Jabetze eskolak eguneroko bizitzaren esparru guztiak hartuko ditu

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 16a, 10:05

Ikastaroetako izen ematea zabalik da, jada, Tolosako kultur etxean

Galdu ezinezko hitzordu bilakatu da, askorentzat, eta esperientzia eta jakintza berriak berenganatzeko aukera, hainbat eta hainbatentzat. Tolosako Jabetze eskola beste behin martxan da eta, urritik abendura bitarte, musika, literatura nahiz ariketa fisikoa izango dira, beste hainbat jarduerarekin batera, emakumeen eskura.

Hiru hilabeteko egitarauak prestatu ohi ditu Tolosako Udaleko Berdintasun sailak, eta ikasturte hasierakoa benetan tentagarria da.

Horrela, saio batzuk errepikatuko dituzte, eta beste asko berriak izango dira. Zoru pelbikoa lantzeko tailerra, batukada, munduko emakumeen literatura, gizonen eta feminismoaren inguruko hitzaldia, komunikazioari eta jabetzeari buruzkoa, autodefentsa feminista nahiz beste hainbat saiok betetzen dute abendura bitarteko agenda.

Agenda horretako izen-ematea kultur etxean egin daiteke jada eta, ikastaroei buruzko informazioa, berriz, jarraian irakur daiteke:

 

ZORU PELBIKOA ZAINTZEKO TAILERRA

Dinamizatzaileak: Vanesa Polo, Isabel Relancio eta Saioa Hernandez.

Eguna:  urriak 3, 10, 17 eta 31  (larunbata).

Ordua: 10:30-12:30.

Lekua: Kultur Etxea (Trianguloa).

Ele bitan.

5€

Pelbis-zorua ahuldu egiten da bizitzan zehar, lan egiten dugunean, pisua kargatzen dugunean, erditzean... Urteak pasatu ahala geroz eta gehiago erresumintzen da. Ikasturte honetan emakumeentzako topagune bat sortuko dugu, geure gorputza zaintzeko ezagupenak garatuko ditugu eta pelbis zonako muskulatura landuko dugu modu osasungarrian.

 

 

MUNDUKO EMAKUMEEN LITERATURA

Dinamizatzailea: Mertxe Tranche.

Eguna: urriak 7 eta 28, azaroak 18, abenduak 9 (asteazkena).

Ordua: 18:00-20:00.

Lekua: Haur Liburutegia (Errota).

Gaztelaniaz.

5€

Udal Liburutegiarekin elkarlanean.

 

Irakurle moduan hobeto orientatzen gaitu jakiteak zein den emakumeon literatur tradizioa, zein bere gaiak, zer elkarrizketa izan zuten garai bakoitzean emakume idazleek kultura dominatzailearekin eta nola lortu zuten bizirautea kultura horren erasoa gorabehera. Ez da iraganaren ezagutza soilik, baizik eta garaikideak diren emakume idazleen lana garbiago ulertzeko modua. Defentsa da... eta plazera.

 

 

BATUKADA FEMINISTA

Dinamizatzaileak: Arantxa Vicedo Rubio eta Ainara Sarasketa.

Eguna:  urriak 13 eta 27, azaroak 3, 10 eta 21, abenduak 1 eta 15. (asteartea).

Ordua: 18:30-20:30.

Lekua: San Estebango Auzo Elkartea (Ferialekua).

Ele bitan.

10€

Batukada feminista ikastaroaren helburuak dira ondo pasatzea, musikaz gozatu eta gozaraztea, emakumeon arteko harremanak sustatzea, emakumeok kulturan dugun parte hartzea indartzea, irudimena eta sormena jorratzea, batukadaren gidaritza hartuaz emakumeon jabetzea indartzea, auto-garapen propioa bultzatzea eta emakumeok eta feministok ikusiak eta entzunak izatea. Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde-lanean aritzeko eta sormena lantzeko aukera emango du ikastaroak.

 

 

HITZALDIA:

GIZONAK ETA FEMINISMOA: PRIBILEGIOTIK INPLIKAZIORA

Hizlaria: Jokin Azpiazu Carballo.

Eguna: urriak 14 (asteazkena).

Ordua:19:00.

Lekua: Abastos (Plaza Berria).

Ele bitan.

 

Gizonezkoez eta feminismoaz aritzean galdera ugari sortzen zaizkigu: Zer pentsatzen dugu gizonezkook feminismoaz? Ba al dakigu zeintzuk diren haiek egindako ekarpen nagusiak? Eta, are gehiago, feminismoa nola ulertzen dugu: mugimendu sozial bezala, norbanakoa eta bere ingurunea eraldatzeko tresna bezala, teoria bezala ala horiek denak batera? Zer egin dezakegu? Nola jokatu? Nola eraldatu?

