Garagardo zaporeko saskiratzea

Imanol Garcia Landa 2015ko ira. 13a, 10:00

TAKE saskibaloi kluba ari da antolatzen aurtengo Tolosako Garagardo Festa; irailaren 17tik 20ra bitartean izango da, Zerkausian.

Azken urteotan irailean hitzordu berezia izaten da Tolosako Zerkausian: Garagardo Azoka. 17. aldia izango da aurten eta garagardoa, ukondoa eta saltxitxak dastatzeko modua izango da irailaren 17tik 20ra. Baina aldaketa bat izango da, antolatzailea Tolosako Adiskideok Kirol Elkartea (TAKE) izango delako, hau da, eskualdean saskibaloia sustatzen duen kluba.

Aurreko Garagardo Azokak aurrera eramaten beste kirol talde batzuk aritu dira: Judo elkartea, Tolosa C.F. emakumezkoen txirrindulari taldea, Tolosaldea IKT igeriketa taldea eta Igarondo Urpekoak taldea. Hauek antolakuntza uztea erabaki ondoren, eta Tolosako Udalak festaren jarraipena bultzatzea nahi zuenez, aukera iritsi zitzaien TAKEkoei, eta erronka hartzea erabaki zuten.

Josu Arregi TAKEren lehen taldeko jokalariak eta azokaren marketin taldeko kideak azaldu duenez, «erabakia nahiko azkar hartu behar izan genuen. TAKEko lehendakariak azaldu zigun iaz egindako lana gogorra izan zela, eta hori dena egin aurretik zergatik ez horrelako ekimen bat antolatu eta dirua lortzeko aukera izan».

Iazko denboraldian lehenengo aldiz EBA ligan aritu zen TAKEko gizonezkoen lehen taldea eta horrek aurrekontua handitzea ekarri zuen. «Ligaz igotzerakoan aurrekontua ere igo zen eta kopuru horietara iristeko iazko denboraldian beste bide batzuk hartu genituen aurrekontu hori lortzeko. Eta aurten garagardo azoka antolatzearen bidea zabaldu zaigu», zehaztu du Arregik.

Iazko denboraldiari begira, Tolosako komertzioen eta enpresen artean babesleak lortzeaz gain, crowdfunding kanpaina abiatu zuten. Crowdfunding kanpaina oso ondo joan zitzaien, baina aurten ez dute kanpaina horri berriro ekingo eta garagardo azokarekin lortu nahi dute denboraldiaren aurrekontu beharrak betetzeko.

Gero eta klub handiagoa


TAKE zuzendaritzatik hainbat talde sortu dituzte: hornikuntzakoa, marketinekoa eta lan taldearen kudeaketa. Taldeetan banatu dira, baina parte hartuko du saskibaloiaren familia guztiak. «Nik uste dut denok kontziente garela zer garrantzitsua den horrelako ekimen bat ondo prestatzea», esan du Arregik. «Azkenean etekinak ekartzen dizkio klubari, eta ez bakarrik ekonomikoak».

200 pertsona inguru daude TAKE klubean, jokalari, prestatzaile eta zuzendaritzako kideak kontuan hartuta. Orain 27 urte sortu zen eta hazten joan da, egun 15 talde izan arte, senior, jubenil, kadete eta infantil mailak kontuan hartuta. «Aurrekontuaren portzentaje handiena lehen taldeari laguntzeko izan arren, askotan ez da jakiten badaudela beste 180 pertsona atzetik», azaldu du Arregik.

Orain 5-6 urte TAKE Eskola sortu zen eta hori zabaltze handi bat izan dela dio Arregik: «Konturatu gara ez dela klub txiki bat, dagoeneko handia dela. Eta dimentsio hori kontuan hartuta, behar den lana kluba aurrera ateratzeko oso handia da. Nik uste dut denok garbi dugula, eta hori da garrantzitsuena, kluba aurrera atera nahi dugula eta urtez urte gero eta handiago izatea nahi dugula».

