Gala lirikoa: opera herritartzeko ahalegina

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 18a, 10:23

Opus Lirica elkarteak antolatutako emanaldia izango da gaur Leidorren. Operarekiko zaletasuna zabaltzeko asmoz herri ezberdinetan ari dira emanaldiak eskaintzen.

Gaur iluntzeko 20:00etan Tolosako Leidor aretoan gala lirikoa eskainiko du Opus Lirica elkarteak. Lehen zati guztian Mozarten ariak, duoak eta konjuntoak eskainiko dituzte eta bigarren zatian, dagoeneko, beste garai bateko obrak egingo dituzte, Puccini edota Verdirenak, adibidez. Ainhoa Garmendia sopranoa ariko da emanaldian eta nabarmendu duenez, «Jendeari opera konpainia bat garela erakutsi nahi diogu. Horregatik eszena ere egin nahi dugu, ez dadila izan kontzertu serio bat zeinean abeslaria zutik dagoen taula erdian». Pianista bat eta bost abeslari ariko dira Garmendiarekin batera, Haizea Muñoz eta Mary Downing sopranoak, Igor Peral tenorra, Mikel Zabala bajoa eta Iosu Yeregui bajo-baritonoa.


Atzo egin zuten entsegu orokorra Tolosan eta gaur gauean izango da emanaldia. Ez da gisa honetako galak egiten dituzten lehen aldia, aurretik ere Donostian (Zorroagan) aritu izan dira eta hilaren 25ean Andoaingo Basteron egingo dute beste gala bat. «Gu gara herrietara mugitzen garenak eta jendeari opera etxeetara ekarri nahi diegunak. Aldi berean, Opus Lirica elkarteari bultzada bat emateko baliatu nahi ditugu ekitaldi hauek, egiten dugun lana ezagutu dezaten».

2014an sortu zen Opus Lirica elkartea eta bertako zuzendari artistikoa da Ainhoa Garmendia (Legorreta, 1974): «Duela hiru urtetik datorren asmoa da. Donostian opera denboraldi iraunkorrik ez zegoela-eta, proposamen horrekin hasi ginen. Andrea Albertin orkestra zuzendari italiarra eta biok abiatu genuen proiektua eta bidean jende gehiago topatu dugu. Orain ekipo on bat osatzen dugu».

Bilbon eta Iruñean, adibidez, opera denboraldi iraunkorrak egin dira eta Gipuzkoako herritarrek ohitura dute herri horietara joateko. Donostian horrelako tradiziorik ez egotearen arrazoiaz gogoeta egin du Garmendiak, «beharbada, Bilbo urruti ez dagoela pentsatu izan dugu baina jende askok diru aldetik eta denbora aldetik ezin du harantz joan. Askotan operak luzeak dira, berandu bukatzen dira eta handik autoz bueltatu beharra dago. Badago jendea, joan gabe geratzen dena».


Donostian operarako irrika badago ordea. Opus Lirica sortu zenetik hiru emanaldi egin dituzte. Iaz, Donizettiren L´Elisir d´amore eskaini zuten eta aurten Rossiniren Il Barbiere di Siviglia eta Verdiren Rigoletto eman dituzte otsailan eta maiatzean. «Antolatu ditugunetara, jendea erruz gerturatu da».

1.800 lagun inguru gerturatu ziren Rigoletto ikusteko Donostian antolatu ziren bi emanaldietara. Opus Liricako kideen harridurarako, gainera, jende gaztea joan zen obra hauek ikustera: «Alde batetik pozik gaude, iazko operarekin alderatuta bikoiztu egin dugulako ikusle kopurua eta beste alde batetik publikoa 30 eta 50 urte artekoa izan delako. Horrek ilusio eta animo handia ematen digu jarraitzeko».

Orain arte, opera konpainia honen ekimenez egin diren emanaldiak ez dute erakunde publikoen aldetik laguntzarik jaso. Aste honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin abiatu duten elkarlanaren berri eman du Opus Liricak. Garmendiaren ustez, «lehenengo babesa izan da eta oso kontentu gaude. Laguntza gabe zaila da aurrera egitea, operak jende asko mugitzen baitu eta ondorioz, izugarri kostatzen den arte bat da. Instituzioek babestu egin behar gaituzte, baina batez ere sinistu egin behar dute opera onura sozial bat dela, jendearentzat ari garela». Hemendik aurrera, erakundeen aldetik babes gehiago lortzeko borrokatzen jarraituko dutela dio Garmendiak.

Opera produkzio bat aurrera eramateko gastuak handiak dira eta «jendea ez da horretaz oso kontziente». Rigoletto obra eskaini zutenean, adibidez, 100 lagun aritu ziren: solistak, abesbatza, orkestra, figuranteak, makinistak, teknikoak... «Jende horri guztiari ere lana eskaintzen zaio eta beraz, opera muntai batek aberastasun kulturalaz gain, ekonomikoa ere sortzen du».

Datorren urtean bi operekin jarraituko du bidea Opus Lirica taldeak. Verdiren La Traviata eta Donizettiren Don Pasquale eskaini asmo dituzte. Dagoeneko La Traviata eskaintzeko prestakuntzak abiatu dituzte: «Hasieratik pentsatu dugu proiektuek etxekoak izan behar dutela, eta aberastasuna bertan geratu behar dela. Datorren urteko obra %100 Gipuzkoan egindakoa izango da». Estatu mailan lehenengo aldiz operaren eszena zuzendaria eta eszenografoa aukeratzeko lehiaketa antolatu du Opus Liricak. Argentinako, Poloniako edota Frantziako taldeak aurkeztu dira eta izena eman duten 12 proiektuetatik Valen Moñux eta Alex Odriozola bergararrenak irabazi du.