 

Galdera asko dira ziur aski denak batera erantzuteko, baina denak ala denak dira garrantzitsuak gizonezkook feminismoan izan nahi dugun parte-hartzea irudikatu, sendotu eta, zergatik ez, zalantzan jarri eta galdera berriak irekitzeko. Azken hamarkadetan saiakera ugari egon dira gizonezkook gai feministetan trebatu eta aktibatzeko, arrakasta maila ezberdinekin gainera. Saiakera horiek ulertu eta kritikoki berrikustea abiapuntu ezinbestekoa da etorkizuneko lerroak marrazteko.

 

KOMUNIKAZIOA ETA JABETZEA. ASERTIBITATEARI, BERDINTASUNEZKO HARREMANEI ETA GATAZKAK KONPONTZEARI BURUZKO TAILERRA

Dinamizatzailea: Pepa Bojó.

Eguna:  urriak 14-abenduak 2 (asteazkena).

Ordua: 15:00-17:00.

Lekua: Kultur Etxea (Trianguloa).

Gaztelaniaz.

10€

 

Komunikazioa da gainerako pertsonekin hartu-emanean jartzeko modua, eta, orobat, gure izatearen, gure sentitzeko eta mundua ikusteko moduaren adierazpidea ere bada. Generoari loturiko hezkuntzak hainbat jokabide eta jarrera baldintzatzen ditu, baita komunikazioa bera ere, eta, hala, hezkuntza horren arabera, hitza eman edo ukatu egiten dugu, komunikazio pasibo edo erasokorreko moldeak indartzen ditugu eta abar. Modu eraginkorrean eta asertiboan komunikatzen ikasteko, beharrezkoa da gure lekua hartzea, adierazteko dugun gaitasunaz ahalduntzea. Aldi berean, komunikatzeko modu hori harreman garbiagoak eta sanoagoak sortzeko tresna ere bada, norbanako guztiak berdintasunezko egoeran jarririk..

 

AUTODEFENTSA FEMINISTA

Dinamizatzailea: Maitena Monroy. Indarkeria sexistan aditua. FeministAlde-ko kidea.

Eguna eta ordua:  urriak 23 (ostirala), 16:00-20:00; eta urriak 24 (larunbata), 10:00-14:00/15:30-19:30.

Lekua: Kultur Etxea (Trianguloa).

Ele bitan.

5€

Ikastaro honetan ikasiko dugu erasoak identifikatzen, jatorria aztertzen, indarkeria alderdi guztietatik eraikitzen eta bere ondorioak zein diren. Mekanismoak eta ekintzak bilatuko ditugu eguneroko bizitzako eraso egoerei erantzuteko. Espazio bat sortuko dugu gure eskubideen, gure erantzukizunaren eta gure gaitasunen inguruan kontzientziatzeko, eta bide horretatik emakumeei gizonekiko baldintza berdinetan bizitzea eragozten dien indarkeriarekin amaitzeko.  Indarkeriaren inguruko mitoak eta errealitateak ere aztertuko ditugu, eta bere ondorio indibidualak nahiz kolektiboak baloratu.

 

 

HITZALDIA:

EMAKUMEEN AZTARNAK ETA AZTARNA FEMINISTAK: PLAZARATZEA ETA JABETZEA

Hizlariak: Zaida Fernandez eta Luz Maceira.

Eguna: urriak 30 (ostirala).

Ordua: 18:30.

Lekua: Abastos (Plaza Berria).

Ele bitan.

 

Tokiko eskalan, emakumeen memoria kolektiboa berreskuratzeko prozesu ugariei buruz hitz egingo dugu hitzaldi honetan. Parte-hartzezkoak izan dira prozesu horiek, “emakumeen aztarnak eta aztarna feministak” kontzeptua oinarri hartuta. Besteak beste, aztarna horiek zer diren eta zeren ondorio diren azalduko dugu, eta emakumeek eta feminismoak gure herri eta hirietan eginiko ekarpenak berreskuratzea zergatik den premiazkoa eta garrantzitsua esplikatuko dugu. Animatu parte hartzera eta gure memoria kolektiboari buruz guztiokelkarrekin gogoeta egitera. Zuen zain izango gara!

 

GENERO, LIDERGOA ETA INTELIGENTZIA EMOZIONALA

 

Dinamizatzailea: Miriam Ocio.

Eguna: azaroak: 5, 12, 19, 26 eta abenduak: 3  (osteguna).

Ordua: 18:00-20:00.

Lekua: Abastos (Plaza Berria).

Gaztelaniaz.

5€

 

Lidergoak aldaketarekin du zerikusia eta aldaketa gugandik hasten da; gure burua ezagutzeko eta onartzeko gaitasunarekin abiatzen da aldaketa, eta hor hasten gara estrategiko izaten, gure helburuak identifikatzen eta gure baliabideak horiek lortzeko bidean jartzen. Proiektuak, lantaldeak eta abarrak gidatzeko, beharrezkoa da geure buruaren gidari izaten ikastea, eta, horretarako, hainbat kontzeptuak eta gogoetak hartuko ditugu, berdin enpresa munduko hausnarketak berdin pentsamendu feministak, eta sinergiak sortzen saiatuko gara, teoria batzuen eta besteen artean eta tailerrean parte hartzen dugun pertsonen artean.

