Bizipoza Jaia 2015

"Bizipoza, ematetik eta jasotzetik sortzen da"

Andoni Uzkudun 2015ko ira. 20a, 10:00

Irailaren 27an ospatuko da Bizipozaren jaia Tolosan. Jaialdiak bere bosgarren urteurrena beteko duen honetan,Tolosa herria aukeratu dute festa egunaren kokaleku gisa. Irrien Lagunak elkartetik sortutako ekimena da eta beste hainbat elkarterekin elkarlanean errealitate bihurtzen den jaialdia da.

Anabel Arraiza, Joxe Mari Agirretxe eta Aiora Zulaika Irrien Lagunak elkarteko partaideak dira. Askok ez dituzte izen hauekin ezagutuko baino beraiek Ane Pirata, Anabel Arraiza; Porrotx, Joxe Mari Agirretxe eta Pirritx, Aiora Zulaika dira.

Zerrendatutako hirurak baino pertsonaia askoz gehiago ere izango da irailaren 27an Tolosan ospatuko den Bizipozaren jaialdian.

Zer esanahi du zuentzat 'bizipoza' hitzak? Zer da Bizipoza jaialdia?

Joxe Mari Agirretxe: Gure 28 urteko ibilbide luzean, denetariko gaiak landu izan ditugu.Tokatu zaigu hizkuntzarekin lotutako gaiak jorratzea, Euskal Herrian bizi gara, hizkuntza minorizatu bat daukagu: euskara, minorizatua bezain ederra eta zabala den hizkuntza. Baina hizkuntzaz gain, beste hainbat gai ere izan ditugu jorratzeko, gure herriak munduan duen kokalekua erakustea, ekologia, etorkinak... Gai hauen guztien harira, Familia mila kolore proiektua jarri genuen martxan.

Errealitate ezberdinak bizi dituzten familiak kokatzen dira proiektu honen baitan. Esaterako, batzuk zerrendatze aldera, Ume Alaiak taldea —adopzioa lantzen duen taldea—, Beroa elkartea —Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea—, Agipase —banandutako gurasoen elkartea—, Gehitu —Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartea—, besteak beste.

Elkarte hauekin elkarlanean jarri genuen martxan proiektua eta orduz geroztik beste hainbat elkarterekin lanean ari gara, geratu gabe.

Bateko eta bestelako borrokak izaten ditugu aurrean. Batetik, Euskal Herrian egoera eta arazo bat bizi dugu, gure herria delako herri bat munduan bere lekua izan nahi duena eta ofizialki ez duena. Gure hizkuntza ere aurrera egiten ari da, hala moduz, urteetan jasan duen errepresio guztiarekin. Borroka horretan bizi izan gara eta borroka potoloak dira horiek.

Bestetik, bestelako borrokak ere ezagutzen ditugu. Egunerokotasunean errealitate ezberdinak badaude herrigintzan ere, gizarte arlokoak askotan ikusezinak direnak. Gu, horrelako bat pairatzen dugun arte, gaixotasun bat dela edo familia eredu ezberdin bat dela, ez gara konturatzen.


Aiora Zulaika: Bizipoza behar ezberdinak dituzten bai haurren eta familien elkarteen bilgune bat da. Izan nahi du, euskaratik eta alaitasunetik, bai haien beharren bozgorailu baina baita beraien baloreen bozgorailu ere. Sekulako ekarpena egiten diote elkarte horiek gure gizarteari, horretarako elkarlan batean ari gara lanean.

Joxe Mari Agirretxe: Bizipoza bi norabidekoa da. Batzuetan elkartasuna hitza aipatzerakoan guk haiei zerbait emango baliegu bezala ulertua dago. Baina lanean jartzerakoan eta haiekin bat egiterakoan, konturatzen zara beraiek gehiago ematen dizutela zuri, zuk haiei baino.

Bizi garen mundu bidegabe honetan... gaur egun siriarrekin, irakiarrekin, afganistarrekin eta beste zenbaitekin gertatzen ari dena adibide bat baino ez da...konturatzen zara zenbat bidegabekeria eta arazo dagoen egungo gizartean.

Askotan gainera arazo edo bidegabekeria bat dagoenean, joera izaten da azpian dagoena zapaltzeko. Horrela sortzen dira fobiak, xenofobia dela, homofobia dela... Elkarte hauekin lanean jartzean, konturatzen zara eman baino gehiago jasotzen duzula.

Elkarte hauek munduaren beste ikuskera bat eskaintzen dute. Denok eduki beharko genituzke eskubide berdinak, berdintasunezko harremanak...

