Alkateei elkarrizketak

Olatz Peon: «Uemak eskaintzen dituen zerbitzuekin, Tolosak ez luke barruan beharko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 17a, 12:04

Udalek ere irailean hartzen dute lan erritmoa, eta aurrera begirako asmo eta gogoez aritu da Olatz Peon Tolosako alkatea.

Hiru hilabete daramatza agintean, eta «oso intentsuak» izan direla dio. Etxeko bizitza ordu txikitako bilerekin uztartzea suertatzen zaio zailena, Olatz Peoni (Tolosa, 1969), baina harturiko konpromisoari eusteko gogotsu azaldu da.

Uda aurretik bi liberazioren berri eman zenuten. Horrekin jarraitzeko asmoa duzue?

Gai hau oso polemikoa eta politizatua izan zen, lehenengo udalbatza ospatu eta alkateak erabakitzen baitu bere soldata zein izango den. Legeak hori agintzen duen arren, ez zait txukuna iruditzen. Horregatik, Gardentasun batzorde berrian hori lantzea pentsatu genuen, lasaiago eta alderdi politiko guztiek iritzia emanez. Legeak baditu zenbait muga, baina irizpide objektiboak finkatzea da gure asmoa, eta hori da egingo duguna.

Batzorde hori berrikuntza bat izan da. Nola funtzionatuko du?

Lehendik ere bada gardentasun lege bat, eta Tolosako Udala, gaur egun, oso larri dabil, oraindik, lege horren mugetan. Beraz, orain lege hori aztertzen eta zein aldaketa egin daitezkeen begiratzen ari dira. Bide beretik, herritarrekiko harremana batzorde horrek landuko du, eta gardentasuna zeharlerro izango da udalean, euskara edo berdintasuna bezala.

Abenduan aurkeztu beharko duzue 2016ko aurrekontua. Inbertsio nabarmenik izango da?

Ez litzaidake txukuna irudituko ezer aurreratzea, oraindik batzordea ez baita elkartu. Dena den, udaleko organigrama-proposamenean, jada badira zenbait aldaketa. Garapen ekonomikoa gure kanpainako ardatzetako bat izan zenez, hori herriko eragileekin landu beharko dugu orain, eta horrek isla izango du aurrekontuan. Lehen, garapen ekonomikoa makro-batzorde batean lantzen zuten, eta guk gai horiek banatu egin ditugu.

Nola?

Tolosa merkataritza dentsitate handiena duen herria da EAEn, eta garbi dago arreta berezia jarri behar zaiola. Horretarako, departamentu berri bat proposatu genuen, eta Merkataritza, ostalaritza eta turismoa batzordea gauzatzen ari gara. Bestalde, Enplegua eta Industria ere batzorde bat izango da.

Kanpainan Apatta Industriguneko bigarren fasea ere nabarmendu zenuten. Zein proposamen dituzue?

Tolosaldea Garatzeneko lehendakaritza irailaren 7an aldatu zen eta, beti bezala, orain ere Tolosak hartu du. Orain hasiko gara lanean, baina, Lehiberrik bultzada handia behar du, bere adar guztietan. Tolosari begira, gure ustez, udalaren eskumeneko neurriak udalak hartu behar ditu, industria babesteko esparruetan ere. Orain arte eskualdeko gaiak Lehiberrira bideratu izan dira, baina, aldi berean, horrek tokiko ikuspegia galtzea ekarri du. Industriak, krisi garaian, aparteko bultzada behar du, eta ez iragan lau urteotan bakarrik, papergintza erori zenez geroztik. Horrenbestez, Enplegu eta garapen ekonomikoaren batzordean landu beharko da guztia.

Hondakinen mankomunitateko ordezkaritza ere aldatu berri da eta, horren harira, galdera behartua: zein asmo duzue Tolosarako?

Mankomunitateak kudeatzen duen zerbitzu bakarra bilketa da. Azken aldian, udalerri bakoitzak erabaki du bere bilketa sistema zein izango den eta, orain, Tolosak ere erabaki egingo du. Hondakinak biltzeko gure proposamena askotan errepikatu izan dugu, eta edukiontzi handiak ezartzean datza. Gainera, hondakin mota guztiak jasotzen dituzten puntuak jarri behar dira, herritarrak hondakinak botatzera doazenean, aukera izan dezaten kartoia, plastikoa edo organikoa puntu berean botatzeko. Maiztasunak ere handituko ditugu, mugarik gabe eta erraztasunak emanez. Eredu hori eraginkorrena da, gure ustez, eta jada azterketak egiten ari gara, aldaketa hori nola egin erabakitzeko. Komunikazio kanpaina potolo bat ere martxan jarriko dugu, jendeari bere hondakinak egoki sailkatu ditzala eskatuz.

Hilaren 4an Bilbon izan zinen, Euskal Herriko beste 127 alkaterekin batera, Memoriaren Plaza egitasmoa abiarazteko. Zein bide ireki dezake?

