Izena aldatuta, baina izana ez

Imanol Garcia Landa 2015ko ira. 17a, 16:06

Hainbat ekitaldirekin, egun guztiko festa giroa izango dute larunbatean Tolosako Ugane auzoan

Hemezortzi pertsona bizi dira Tolosako Ugane auzoan, eta larunbatean, Ugane Egunean, 100 inguru elkartuko dira bazkarian. «Denok parte hartzen dugu antolaketan», azaldu du Jaione Iurramendi auzokideak. Orain 17 urte hasi ziren ospatzen eguna, eta aurten pentsatu dute izena aldatzea: «Beti jarri izan dugu Uganeko Festak, eta komentatu genuen gurea eguna zela. Lan handia suposatu arren, festa giroan igarotzen dugu», azaldu du Iurramendik, eta gaineratu: «Guretzako antolatzen dugu eta gure lagunentzat. Denok parte hartzen dugu festan eta antolaketan ere bai. Ondo pasatzeko eguna da eta auzo giroa sendotzea du helburu». 
 
Tolosako auzo bat izan arren, Ikaztegietarekin lotura handiago du, bertatik oso gertu baitago, eta Uganera joateko ere ohikoena bertatik joatea baita. «Guk, egia esan, Tolosarekin baino Ikaztegietarekin dugu lotura gehiago. Besteak beste, seme-alabak eskolara bertara joan izan dira. Aldabakoekin ere harremana dugu, azken finean gure auzoa Aldabaren barruan dagoelako, eta Aldabako auzo elkartean ere sartuta dago. Tolosa urruti geratzen zaigu», esan du Iurramendik.
 
Aurtengo bazkaria azken urteotako jendetsuena izango dela dio: «Auzokoez gain, senideak eta lagunak etortzen dira. Gertuko jendea izaten da. Ez dugu kartelik jartzen bazkarirako izena emateko, baina jendea inguratzen da azkenean. Etxe bakoitzak egiten du bere zerrenda eta gero auzokide bat arduratzen da janari zerbitzukoekin hitz egiten». 
 
Egitarauari erreparatuz, lehen ekitaldia txirrindulari igoera izango da. Urtero egin den proba da, batez ere haurrei eta gaztetxoei zuzendua. «Helduak gutxiengoak gara. Ikaztegietako eskolako ikasleek parte hartzen dute, eta auzotik heldu batzuk, auzokide gazteenak 17 urte baititu». 
 
Urtero pizgarriren bat antolatzen saiatzen dira eta aurten, iaz bezala, sega erakustaldia izango da. «Iaz auzokide batek parte hartu zuen. Aurten lauak auzokoak ez izan arren, bat oso gertukoa da eta besteak ere ingurukoak dira», esan du Iurramendik. «Espero dugu jendea etortzea. Gero, bazkaltzera ere geratuko dira parte-hartzaileak». 
 
Goizean ere poteoa izango da bertsolariekin eta trikitilariekin. Pintxoak jarriko dituzte salgai, auzokideek prestatutakoak, egunaren antolaketa gastuei aurre egiteko. «Hernaniko eskolako bertsolariak izango dira. Beraientzako ere aukera izaten da horrelako plazak esperientzia hartzeko». 
 
Arratsaldean hainbat motatako jokoak izango dira,  haurrentzat zein helduentzat, eta horien ondoren egingo dute saskiaren zozketa. Aurretik, egun guztian zehar ariko dira txartelak saltzen.
 
Afaria iritsi aurretik kontzertua egingo dute. Bertako musikariak eta lagunak elkartzen diren Santuipeko taldeak egingo du emanaldia. «Urtero egiten dute saioa. Kantuak prestatzen dituzte, eta letrak ere lotura izaten dute auzoarekin. Polita izaten da, zerbait ezberdina», esan du Iurramendik. Afariarekin bukatuko dute eguna, eta 50 inguru elkartuko dira. «Hor ere jarraitzen dugu festa giroan, kantuan dela, edo bertsotan».

Uganeko Eguna 2015

11:00: Uganeko 17. txirrindulari igoera
Jarraian, Hernaniko bertsolari gazteek animaturiko poteoa, pintxo eta guzti
12:30: Segalariak. 500m2-ko belar saila zein bikotek lehenago ebaki. Parte hartzaileak: Andoni Dorronsoro (Ikaztegieta) eta Jokin Garmendia (Baliarrain); eta Andoni Egia eta Jexux Mari Ormaetxea (Orendain).
14:00: Auzo bazkaria
Arratsaldean, ume jolasak, toka, mus txapelketa eta segidan saskiaren zozketa
20:00: Santuipekoen kontzertua
21:30: Auzo afaria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!