Ondo jokatzea eta ondo lehiatzea desberdintzen ditut nik. Niretzat ez da kontua gol bat sartu eta abantaila hori mantentzea. Baloia hasieratik jokatzea gustatzen zait; beldurrik gabe. Aurkariaren areara iristeko 20 pase eman behar badira, eman egiten dira. Bost pasetan iristen bagara, hobe, baina 40 behar badira, eman egiten dira. Eta horrela ez bada egiten, gainera, benetan haserretzen naiz. Baina tontoak ere ez gara; presiopean bagaude, ez dago arazorik baloia Tolosatik kanpora botatzeko.  

Arriskatuz, beraz.
Jokatzeko ideia bat izatea gustatzen zait. Lehenik defentsa ongi antolaturik izatea, eta zelai erdiko jokalariek nahiz aurrelariek askatasuna izatea. Ez dut asko sinesten jokalari bat postu batetik atera, hutsunea sortu bestearentzat eta gero ez dakit zer egite horretan. Bai oreka bat izaten saiatzean, jokalariak leku berean pilaturik egon ez daitezen, baina aske sentitzea nahi izaten dut. Gero jokalariak ezagutzen joaten zara, eta batek zuzendu beharreko joera badu, esan egiten diozu.  

Lehen taldera iritsi berri honetan, zer nolako jokalariak dituzu?
Futbolean jokatzeko talde on bat. Postu batzuetan gaizki gaude, atzean batez ere. Baina daudenak onak dira, eta zerbait asmatu behar bada ere, saiatuko gara.

Atzekoak atzean, edo aukera denean gora?
Aurrera joateko baimena daukate. Are gehiago, hori egitera animatzen ditut. Beraiek ere gola sartzea badaukate, nahiz eta erdiko atzelaria izan. Bikaina izango zen, gainera.  

Aurre denboraldiari garrantzi berezia eman diozu.  
Uztailaren 30ean hasi ginen. Ondo joan da, partida piloa jokatuz. Hasieran buruan marrazki bat nuen, baina pittin bat aldatu dut. Euskarri bakarrarekin jokatu nahi nuen, baina birekin ari gara jokatzen.   

Zergatik aldaketa hori?
Nire ustez, ditugun jokalarientzat egokiagoa da hori. Horrela gehiago aprobetxatuko ditugu.

Ez zara zurera itsutzen, beraz.
Talde batean garrantzitsuena jokalariak dira. Nik egokitu behar dut, ez beraiek. Bestela oker egongo nintzake. Futbolean garrantzitsuena jokalariak dira.  

Zuen kasuan, jokalari gazteak dira gehienak.
Aurre denboraldian saiatu nahiz erakusten gaztea izanagatik lekua irabazten duenarentzat dela. Ez diot karnetari begiratzen. Denboraldiko lehen partidan, beteranoak azken 30 minutuetan sartu nituen, eta bikain erantzun zuten, taldeari lasaitasuna emanaz. Guztiek osatzen dute taldea, eta hori sentitzea da garrantzitsuena.   

Baina hamaikakoan ezin denak sartu.
Aulkian edo harmailetan egotea gogorra da, baina hamaikakoan sartzeko aukerak daudela ikusten badu jokalariak, beste gauza bat izaten da. Edozein momentutan aukera hori izango dutela ikusi behar dute.

Hamaikako finkoa baino, talde zabalaren aldekoa zera. 
Gutxienez 15-16 jokalari edukitzea gustatzen zait, edozeinekin kontatzeko. Atezainekin gertatzen den bezala.

Hiru dituzu une honetan. Zein da zure asmoa?
Hasieran birekin geratzea zen. Baina hirurak dira onak. Eurek egoera onartzen badute, hirurekin kontatzen dugu. Jokatzeko aukera guztiek izango dute. Gero, bat besteak baino hobeto badago, jarraipena izango du, edo alderantziz. Finean, hori da lehiakortasuna.  

Zein da denboraldi honetako helburua?
Lehena ondo jokatzea. Taldea egin behar da, eta gero, hurrengo partidari bakarrik begiratzen diogu. Hori jokatu ondoren, hurrengoan pentsatzen hasten gara.

Aurrera eta Aretxabaleta, iazko bi talde indartsuenak ez daude. Baina goitik jaitsitakoak egongo dira.
Sei edo zortzi talde ibiliko dira gora: Elgoibar, Oiartzun, Hernani... Touring-ek ere oso talde ona egin duela esan didate. Goitik jaitsi direnez gain, iazko talde batzuk oso ondo indartu dira. Orioko behetik gora igo da, eta aurre denboraldian euren aurka jokatu genuen. Talde oso indartsua zela ikusi genuen. Horrek erakusten du maila honetan ez dagoela talde ahulik. Aberia bat edozeinek egin diezakezu.

Ibilbidea
• «Futbola beti gustatu izan zait. Gaztetan txapelketa herrikoietan ibiltzen ginen, Orbela taldearekin. Urte batean lau txapelketa irabazi genituen. Korrika egitea ere gustuko nuen, eta atletismoan, 200 metrotan Gipuzkoako txapeldun gelditu nintzen seniorretan. Ez nitzen ona, baina txarra ere ez».
• «Futbol entrenatzaile bezala jubenilekin asi nintzen Tolosan. Baina ez nuen ongi pasatzen; nik jokatu egin nahi nuen. Beraz, utzi egin nuen».
• «Prestatzaile bezala Eibar, Athletic, Real Union, Hernani, Liverpool... pasa ditut 22 urte hauetan. Batzuetan entrenatzaile laguntzaile bezala ere ibili naiz».
• «Duela hiru urte Tolosa CF-era itzuli nintzen, kadeteen entrenatzaile bezala. Duela bi urte igotzear egon ginen, eta iazko denboraldia izugarria izan zen, bizi osoan gogoratzeko horietakoa. 90 puntutik 83 irabazi genituen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!