"Beharrezkoa da interprete zerbitzuak areagotzea"

Imanol Garcia Landa 2015eko irailaren 19a

Gainditzen elkartetik azaldu dutenez, "interprete zerbitzuak areagotzeak ahalbidetzen du pertsona gorren bizi kalitatea hobetzea". Gor Komunitatearen Sentsibilizazio Astea ospatzen ari dira egunotan.

Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko kideak azaldu duenez, interprete gehiago izateak "ikasteko eta lanerako aukera gehiago irekitzen ditu. Pertsona gorrek entzuleen gaitasun berdinak ditugu, bai lanerako eta baita ikasteko. Behar duguna da gure beharretara moldatzea eta horretarako interpreteak behar dira".

Sentsibilizazio Astearen barruan, hainbat ekitaldi egin dituzte gaur Tolosan. "Garai batean ekintzak barruan egiten genituen, baina konturatu ginen kanpoan egin behar genituela, jendeak ikusteko", zehaztu du Rodriguezek. Horrela, eguerdian batukada talde bat aritu da Tolosako kaleak alaitzen, eta bide batez, jendea erakartzeko. Horren ondoren, Plaza Zaharrean El Grito talde madrildarrak antzezlana eskaini du zeinu hizkuntzan.

Segidan marrazki lehiaketaren sari banaketa egin da. Aritz Eizagirre, Jone Maiza eta Mikel Gorostiaga izan dira, hurrenez hurren, lehen hiru sariak jaso dituztenak. Rodriguezek azaldu duenez, "marrazki lehiaketak haurrak sentsibilizatzeko balio du. Urte asko daramatzagu lehiaketa hau egiten, eta azkenean haurrek jakiten dituzte komunikatzeko ditugun arazoak. Honek ekarri du gaur egun haur askok jakitea zein behar dituzten pertsona gorrek".

Arratsaldean ere beste zenbait ekitaldi izan dituzte, tartean Jose Luis Garcia Ginard bidaiariaren hitzaldia. 14 herrialdetan aritu da bi urtez bidaiatzen bizikletaz (albistearen bideoan bidaiaren nondik norakoak azaltzen ditu Garcia Ginard berak).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!