Gure proiektuaren bitartez, modu saretu batean, azkenean txikitasunetik mezu bat irudikatzen eta zabaltzen lortzen ari gara. Horrela sortzen da bizipozaren kontzeptua, bizipoza sortzen da ematetik eta jasotzetik eta mundu justuago bat egitetik. Ez da norabide bakarrekoa, bi aldetako ekarpena da eta horrela denok aberasten gara eta bizipoza gertuago eduki ahal izango dugu.


Anabel Arraiza: Elkarteen elkartea da, Irrien Lagunetik (Katxiporreta, Berria taldea, Elkar) abiatutako proiektua izan da. Irrien Lagunak duela bost urte abiatu zen eta Bizipoza duela hiru urte inguru.

Martxan jarri zen behar bat ikusten zelako eta ospakizun egunarekin ere horrela hasi ginen. Hasiera batean Irrien Lagunak Kluba Eguna ospatzen hasi ginen, lehena Usurbilen eta hurrengoa Gernikan izan ziren. Hurrengoa Lazkaon ospatu zena, Bizipozaren Eguna izan zen jada, Gizartegintza elkartea sortua zegoen eta beraien beharrak eta baloreak zabaltzeko erabili izan da geroztik. Azkena Arrasaten egin zen eta oraingoan Tolosa aukeratu dugu.

Sarearen eta auzolanaren garrantzia zenbaterainokoa da?

A.A.: Ikaragarria da. Urte guztian zehar gurekin lan egiten dutenak, Tolosako eragile ezberdinak eta bertan parte hartzen duten guztiak boluntarioki egingo dute lan eta hemendik gure esker ona adierazi nahi diegu. Denon laguntza beharrezko da aurrera ateratzeko.

J.M.A.: Oso garrantzitsua da elkartasuna eta saretzea; horrela denon artean indar bat sortuko dugulako. Sarearen kontzeptua ezinbestekoa da, hitz egiten ari gara ezberdintasunez eta bidegabekeriaz beteriko mundu batez eta horri aurre egiteko saretu beharra dago, bestela ez dugu zer egiterik izango.

Konturatzen zara badaudela errealitate ezberdinak, hasiera batean elkarren artean zer ikusirik ez dutela dirudi baina ondoren kontrakoa dela konturatzen zara. Adibide bat baino ez da ijitoen errealitatea. Ematen du gureak ez duela zer ikusirik ijitoen kulturarekin, baina baditugu gure antzekotasunak ere: errekonoziturik ez dagoen kulturarena, alegia; gutxitua dena eta baztertua izan dena da ijitoen kultura.

Kultura honek aldarrikatzen du ere munduaren aurrean leku bat izan nahi duela eta nortasuna mantendu nahi duela.

Beste adibide bat baino ez da, Gehitu elkarteak plazaratzen duen errealitatea: maitasuna, sexualitatea, afektibitatea eta mundu aske batean bizitzeko gogoa duen jendearena, alegia.

Badirudi, aldez aurretik, errealitate ezberdinak direla eta askotan ideia batzuk ezberdinak izateagatik ezin dugula elkarrekin bateratu. Baina proiektu honetan batera gaude eta batera egonik indar handiago bat lortzen dugu.

Azkenean saretuz indartu egiten dira ideia eta elkarte hauek guztiak, bide honetatik beraz bagoaz beste eredu bat lantzen.

A.Z.: Politagoa da gainera hori euskararen mundutik hasi denean. Baloreak bat datozenean, saretuz indartu egiten dira eta bozgorailu handiago bat izatea lortzen dugunean.


Zergatik aukeratu duzue Tolosa?

A.Z.: Egia esan Tolosa, festarako oso aktiboa da eta herri oso bizia da. Beti dago zerbait, Garagardo Azoka, Babarrun Festa... Astebururo edo astero beti dago txaranga bat, txistulariak, azoka... Herri oso bizia da. Niri horrek bultzada handia eman zidan Tolosara bizitzera etortzeko, horrelako herri bizia izateak asko lagundu zidan...

J.M.A.: Usurbil, Gernika, Arrasate, Lazkao, Tolosa...Oso herri potenteak dira, herrigintza oso garrantzitsua dutenak.

Bizipozaren zentzua 'ematearena eta jasotzearena' kontzeptua da. Guk dena emango dugu eta baliabide eta bitarteko guztiekin etorriko gara, baina Tolosak ere emango digu. Tolosak erakutsiko du herri bizi bat dela, euskaraz bizi dena, herrigintza garrantzitsu bat duena, kultura, kirolean eta baita gizartean ere. Alde horretatik herri aberatsa eta bizia dela erakutsiko du eta ez soilik Tolosak, Tolosaldea osoak. Irrien Lagunek emango dute, noski, baina Tolosak ere emango du.