Eszenografia mailan Euskal Herrian dagoen maila erakusten du horrek. Baina beste arloetan ere berdina gertatzen da Garmendiaren ustez: «Hemen Musikene dugu, kontserbatorioak daude eta baita musika eskolak ere. Maila oso altua da. Rigoletto eman genuenean goi mailako orkestra bat bezala entzuten zen».

Pixkanaka, talde iraunkor bat osatu dute. Badaude Opus Liricarekin lan egiten duen jendea bai orkestran musikari gisa, baita abesbatzaren ere kantari. Produkzio bakoitzerako banaka deitzen dute jendea, opera batetik bestera diferentzia handiak direlako. «Opera batzuk orkestra handiagoa edo txikiagoa eskatzen dute edo, adibidez, emakume gehiago gizonezkoak baino. Solistekin ere berdina gertatzen da. Traviatta-n, adibidez, ahots nagusia ni izango naiz baina beste bi kenduta, gainerako guztiak hemen ingurukoak izango dira, euskaldunak», dio Garmendiak.

Musikariek eta abeslariek maila handia dute baino ez dute lan egiteko aukera asko izaten. Horregatik, maiz, kanpora joan behar izaten dute. Horrela gertatu zitzaion Ainhoa Garmendiari ere: «Egia esan nik urte asko daramatzat kanpoan. Gauzak horrela etorri zitzaizkidan eta aurrena Madrilera joan nintzen eta gero Vienan eta Marsellan izan naiz. Azkenean Leipzigen, bertako operan eman zidaten lana eta finko bezala aritu nintzen». Garmendia bezala, gaur egun, euskaldun asko dago Alemanian lan egiten, han aukera gehiago baitago.

«Tradizioa gehiago dago Europako herrialde hauetan. Afizioa eta kultura baditugu Donostian baina ez tradiziorik. Alemanian edozein hiritan, Leipzigen edo Berlinen edo Dresdenen astean bizpahiru aldiz opera eskaintzen dute. Zinea edo antzerkia dagoen bezala jendeak badaki opera dagoela». Tradizioa sortzeko lanean ari da Opus Lirica, beraz.

Horretarako, txikitatik operarekiko zaletasuna sustatzeko pausoak eman ditu elkarteak. Entsegu orokorrak eta bereziak egin dituzte eskoletako umeentzako eta duela gutxi Il Barbiere di Siviglia operaren pasarte bat eskaintzera gerturatu ziren ikastetxe batetara. Garmendiaren esanetan, «harrera izugarria izan genuen. Haurrak aho zabalik geratzen dira, ez baitute inoiz horrelako opera ahots bat entzun, horrelako inpostazioarekin. Txoratuta geratzen dira».


Ikastetxeekin elkarlanean aritzeaz gainera, Donostia 2016rekin ere bat egingo dute datorren urtean. Europako kulturaren hiriburua izango da Donostia eta opera sustatzeko ahalegina egingo du, orduan, Opus Lirica elkarteak. «Azpiegitura guztiak dauzkagu gainera herrian. Kursaala opera handiak egiteko ezin aproposagoa da eta Mozart edo Rossinirenak egiteko, adibidez, Victoria Eugenia toki ona da. Herri txikia izanagatik bi antzoki eder ditugu Donostian».

Taldearen sostengurako Opus Liricaren Lagunak elkartea sortu eta urtebete pasatxoan 116 bazkide lortu dituzte. Bazkide egiten direnek, %20ko beherapena dute antolatzen diren emanaldietan. Urteko 50 eurokoa da gutxieneko ekarpena eta gehiago ematen duen jendea ere badago. Gainera, elkarteko lagunekin bestelako ekitaldiak egiten dituzte urtean zehar. Garmendiak aipatu duenez, «hurrengo urtean, Traviataren emanaldiaren aurretik, Ramon Gener etorriko da hitzaldi bat ematera. TVEn saio bat dauka, This is opera izenekoa eta arrakasta handia du. Kaleko jendeari, opera ezagutzen ez duenari, zer den erakusten dio. Historiak modu sinplean ematen ditu eta modu ulerterrazean erakusten du zein den gure mundua. Dibulgazio lan garrantzitsua egiten du eta bere hitzaldiak pianoaren laguntzaz eskaintzen ditu». Donostian ariko da Ramon Gener 2016an.

Opera garestia, elitista eta ulertzen zaila denaren ustea zabalduta dagoela uste dute Opus Liricako kideek. Irudi hori aldatzen lagundu nahi dute, emanaldiak norberaren herrira eramanda. Gaur iluntzeko gala lirikoa ere asmo horrekin antolatu dute. «Guk ere pedagogia lan bat egin behar dugula uste dugu, jendearengana opera gerturatu behar dugula. Rigoletto eskaini genuenean eszena aldetik modernoa eta erakargarria egin genuen eta bereziki gustatu zitzaion jendeari, filma bat ikustea bezala dela esan ziguten. Egia da, beste hainbat ikuskizunekin alderatuta opera garestia dela, baina gure prezioak ez dira hainbestekoak. Kostatzen dena eskatzen dugu, kalitatea ordaindu egin behar da», azpimarratu du Garmendiak.

Jendeak izan dezakeen erreparoa gainditu eta beldurrak kentzeko aukera izango da gaurko gala lirikoan. 20:00etan hasiko da Leidor aretoan eta aldez aurretik kutxarrerak.net helbidean eskuratu daitezke. «Joaten denak errepikatu egiten du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!