‘Nire eguneroko hautua’, euskara pantailara

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko ira. 23a, 08:50

Kontseiluak Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Euskaraz bizi nahi dut film labur lehiaketaren laugarren edizioaren sariak eman berri dira. Saritutakoen artean dago Mattin Zeberio (Tolosa, 1999). 

Zeberiok berak Nire eguneroko hautua film laburraren gidoia, grabaketa, muntaketa... lanak bere gain hartu ditu. Eta bi hilabeteko tartea eskaini dio lan horri. Lanak berriz bere ordaina jaso berri du: amateurren atalean, lehen saria (1.000 euro) eta epaimahaiaren hitzak: «Filmak erritmo bizia du eta oso ondo kontatzen du nahi duena, alegia, norberak egiten duen hautua euskaraz bizitzeko. Film dinamikoa da, bai eta arina ere».

Musika ere mimoz aukeratua dago, Tenporaren soinuak entzun daitezke: «Buruan beste abesti zehatz bat nuen baina copyright kontuengatik ezin izan dut erabili». «Erabili beharrekoa mutur aurrean nuen eta ez nintzen konturatzen, aitaren –Juantxo Zeberio– taldean».

Bigarrengoz saritua

Gaztea izan arren, ez da ordea Mattin Zeberiok jasotzen duen lehen saria. Elhuyarrek bultzatuta, ON zientzia-bideo lehiaketan ere Gaztea Saria jaso zuen ekainean Oroimena lanarekin.

Sari hori gogoan eta Berria egunkarian ikusitako iragarkiari helduta ekin zion gazte tolosarrak Nire eguneroko hautua film labur berriaren prestaketari. Grabaketa fasea udan egin duela aitortu du: «Udara guztian zehar, leku ezberdinetan egon naizela aprobetxaturik irudi asko grabatu ditut». Eta horrela da, leku ezberdinak ekartzen ditu pantailara Zeberiok, baita hizkuntza ezberdinak ere; azken finean bere hautua zein den argi adierazteko: euskara.

Film laburrari Nire eguneroko hautua izenburua eman zion lelo ona zela konbentziturik: «Egia da leloak dioena; egunaren amaieran garrantzia duena, zuk aukeratu duzun hori da, zure hautua dena, eta ez besteek esaten dizutena». Mattin Zeberioren egunaren amaieran balio duena, bere hautua dena, hizkuntza da, euskara, alegia.

1.000 euroko saria jaso du oraingoan tolosarrak aurkeztutako lanaren truke eta dirua kamara berria, ordenagailua... «kit-a osatzeko» erabiliko du. Azken batean, biodeogintzan jarraitzea da bere asmoa: «Etorkizunean zer izango naizen ez dakit, ez dut erabat garbi baina bideogintzan asko disfrutatzen dudala egia da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!