Bizipoza Jaia 2015

Naroa Diaz, Afagiko gizarte langilea: «Onartzerakoan laguntza handia behar izaten dute senideek»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 22a, 10:43

Afagik hitzaldia eskainiko du, ostegunean, Tolosako kultur etxean

Atzo izan zen Alzheimerraren Nazioarteko Eguna, baina, Afagi 365 egunez aritzen da lanean. Tolosaldeko herritarrentzat Tolosako Emeterio Arresen eskaintzen dute arreta, astean behin, eta 943 29 71 18 telefonora deituta hitzorduak zehazten dituzte. Gaixoen zein haien ingurukoen zaintza nabarmenduz, elkartearen jardunaz aritu da Naroa Diaz gizarte langilea. Ostegunean, 18:00etan, hitzaldia eskainiko dute, kultur etxeko areto nagusian.

Alzheimerra eta dementzia. Bada desberdintasunik? Zer da bakoitza?

Dementzia, nolabait esanda, izen nagusia da, eta, finean, pertsona batek egunerokotasunean egiten dituen jarduerak, aurrez egiten zituen moduan egiteko ezintasuna adierazten du. Alzheimerra, berriz, dementzien artean mota bat gehiago da; kontua da ezagunena dela, gehien diagnostikatzen dena delako.

Osteguneko saioak zein ildori jarraituko dio?

Fisioterapeuta batek hitz egingo du, postura eta mugikortasuna lantzea hizpide duela. Senideek mugimendu horiek nola egin behar dituzten azalduko du, gaixo horiekin beharrezkoa baita fisioterapia lantzea. Zergatik? Alzheimerrak ez diolako buruari soilik eragiten, fisikoki ere eragiten duelako. Dena den, fisioterapia ez da errehabilitatzeko erabiltzen, baizik eta pertsona horien funtzio eta mugimenduak mantendu eta autonomia denbora gehiagoz mantentzeko.

Gaixoen senideei informazioa eskaintzeaz gain, Alzheimerra gizarteratzeko ere lan egiten duzue?

Bai. Gure zerbitzuetako bat arreta psiko-soziala da eta, bertan, senitartekoei nahiz ezein herritarri arreta eskaintzen diegu psikologo eta gizarte langileok. Adibidez, gaixo baten lagun batek prozesua nola eraman ez baldin badaki, hari ere gomendioak eta laguntza eskaintzen dizkiogu.

Gaixoekin eurekin ere lan egiten duzue?

Bai, baditugu psiko-estimulazio tailerrak, nahiz eta Tolosaldean zerbitzu hori ez dugun. Donostian, Irunen eta Eibarren dugu zerbitzu hori, eta Tolosaldeko herritarrek aukera dute tailer horietara joateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako saioak baitira. Estimulazio horren bitartez, garuneko hainbat funtzio luzaroagoan martxan mantentzen saiatzen gara.

Alzheimerra duten gaixoen familiek zein behar dituzte?

Kasuak eta kasuak daude, eta beharrak aldatu egiten dira. Baina, egia esan, onartzerako garaian laguntza handia behar izaten dute senideek: gaixotasuna zer den, zertan eragiten duen, ... Izan ere, Alzheimerraren gutxi gorabeherako definizio bat guztiok ezagutzen dugu, memoria galeraren bidetik. Baina ez da hori bakarrik, bizimodu arrunteko funtzio guztietan aldaketak eragiten baititu gaixotasunak. Beraz, hori onartzea asko kostatzen da. Askotan, senideak gaixoaren lekuan jarri behar izaten ditugu, nahi gabe zer nolako tratua ematen diegun benetan ikusteko. Bide horretan, gaixoak hobeto tratatzeko eta bizi-kalitatea eskaintzeko komunikazioa zein garrantzitsua den ere lantzen dugu. Era berean, gaixoak gaitasunak galtzen dituen heinean, senideek dolu prozesu bat hasten dute, pertsona hori aldatu egiten delako, eta sekula ez delako lehengora itzultzen; hori onartzea oso zaila izaten da.

Gaixoek bezainbesteko zaintza behar dute, beraz, haien ingurukoek?

Noski. Edo gehiago, akaso. Senitartekoak zaintzea beharrezkoa da, beraiek ere zaintza ona eman dezaten. Funtsezkoa da, eta gure elkartetik asko indartu izan dugu hori, asko zaintzea eta hobeto zaintzea gauza bera ez dela ulertaraziz. Hobe da hiru orduz zaintzea eta kalitatezko zaintza ematea, egun osoa gaixo bat zaintzen egon eta leher eginda bukatzea baino, gogorik gabe eta ia depresio batean sartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!