Tolosa CF-ek indartsu hasi du denboraldia

A. Imaz 2015eko irailaren 15a

Martuteneren etxean 0-2 irabazi zuten tolosarrek, denboraldiko lehen partida. Berezi eta Arrieta izan ziren goleatzaileak.

Martutenek iaz denboraldi borobila osatu zuen. Denboraldiko lehen partida, beraz, gogorra tokatu zitzaion Tolosa CF-i. Etxetik kanpo jokatzeak ordea ez zituen beldurtu urdinak, eta lehen zatian 0-2 jarri ziren aurretik, Berezi eta Arrieta goleatzaileei esker.

Justo Lillo entrenatzaileak honela ikusi zuen partida: "Bagenekien aurkari zaila izango zela Martutene. Iaz bigarren itzuli handia egin zuten, eta gazte batzuekin osatu dute taldea. Oraindik elkar hartzen ari direla uste dut. Partidako lehen minutuetan bi taldeak hartu eta eman ibili ziren, baina gero baloiaren jabetza gurea izan zen. Nahiko txukun ibili genuen, nahiz eta akats batzuk egin. Orokorrean ondo esango nuke". 

Lehen zati horretan iritsi ziren tolosarren bi golak. Bigarren zatian, "aurkariaren atera azkarregi" iritsi nahi izan zutela dio Lillo entrenatzaileak. "Lehen 20 minutuetan nahastuegi ibili ginen. Egia da beraiek gehiago presionatu zutela, baina lasaitasuna falta izan zitzaigun". Hori, aldaketekin lortu zuten tolosarrek. Azken minutuetan, jokoa erabat kontrolaturik izan zuten urdinek, Lilloren esanetan. 

Bi gol sartzeaz gain, Tolosa CF-ek aukera ugari izan zituen partida osoan zehar, markagailuan aldea handitzeko. 

Justo Lilloren lehen hamaikakoak 4-2-3-1 joko sistemarekin jokatu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!