 

Horrela, tailer honen asmoa da alderdi soziala eta pertsonala uztartzea, estereotipo sozialetan

arakatzea, botere hierarkikoan ez, ahalmen pertsonalean oinarritzen diren erlazio-ereduen berri jakitea. Horretarako, mugatzen gaituzten sinesmen eta usteak jorratuko ditugu; gure emozioen berri jakiten eta horiek hobeto kudeatzen ikasi nahi dugu, lidergorako motorra diren heinean; lidergo horrek gure desirak eta helburuak, gure ametsak, uztartu behar ditu.

 

 

ARTEA ETA EMAKUMEAK

Emakumeok artean izan dugun ikus(ezintasunetik) ibilbidea.

(Tailer teoriko praktikoa).

 

Dinamizatzailea: Patirke Belaza.

Egunak eta orduak: azaroak 13 (ostirala) 17:30-20:30, eta azaroak 14 (larunbata), 10:30-13:30.

Lekua: Abastos (Plaza Berria).

Euskaraz.

5€

 

Emakume artistek aintzatespen sozial gutxiago izan dute, beraien lanek prezio txikiagotan saldu, nekez aurkitzen ditugu arte liburuetan, beraien lanak pribatuaren mugaren barnean utzi ohi ditugu eta euren teknikak artisau-lantzat hartu izan dira, tradizioz.  Oso emakume gutxi azaltzen zaizkigu jeniotzat. Bestalde, artistikoki azaltzen diren biluzien %70 gizonezkoen ametsezkoa irudikatzen duten emakumeen biluziak dira. Artearen historian gizonezkoek aktore eta emakumeak irudi direla ematen du.

 

HITZALDIA:

SEXUALITATEAK EUSKAL LITERATURAN

Hizlaria: Iratxe Retolaza.

Eguna: azaroak 30 (astelehena)

Ordua: 18:00.

Lekua: Haur Liburutegia (Errota).

Euskaraz.

Literaturara hurbiltzeko bi begirada gurutzatuko ditugu saio hauetan: batetik, sexualitate(ar)en eraikuntzaren eta errepresentazioaren inguruko hausnarketak; eta bestetik, begirada feminista. Bidegurutze horretan, literaturaren eta sexualitatearen arteko gogoeta-bideak zabaltzea izango da helburu nagusia, betiere ikuspegi feminista abiapuntutzat hartuz. Galdera hauetariko zenbait erantzuten ahaleginduko: nola irudikatu da sexualitatea euskal literaturan? Izan al da euskal literatura sexualitate-ereduak iraunarazteko gune? Edo proposatu al dira euskal literaturan sexualitate-eredu berriak? Begirada feministak sexualitatearen zer diskurtso garatu du literaturan? Irakurleok nola eraikitzen dugu sexualitatearen errepresentazio literarioaren eta geure sexualitatearen arteko harremana?

 

 

NIK ERE BADITUT IKASKETAK, NOLA HOMOLOGATU?

Dinamizatzailea: Katia Reinberg Castello. Bidez bide Elkarteko kidea.

Eguna: urriak 15 (osteguna).

Ordua: 18:00-20:00.

Lekua: Kultur Etxea (Trianguloa).

 

Bidez Bide Elkartea eta Tolosaldea Garatzen-eko Migrazio eta Aniztasun Sailarekin elkarlanean.

 

Emakume askok jatorrizko herrietan ikasketak burutu genituen, baina egun ez gaude horretan lanean, eta ezin dugu gure prestakuntza adademikoa jarraitu. Jarduera honetan esperientziak partekatuko ditugu, eta bigarren hezkuntza, batxilergo, ikasketa tekniko edo goi mailakoen homologazio, balioztatze eta onarpen prozesuaren inguruko informazioa, aholkularitza eta orientazioa emango ditugu.

 

 

Parte hartu nahi baduzu jatorri kultural desberdinetako emakumeentzako aisialdi, laguntza eta entzute-espazio batean,  GURETZAKO (Para nosotras) topagunera jo dezakezu.

 

Eguna: Hileko hirugarren astelehena: irailak 21, urriak 19, azaroak 16 eta abenduak 21.

Ordua: 17:00-19:00.

Lekua: Abastos (Plaza Berria).

Gaztelaniaz.

Antolatzailea: Tolosaldea Garatzen-eko Migrazio eta Aniztasun Saila, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzarekin.

Argibideak eta matrikula:

Matrikula Kultur Etxean ordainduko da, izena emateko orduan.

Informazioa eskatzeko, hots egin beheko telefono zenbakira edo mezua bidali beheko e-mailera:

943670383

berdintasuna@tolosakoudala.net

 Izena emateko eta matrikula egiteko epea:

Jarduera hasi baino bi egun lehenago bukatuko da izena emateko eta matrikula egiteko epea.

Haurtzaindegi zerbitzua:

Doako haurtzaindegi-zerbitzua egongo da, aurretik izena eman eta eskatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!