Garaiz da oraindik, baina elkarretaratze horrek garrantzi handia du. Biktimak dauden herrietan gai hori ez ahaztea nabarmendu zuten bertan, eta, horretarako, memoriaren eguna erreferentziatzat hartzea. Tolosak badu monolito bat, eta Jokin Bildarratzen garaian egin zen biktimak gogora ekartzeko ekitaldi bat. Bestalde, Bizikidetza foro bat ere bada, eta beraiekin harremanetan jarri naiz dagoeneko. Garbi dagoena da, udala ordezkatzen dugunok biktima horiengandik gertu egon behar dugula eta, beraz, lehen lanketa harremanak estutzea da. Tolosan izandako biktima bakoitzeko, lanketa hori egiteko arrazoi bana dago, eta hori egiteko modua gertu egotea da, eta entzutea, adierazpen potolorik egin gabe. Lehen pertsonan hori guztia bizi izan dutenek adieraz dezatela nola sentitu diren, zergatik egon diren bakarrik eta egun hori nola gogoratzea nahiko luketen. Uste dut hori dela bidea. Bestalde, udala aspaldidanik ari da, Aranzadirekin, memoria historikoa biltzen

Tolosako bigarren emakumezko alkatea zara. Nola ikusten duzu, 2015. urtean, emakume politikaria?

Aldaketa jasan du, baina, oraindik ere, lan handia dago egiteko. Indarra adierazten den sektoreetan zailagoa da emakumeon parte hartzea, gizonezkoak beti protagonista izan baitira; politika horietako bat da, aginte postuekin, eta, nabarmenki, gizonezkoak lehen mailakoak izan dira. Zinegotzi nintzenean ere sentitzen nuen, eta orain askoz ere nabarmenago. Bilera askotan emakume bakarra izanik, gauzak behin baino gehiagotan errepikatu behar dituzu, aintzat hartzeko. Legeak gutxieneko batzuk eskatzen dituen arren, errealitateak zera dio: emakumeoi zail suertatzen zaigula politikan aritzea. Egoera dena delako, eta gizartean familia-egiturak direnak direlako.

Berdintasuna zeharlerrotzat definitu duzu lehen. Tolosan elkarte gastronomikoen afera izan daiteke arazo nabarmenetako bat?

Tolosan, orain amaituko da iaz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinaturiko hitzarmena, eta Berdintasun Saila orain hasiko da, berriro, elkarteekin gaia lantzen. Baina elkarte gastronomikoen auzia ez da gatazka bat, haustura bat da; Hondarribikoa ere halaxe da, adibidez. Hori gaia lantzeko oztoporik handiena da, aurrerabiderik ez baita izaten sarri. Esaterako, Udaberri dantza taldeak, San Joan egunean emakumeek parte hartzeko bidea egin zuen. Ordura arte liskarrik ba al zegoen? Ez, ez zegoen, baina, era naturalean, parte hartze hori gertatu da. Uste dut modurik egokiena hori dela, posible den neurrian, noski.

Tolosa Ueman sartzearekiko azaldu zenituzten desadostasunak medio, zer gertatuko da?

Euskara hizkuntza gutxitua den aldetik, beti egin izan dira diskriminazio positiboko politikak; bai aurreko agintaldian, eta baita aurrekoan, aurrekoan eta aurrekoan ere. Horren harira, Tolosak baliabide izugarri ditu euskararen bizi-berritzerako: udal euskaltegiak, euskara saila, Galtzaundi, euskara hutsezko komunikabideak,… Uema, berriz, oso garrantzitsua izan liteke baliabide horiek ez dituzten udalerri txikiagoentzat. Urriko batzarrean gure posizioa azalduko dugu: Uemak orain eskaintzen dituen zerbitzuekin, Tolosak ez luke barruan egon beharko.

Azken asteotan albiste da Siriako errefuxiatuen auzia eta, Tolosan, Ahal Duguk mozioa aurkeztuko du osoko bilkuran. Zein puntutan da prozesua udalean?

Egia esan, ni haserre samar nago zenbait erakundetan, politikoki, gaia nola kudeatu duten ikusita; barrena mugitu dit. Iruditzen zait itxurakeriatan aritu direla, zein lehenago aterako; eta, noski, ez zait etikoa iruditzen, gaia zein den ikusita. Uste dut Tolosako Udalak adierazpen instituzional bat atera beharko lukeela, batetik, alderdi guztien adostasunaz; bestela ez. Baina benetako lanketa nahi duena lanean hasten da, eta ez mozioak aurkezten. Udaletxera hainbat herritarrek deitu dute, beren prestutasuna azalduz. Gobernua martxan dago, eta beste alderdietako bozeramaleak ere bai. EUDELen eskutik proposamenak ere iritsiko dira. Lanean ari gara auziari dagokion erantzuna emateko.

Azaroan amaituko da Osasun Sailaren eta Asuncion klinikaren arteko hitzarmena. Berretsi egingo duzue?

