Galdu arren, hobekuntza

M.Iraola 2015ko ira. 21a, 15:30

Euskal Kopatik at geratu da TAKE, asteburuan Santurtzi eta Iraurgiren aurka jokatutako bi neurketak galdu eta gero.

Porrotek ere izaten omen dute batzuetan beren alde ona. Partidak galdu arren, badira irabazten diren zenbait ezaugarri. Eta zentzu horretan TAKEk izan duen asteburuak badu onetik: hobekuntza. "Aurrerapausoak egin ditugu. Txikiak, baina aurrera goaz" azaldu du Yon Gonzalez entrenatzaileak.

Taldeak erakutsitako jarrerarekin gustura, garagardo azokarekin pilatutako nekea nabaritu dutela dio prestatzaile tolosarrak: "Asteburuko lehentasuna azokan ahalik eta gehien laguntzea zen, guztia ondo joateko. Asteartetik entrenatu gabe geunden, eta larunbatean oso nekatua zeuden jokalariak; igandean, hobetoago jokatu genuen".

Santurtziren aurkako neurketan segituan jarri ziren atzetik tolosarrak, lehen bost minuturen ostean, 15 puntu azpitik baitziren. 78-50 amaitu zen norgehiagoka.

Igandean, berriz, LEB mailako Iraurgi hartu zuten Usabalen. Neurketa zaila izanagatik ere ongi hasi zuten etxekoek. Lehen laurdena hamahirunako emaitzarekin amaitu zen. Atsedenaldira 8 puntu azpitik iritsi ziren, eta hirugarren laurdenean alde hori mantendu ondoren, azken minutuetan puskatu zuten partida azpeitiarrek. Azkenean, 49-69.

Orain, prestakuntza

Euskal Kopatik kanpo, liga hasierako prestakuntzarekin jarraituko du TAKEk. Fisikoari helduko diote aste honetan, eta datozen bi asteotan lagunarteko bi neurketa jokatuko ditu. Urriaren 17an jokatuko du lehen jardunaldia, Ardoiren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!