Boleia praktikatzeko aukera Zezen Plazan

Ataria 2015eko irailaren 21a

Berazubiko jaiak amaitu bitarte edonork erabili ahal izango du. Boleia herrian errotu nahi dute sustatzaileek.

Abuztuaren amaieran izan zen Tolosako Bolei Txapelketa. Ordurako, ordea, herrian kirol hau sustatzeko ideia bazuten txapelketako antolatzaileek, baina horretarako garrantzitsuena falta zuten: praktikatzeko leku bat.

Hainbat saiakeren ondoren, lortu dute toki hori: Zezen Plaza. Hasiera batean, bertan egongo da urriaren bigarren astera arte.

Nahi duen orok jokatu ahal izango du, baina horretarako giltza eskuratu beharko da, plazaren ondoan dagoen Ixkiña tabernan. Hara joan eta izena eman beharko da. Zezen Plazara sartzeko, berriz, atzeko atea erabiliko da. Asteburuetan, berriz, ordua hartzeko tolobolei@gmail.com helbidera idatzi beharko da. Baloiak bertan izango dira denen eskura.

Boleia errotzea helburu

Modu horretara, boleiak herrian zenbateko arrakasta duen aztertu nahi dute, izan ere, gerorako ideiak ere baditu talde honek: "Jendea animatuko balitz, talde bat sortu nahiko genuke". Horretarako, jende gaztea erakarri nahi dute kirol hau praktikatzera: "Denak animatu nahi ditugu, baina bereziki gaztetxoak".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!