Tolosaldean osasun sistema publikoa izatea jaurlaritzak bermatzen du, klinikarekin duen hitzarmenaren bitartez. Beraz, hitzarmen hori amaitzen baldin bada, berritzea espero dut, beharrezkoa delako. Klinika publiko egitearen aldeko mugimenduak eta haien aldarrikapenak legezkotzat ditut eta, agian, beharrezkoak dira, gaiak mugitzeko. Baina, egungo egoerari begiratuta, eta Donostia Ospitalea eskualdetik zein gertu dagoen ikusita, aukera bakarra hitzarmena da. Guk, udal moduan, Asuncionen zerbitzua duina eta kalitatezkoa izatea bermatu behar dugu. Hortik aurrera, herritarrek baloratu behar dute zerbitzua nolakoa den, horretarako dituzten kanaletan. Bide beretik, TOPAkoekin oraindik ez gara bildu, baina hitz egingo dugu.

Tolosaldea Garatzen

Oro har, enpleguari dagokionean nola ikusten duzu Tolosaldea?
Enpleguari dagokionez Tolosaldeak badu berezitasun nabarmen bat. Tolosaldea nortasun eta izaera industrialeko eskualdea izanik ere, zerbitzu sektoreak indar berezia hartu du iragan gertuan. Industria sektorea erabakigarria izan da eta da gure eskualdeko garapenean, baina industria eta nekazaritza arloak izan ditu lanpostuen galera gehien, eta ondorioz, egoera honi gertutik erreparatu beharko zaio. Tolosaldeko datuak Gipuzkoako lurraldearekin alderatzen baditugu, pareko egoeran gaudela esan dezakegu. Baina bada berezitasun bat kontuan izateko moduan. Gurean, enpresaren tamainaren ezaugarria, ertain eta txikia nagusiki, portzentualki handitzen joan da eta hori, orain arte egindako azterketetan kontutan hartzeko ahultasun moduan agertu zaigu. Hori guztia kontuan izanik gaur egungo garapen ekonomikoari bultzada emateko erronka nagusia da dagoen sarea mantentzearena, eta horretarako administrazioak dituen baliabide guztiak jarri beharko ditu merkataritza eta ostalaritzan, industrian eta baita nekazaritzan ere, lanketa hori egiteko beharrezkoa izanik kolaborazio publiko-pribatua.

Zer egin behar dute udalek eskualdean enplegua sustatzeko?
Enpleguaren sustapenak krisi garaian garrantzia berezia hartzen duela ebidentzia bat da, beraz administrazio guztiak, lokaletik hasita, bere eskumenen barruan enplegua sustatzeko eta lan merkaturatzeko politika eraginkorrak bultzatu beharko ditu. Horrelakoetan garrantzia berezia hartzen du administrazio ezberdinen arteko elkarlanak, eta 2. enplegune hau izan liteke elkarlanerako adibide argi bat.

Zer nolako garrantzia dute eskualdearentzat honakoa bezalako Enplegu programek?
Enplegu programek krisialdia gainditzeko erabateko irtenbidea ematen ez badute ere, eraiki behar den etorkizunean ditugun erronka ekonomiko eta sozialei erantzuteko aurrerapauso izan litezke, eta horregatik enpresari laguntzeko plangintzak egitea beharrezkotzat jotzen dut. Gure eskualdeak duen lehiakortasuna garatzeko elkarrekiko konpromisoa antolatu behar dugu guztion artean; aberastasuna sortzeko gaitasunarekin batera, gizartearen kohesiorako mekanismoak sendotuz aldi berean. Gizarte Politikarik eraginkorrena enpleguaren sorrera da, herritarrak bizitza duin eta baliabide egokiz hornitutakoa izan dezaten. Ez da bakarrik aparteko garrantzia duen gaia, gainontzeko oinarrizko eskubideak bermatuak egon daitezen dagoen aurrebaldintza baizik.

Zein dira etorkizunean ikusten dituzun erronkak, eta zer nola egingo diezue aurre?
Lehen aipatu dudan moduan, izaera publiko eta pribatuko eragileen elkarlana sustatzea derrigorrezkotzat jotzen dut, horretarako lehiakortasuna eta berrikuntzarako foroa den LEHIBERRI indartzea egokia dela uste dut, bertan landutako arlo ezberdinak: formakuntza, elkarlana, barne-ekintzailetasuna, internazionalizazioa eta komunikazioa. Administrazio ezberdinekin elkarlanean, eskualdeko enpresa sarean eragina duten eragile ezberdinak bilduz, ekimen, programa eta ekintza ezberdinak egin ahal izateko, modu honetara benetako beharrei erantzun egokia eman eta egon daitezkeen gabeziei eta ahultasunei aurre egiteko. Azken finean, herri honetako garapenean laguntzen duten sektore guztien arteko elkarlana eta benetako administrazio babesa da erronkarik nabarmenena: Industriaren alorrean bai, baina baita nekazaritzan ere. Eta ezin ditugu merkataritza, ostalaritza, azokak eta turismoa ahaztu, horrela garapen integrala aurreikusiz, garapen ekonomikoaz gain garapen soziala ere lortuko baitugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!