Tolosan ere elkarte asko ezagutzen ditugu baita Irrien Lagunen parte direnak. Adibidez, Euskadiko Tourette Sindromea eta bestelako trastornoen familia elkartea ere hemen dago. Baita, San Filippo gaixotasunaren taldea, Sahararen aldeko mugimendu oso potentea. Elkartasunerako jende asko dago Tolosan eta horregatik ere aukeratu dugu Tolosa.

Zer aurkituko dute Bizipozaren Egunera gerturatzen direnek?

A.A.: Denetariko ekintzak egongo dira goiz eta arratsaldean, jendeak disfrutatu eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea izango du. Arratsaldean adibidez flashmob bat egingo dugu, bertan ahalik eta jende gehienak parte hartzea gustatuko litzaiguke. Kolore biziz eta elkartasunez kaleak bete, euskaraz eta alaitasunez betetako egun bat lortzea da gure helburua. Denei zuzendutako festa bat da familia guztiei. Nahiz eta bi gune izan, kalean ere giro ederra egongo da, bai Mulanbo edo txarangekin. Inor ez dugu behartuko dantza egitera, baina 'begietara begira' gonbita luzatzen diogu ondo pasa nahi duen orori.


Zapia sarrera gisa?

A.A.: Azkeneko bi urteetan zapia izan da sarrera gisa erabili izan dena. Irrien Lagunen harpidedun guztiek zapia etxean jasoko dute doan eta Irrien Laguneko partaide egin nahi duenak posible edukiko du egunean zehar harpidetzeko. Tolosan bertan egongo dira zapiak salgai eta aurten gainera zapia urdina izango da, Tolosako urdina.

Urteak aurrera doaz eta zuen taldea handitzen doa, zer dela eta?

J.M.A.: Bosgarren urtea da eta Irrien Lagunak elkartea harpidetzetan gora doa krisi garai hauetan. Proiektu hau, beharretik sortutako proiektua izan zen, euskaratik eta irakurzaletasunetik sortutakoa. Hutsune bat zegoen, lehen bazeuden Ipurbeltz edo Txirristra bezalako aldizkariak baina hutsune handi bat aurkitu genuen. Horiek itxi eta hutsune hori betetzeko asmo bezala jaio zen Irrien Lagunak elkartea. Proiektu honek hazitzeko nahia eta gogoa du. Pozik gaude izandako harrerarekin eta harpidedunak pozik izatea ere oso garrantzitsua da guretzat.

Azkenik eskerrak eman nahiko genizkieke Tolosako Udalari, Tolosako eragile ezberdinei, herrigintzari eta parte hartzen ari diren guztiei. Guztiak gonbidatu nahi ditugu festan parte hartzera eta festarekin batera gozatzera.

EGITARAUA

Alondegian:

9:00etan Txistulariak

10:00etan Irekiera Dultzaineroekin

10:30etan Harrera Instituzionala (Bertsolariak eta aurreskua)

10:45etan GKEFarekin sentsibilizazio tailerrak

11:00etan Udaberri dantza taldea

11:30etan Tolosako Musika bandaren kalejira

12:00etan Sari banaketa

12:15etan Txo, MikMak txikia

13:30etan Mulanbo batukada taldearekin Zerkausira

15:00etan Kale Dor Kayikoren eskutik kajoi tailrrak

16:00etan Ane eta Piratak ILGEko elkarteekin parrandan

17:00etan Pausoka-Pausoka abestiaren FlashMoba

17:30etan Txokolatada

18:00etan Amaiera

Euskal Herria plazan:

10:00etatik 17:00etara Puzgarriak eta Tailerrak (Txatxilipurdi eta RS. Fundazioa)

Zerkausian:

13:30etan Bazkaria

15:45etan Hirukide txarangarekin Alondegira

 

ELKARTEAK

• Seaskako Integrazio Batzordea.

• ADEMGI (Esklerosi anizkoitza).

• Afestta (Tourette sindromea).

• AGIPASE (Guraso bananduak).

• AMPGYL (Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen guraso elkartea).

• ARNASA (Fibrosi kistikoa).

• ASPANOGI (Haur minbizidunak).

• AURRERA ATERA.

• BANAIZ BAGARA.

• BEROA (Harrera familiak).

• BOCALAN BIAK BAT.

• CHERNOBILEN LAGUNAK.

• ETIOPIA UTOPIA.

• EUSKAL GORRAK.

• GEHITU.

• GIPUZKOAKO KIROL EGOKITUEN FEDERAZIOA.

• GIZAKIEN LURRA.

• GURE NAHIA ELKARTASUNA.

• GURE SEÑAK.

• KALE DOR KAYIKO.

• PAUSOKA.

• SAHARAREN ALDEKO GOIHERRIKO LAGUNAK.

• UME ALAIA (Adopzio familia).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!