Lehen zatian bere bi golak sartzen jarraitzen du Tolosak

A. Imaz 2015eko irailaren 21a

Aloña Mendiren aurka 2-1 irabazi dute urdinek, Berazubiko lehen partidan. Sailkapen nagusian hiru talde daude 6 punturekin berdindurik.

Bitik bi. Tolosa CF-ek larunbatean garaipen berri bat lortu zuen. Denboraldiko lehen jardunaldian bezala, Aloña Mendiren aurkakoan 2-0 aurreratu zen talde urdina. Arrietak berriro ere atea ikusi zuen. "Nik maila horretan ezagutu nuen, eta taldera berehala egokitu da", zioen Justo Lillo entrenatzaileak. Bigarren gola Fuentesek lortu zuen. Bigarren zatian iritsi zen kanpokoen gola, eta amaieran, Tolosari sufritzea tokatu zitzaion. Amaieran, 2-1, eta sailkapen nagusian hirugarren, 6 punturekin.

Justo Lillo entrenatzailea gustura zegoen emaitzarekin, ez horrenbeste jokoarekin: "Irabazten duzunean beti egoten da ondo, baina joko aldetik, bigarren zatian zalantzak izan genituen. Euren jokoan sartu ginen, eta hortik ateratzen ez genuen asmatu. Azkenean sufritzea tokatu zitzaigun".

Lehen zatian goitik behera nagusitu ziren etxekoak. "Askoz hobeto moldatu ginen. Nahiko txukun jokatu genuen, aukerak sortuz, eta hortik etorri ziren golak. Hirugarren bat sartzeko aukera ere izan genuen, baina ez genuen asmatu", azaldu zuen Llillok.

Hurrengo partida etxetik kanpo izango da, Elgoibarren aurka. Aurkari gogorra izango dela dio Lillok, eta Tolosa CF non dagoen jakiteko partida interesgarria izango dela. "Zerbait ateratzen badugu, oso pozik egotekoa izango da. Elgoibar talde oso sendoa da, jokalari beteranoekin, nahiz eta gazteak ere badituzten. Lehia polita eta gogorra izango da".  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!