Usabal, kandelak itzaltzeko prest

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 22a, 16:50

Kiroldegiaren 10. urteurrena da aurtengoa eta, efemeridea baliatuz, proiektuaren errepasoa egin dute bertan parte hartu zuten zenbait politikari nahiz teknikarik; larunbatean festa izango da bazkideekin.

2005a urrun geratzen da Tolosaldeko herritar gehienentzat, baina, Usabal kiroldegia aipatzerakoan, badirudi oraindik ere eraikin berritzat dutela gehienek. 10.000 bazkiderekin eta, egunero, 1.100 erabiltzailerekin, Usabalek hamarkada beteko du aurten, eta larunbatean bazkideekin batera ospatu nahi dute, egun osoko egitarauarekin.

Usabal kirol espazioa sortzeko lanean aritu ziren zenbait udal teknikari nahiz ordezkari elkartu dira, gaur, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta aurrera begirako erronkak zehazteko. Horrela, Olatz Peon Tolosako alkateak udalak herritarrei eskaini "beharreko" oinarrizko azpiegiturak izan ditu hizpide: "Garai hartan zinegotzia nintzen, eta apustu garrantzitsua izan zen. Gaur egun eskualde izaera hartu du Usabalek, eta adin desberdinetako herritarren bilgune ere bada. Beraz, proiektua bultzatzen jarraitu behar dugu".

Olatz Peon alkatearekin batera, Jose Ignacio Asensio kirol zinegotziak ere parte hartu du agerraldian, eta kiroldegiaren historia "arrakastatsua" azpimarratu nahi izan du: "Tolosako kirolaren erdigune da, eta 10.000 bezero izateak erakusten du, herritarren erantzun bikaina".

Egungo udal ordezkariekin batera, Usabalen sorrera prozesuan parte hartu zuten zenbait ere izan dira agerraldian. Horrela, Andoni Imazek nahiz Oscar Renedok hasierako zalantzak ekarri dituzte gogora. "Joxe Gurrutxaga eta Antton Izagirreren garaitik zetorren asmoari forma eman genion guk, eta gaur egungo itxura hartu zuen", azaldu du Imazek. Horrela, "garapena bistakoa" den arren, hastapenetan 5.000 harpidedunen muga "zalantzazkoa" iruditu zitzaiela aitortu du Renedok.

1990ko hamarkadako txinparta

Ordezkari politiko batzuen zein besteen ibilbidean izan dira Tolosako Udaleko kirol teknikariak. Arantxa Estangak ondo gogoan du kirol azpegitura bateratuak sortzeko lehen txinparta noiz piztu zen: "1990ko hamarkadan izan zen, eta hasieran eztabaida, susmo txar nahiz kezkak sortu ziren, baina, zorionez, gaur egun hori da errealitatea".

Estangak aipaturiko zalantzen bidetik, Asier Bakaikoa kirol teknikariak ere kiroldegiaren kudeaketarako aukerak izan ditu hizpide: "Jende askok parte hartu du prozesu honetan, eta Usabal sortu aurretik kudeaketa akats batzuk bazirela argi zegoen. Baina, nola utziko genuen kudeaketa enpresa baten esku? Beste lekuetako ereduaz baliatu ginen, zehazki Hondarribikoaz, eta bide zuzena izan zen Kirolzerrekin elkartzea".

Kirolzerren ordezkari nagusia Asier Martin kudeatzailea da, Tolosako Usabal kiroldegian. Bere hitzetan, "hasieratik baikor geunden, azpiegitura paregabeekin, eta kirolean oso aktiboa den herri batekin; lehen 4.000 bazkideak oso azkar lortu genituen".

Horrela, hamarkada "arrakastatsua" kiroldegiko bazkideekin batera ospatzeko, "festa xumea" prestatu dute larunbaterako, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete agerralditik.

Bitartean, etorkizunera begira dituzten ideia eta gogoak ere azaldu dira solasaldian. Batetik, Usabalgo futbol zelaiko harmailak egitea izango da, kiroldegirako aurreikusitako hurrengo inbertsioa: "Udal gobernu honek oraindik ez dauka aurrekonturik eta, beraz, ikusiko dugu ea zerbait gehiago egin daitekeen edo ez". Izan ere, Angel De la Ozek diseinaturiko laugarren fase baten aurreproiektu bat bada Usabalen eta, bertan, BPX gunea, patinaje gunea eta aisialdi gune bat eraikiko lirateke, egitasmo horri jarraituz gero.

Bestalde, Tolosako Udalak herritar guztien iritzia jaso nahi du Usabal kiroldegiaren inguruan, Gardentasun eta Parte hartze batzorde berriaren eskutik: "Eskuorri bat banatuko dugu etxeetako epostontzietan, eta zenbait galderari erantzun beharko diete tolosarrek". Erantzun horiek, berriz, Usabal kiroldegian eta udaletxean bertan ezarriko dituzten postontzietan utzi ahal izango dira. Parte hartzaileen artean, Bide Goxo jatetxean bi bikoterentzako otordu bana zozkatuko dute.

USABAL KIROLDEGIKO FESTA
Irailak 26, larunbata

10:00-13:00. Zunba maratoia, cycling maratoia eta familia arteko olinpiadak.

14:00-16:00. Bazkaria.

16:00. Mus txapelketa.

16:30-18:00. Txokolate jatea.

18:30. Bi bizikleta zozkatuko dituzte festako parte hartzaileen artean.

19:30. Festa amaiera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!