Aretoen epelaz gozatzeko urte-garaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 17a, 13:18

Udazkeneko kultur egitaraua aurkeztu berri du Tolosako Udalak eta, horrekin batera, laugarren Kulturzale txartela ere eskuragarri izango dute ikus-entzule fidelenek.

"Tolosa kultur aniztasunaren plaza bizia izango da datozen hilabeteotan". Nuria Carbonell kultura zinegotziak horrela hasi zuen udazkeneko kultur egitaraua aurkezteko agerraldia eta, ia topiko bilakatu den arren, asko du egiatik. Musika, dantza, antzerkia, literatura, horien arteko fusioak,... Bihartik hasita, abendura bitarte, astebururo izango da Tolosako aretoez gozatzeko aukera, horrek udazkenean duen xarmarekin.

Egitarau mamitsuarekin batera, gainera, Kulturzale txartelak ere lehen urteurrena bete du, ikasturtea hastearekinbatera, eta eskaintzak eskuragarri jarraituko du, ikus-entzule fidelenak saritu eta berriak erakartzeko.

Guztira, egitarauko bederatzi emanaldi bilduko ditu Kulturzale txartelak. Berezko prezioa 110 eurokoa litzateke, baina, Kulturzale txartela eskuratzeko dutenek, 60 euroren truke gozatu ahal izango dute emanaldi horiez guztiez. Iazko moduan, gainera, aretoko eserleku onenak gordeko dizkiete txarteldunei, baldin eta sarrerak ikuskizuna baino bi egun lehenago hartzen badituzte.

Eserleku fidelenen mauka

Gala lirikoak irekiko du, bihar, 20:30ean, udazkeneko egitaraua. Haren atzetik, berriz, Mecano taldearen omenezko La fuerza del destino eta Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolisto baten konfidentziak saioak izango dira. Kulturzale bonoa, ordea, Faemino y Cansado bikotearekin jarriko dute martxan. Urriaren 2an izango da, 20:30ean, Leidor aretoan.

Joan den astean estreinaturiko Kreditua antzezlanak ere hartuko du Leidorreko oholtza, Zuhaitz Gurrutxaga eta Joseba Apaolazaren eskutik. Kritika bikaina jaso ditu lanak, eta aukera paregabea izango da gozatzeko, urriaren 9an, 20:30ean.

Antzerkitik musika eta literaturaren fusiora jauzi eginez, Kulturzale txartelaren abantailekin, Lekord taldea Topic zentroko aretoan ariko da, urriaren 10ean, 20:00etan. Sokak ikuskizuna eskainiko dute, ezohiko musika instrumentuekin, euskal doinuak eta euskal hitzak uztartuz. Aipatzekoa da, gainera, Amaia Ruiz eta Iñaki Letamendia tolosarrek parte hartuko dutela emanaldian.

Dantzazaleek euskal mugetatik haragoko erritmo eta mugimenduak ezagutzeko ikuskizuna izango dute, Askoa Etxebarrieta La Pulgari begira. Leidorren ariko da, urriaren 16an, 20:30ean, Berriketan izeneko lanarekin; hau ere Kulturzale txarteleko eskaintzan sartu dute.

Eta, urriko eskaintza oparoa ixteko, Tolosako kultur egitarauan ia ezinbesteko bilakatu den emanaldia izango da, hilaren 23an, Leidorren, 20:30ean. Benito Lertxundiren Oroimenaren oraina birak geldialditxoa egingo du, bere azken lana nahiz aurreko hamaika eta bat doinu taularatzeko.

Herriko artistek zabalduko dute azaroko eskaintza ere, Xabier Zeberio kide den Alos Quartet-el Garden diskoa aurkeztuko baitu, azaroaren 6an, 20:30ean, Leidorren. Ez da, ordea, sokazko laukotea, bakarrik izango: Oreka TX eta Aukeran dantza konpainiaren laguntza izango dute.

Gau arabiarra antzezlana ikusteko aukera ere izango da bonoarekin, Hika Teatroren eskutik. Azaroaren 20an izango da, 20:30ean, Leidorren.

Azkenik, udazkeneko Kulturzale eskaintza biribiltzeko, Artedramaren Arrastoak eta Joserra Senperenaren 9 ganbera pieza emanaldiak izango dira Tolosan. Lehena abenduaren 11n, izango da, 20:30ean, Leidorren, eta bigarrena, berriz, abenduaren 18ko iluntzean, Topic zentroan.

Bihartik aurrera, 200 Kulturzale txartel eskuragarri izango dira Tolosako kultur etxeko harreran, 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara.

 

EGITARAU OSOA:

Irailak 18, ostirala. Gala lirikoa, 20:00etan, Leidorren.

Irailak 25, ostirala. La fuerza del destino musikala, Mecanoren omenez, Leidorren. 19:00etan eta 22:00etan.

Irailak 26, larunbata. Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketa saioa, Topic zentroan, 20:00etan.

Urriak 2, ostirala. Faemino y Cansadoren ¡Como en casa ni hablar! emanaldia, 20:30ean, Leidorren.

Urriak 9, ostirala. Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga, Kreditua antzezlanarekin. 20:30ean, Leidorren.

Urriak 10, larunbata. Lekord taldeak Sokak eskainiko du, 20:00etan, Topic-en.

Urriak 16, ostirala. Askoa Etxebarrieta La Pulga ariko da, Berriketan dantza ikuskizunarekin, 20:30ean, Topic zentroko aretoan.

Urriak 17, larunbata. Txutxupe emanaldiarekin iritsiko dira, Txirri, Mirri eta Txiribiton, 17:00etan, Leidorrera.

Urriak 23, ostirala. Benito Lertxundi Leidorren ariko da, 20:30etik aurrera, Oroimenaren oraina biraren barruan.

Azaroak 6, ostirala. Alos Quartet laukoteak Garden aurkeztuko du, Oreta TX eta Aukeranen laguntzaz, 20:30ean, Topic-en.

Azaroak 7, larunbata. Urteroko Zikloia egitasmoaren barruan, Birakabareta izango da, 19:30ean, Topic zentroan, sei emakumeren eskutik: Laia Sales, Mar Marcos, Itziar Saenz de Ojer, Irantzu Mantxo eta Bea Larrañaga.

Azaroak 20, ostirala. Hika Teatrok Gau arabiarra eskainiko du, 20:30ean, Leidorren. Besteak beste, Kandido Uranga, Ramon Agirre, Ainhoa Aierbe, Martxelo Rubio, Ane Pikaza eta Iker Vergara ariko dira.

Abenduak 9, asteazkena. IKASLEENTZAT SAIO ITXIA izango da, Topic zentroan, Bagabigahiga izenburupean. Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta ariko dira.

Abenduak 11, ostirala. Dejabu panpin laborategiaren eskutik, Arrastoak antzezlana, Leidor aretoan, 20:30ean. Donostia saria jaso du lanak, eta birako azken saioa izango da Tolosakoa.

Abenduak 18, ostirala. Joserra Senperena Topic zentrora itzulikoa da 9 ganbera pieza apustuarekin. Topic zentroan izango da, 20:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!