"Binakako denboraldia bikaina izan da, orain arteko onena"

Asier Imaz 2015ko ira. 18a, 08:36

Azken egunak etxean pasatu ditu Lara  Arruabarrena (Tolosa, 1992) tenislariak. Atzo, Asia aldera joan zen, denboraldi amaierako txapelketak jokatzera.

Zer moduzko denboraldia egiten ari zara?
Oraindik Asiako itzulia gelditzen zait. Lau txapelketa jokatuko ditut bertan. Orain artekoari dagokionez, ondo joan da. Hobea izan zitekeen, baina baita txarragoa ere. Binaka bikain ibili naiz, eta agian, banaka falta izan zait zerbait. Baina esan bezala, denboraldia ez da amaitu eta ea hobetzen joaten naizen.

Txapelketak irabaztera ere iritsi zara.
Binakakoan txapelketa bat irabazi dut, eta horrez gain hiru finaletara iritsi naiz. Banaka bi finalerdietara iristea lortu dut. Hor daukat arantza.

TOP 100aren barruan zaude, behintzat.
Hori da. Binakako sailkapenean 33. postuan nago. Denboraldi oso ona izaten ari da, eta oraindik ez da amaitu. Banakakoan 94. postuan nago, eta gorago amaitzea gustatuko litzaidake.

Orain artekoari dagokionez, buruan gelditu zaizun momentu on bat?
Binaka egin genuen US Open-a.  Grand Slam batean ez nintzen inozi final laurdenetara iritsi, eta hor lortu genuen. Banakakoan lurreko denboraldiarekin geratzen naiz. Konfidantza gehien zoru horren gainean izan dut, eta hobekien ere hor jokatu dut.

Eta momenturik txar bat?
Denboraldi batean bolada onak eta ez hain onak egoten dira. Azken horietan Ameriketako itzulia aipatuko nuke, emaitzak onak ez zirelako izan. Baina horrek ez du esan nahi momentu txarrak izan zirenik. Denboraldi batean horrelakoak gertatzea normala da.

‘WTA Rising Stars’-etik ere aukeratu zaituzte.
Jokalari gazteen artean egiten duten aukeraketa bat izaten da, WTAren finalera gonbidaturik joateko. Horretarako jendeak bozkatu egin behar du, aukeratuak izan diren tenis jokalari gazte horien artean. Beraz, espero dut jendeak niri bozkatzea. (Barreak).

Nolakoa da tenislariaren bizitza?
Gogorrena bidaiak dira. Aeropuertuetan egon behar hori, 22 orduko bidaiak,... Hori bai, behin iritsi behar duzun lekura iritsita, dena aldatzen da. Niri izugarri gustatzen zait bizitza hori.

Eta nolako bizitza da beste hori?
Munduko hainbat lekutara joaten zara. Beti izaten da aukera gauzaren bat eta bestea ikusteko. Hori bai, ez zoaz turismoa egitera, eta ez da jendeak pentsatzen duen bezala. Txapelketan gero eta aurrerago joan, egun gehiago izaten dira, eta horietan, tenisean bakarrik pentsatzen duzu.

Ez al duzu etxea faltan botatzen?
Egia esan ez asko. Gustura etortzen naiz, eta gozatu egiten dut hemen, baina beste bizitza hori ere asko gustatzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!