Bide horretan ekin diote Garagardo Azokaren antolakuntzari, eta ekimenaren zabalpenean ere badituzte zenbait asmo: «Marka bat sortu nahi diogu azokari, marka sendo horrekin erakutsi ez dela ekimen sinple bat, ekimen sendo bat dela». Horrela, kartelari garrantzia eman diote, eta alde batetik, «ondo pasatzearena» transmititu nahi dute, eta bestetik, buelta bat eman nahi diote «kirol talde bat izan eta garagardo azoka antolatzeak izan dezakeen halako kontraesanari».

Sare sozialetatik ere azokari indarra eman nahi diote. Batetik, Facebook-en fan page-a edo orrialdea sortu dute festaren berri emateko. Ondoren, orrialde hori ere erabiliko dute klubaren berri emateko. Bestetik, Twitter sarerako, #takeabeer traola sortu dute, azokako mezuak zabaltzeko. Horrez gain, takesb.eus webgunetik ere azokaren berri emango dute. «Kartelak jarriko ditugu, baina TAKEko komunitateak baditu jarraitzaile asko eta horrekin jokatuko dugu», esan du Arregik.

Ehundik gora pertsona lanean

Menuari eta garagardoei dagokionez, orokorrean jarraipena emango diote aurreko urteetako azoketan zerbitzatutakoari. Aurten, Olañeta euskal artisau garagardoa izango da berritasuna. Etxe horretako hiru garagardo mota izango dira. Beste berritasuna glutenik gabeko garagardoa izango da azokan. «Tolosan tabernetan gero eta gehiago eskaintzen dira glutenik gabeko produktuak, eta guk ere ikusi dugu aukera hori eskaintzea», azaldu du Arregik. Garagardo bereziek lau euro balioko dute eta normalek hiru euro. Horrez gain, fruitu lehorrak ere eskainiko dituzte, afalordua iritsi bitartean, garagardo dastaketari laguntzeko.

Beste bi ekimen ere nabarmendu dituzte antolatzaileek. Batetik, aukera izango du bezeroak tuper metaliko batzuen bitartez janaria eramateko Zerkausitik kanpora, hau da, etxe batera, elkarte batera,... Bestetik, beste egun baterako pitxarra gordetzeko aukera eskainiko dute.

Egitarauari dagokionez, larunbat gauerako DJ batekin giroa jartzeko asmoa dute, «jendeak azken tragoak hartzeko tabernetara joan aurretik». Horrez gain, ekimen bat darabilte buruan: kanasta bat jartzea, lehiaketak egiteko. «Txartela erosita, aukera izango da hirukoa botatzeko. Eta saskiratzea lortuta, sariren bat eskuratu ahal izango da», azaldu du Arregik.

Gogotsu daude TAKEko kideak azoka antolatzen. Ehundik gora pertsona ariko dira egunero lanean: azoka kudeatzen, janaria prestatzen, zerbitzatzen, garbiketa lanak egiten... «Jende dezente ari da izena ematen laguntzeko, eta TAKEko kideez gain, lagunak eta senitartekoak ere ariko dira lanean».

Arregik azaldu duenez, «erronka» izango da beraientzat azoka prestatzea. «Orain arte klubak ez du horrelako ekimenik antolatu. 3x3 txapelketa lan talde txiki batek antolatu du, meritu handiz, baina garagardo azokan jende asko ariko da lanean eta hori konplexuagoa da».

TAKEko lehen taldekoek azokan laguntzeaz gain entrenamenduak eta denboraldi-aurreko partidaren bat jokatzea uztartu beharko dituzte. «Entrenatzaileak azaldu digu gogorra izango direla egun horiek, partidez eta entrenamenduez gain lana egin beharko dugulako azokan. Lau egun bizi izango dira», esan du Arregik. Hain justu, azokako larunbatean 18:00etan partida izango dute. «Partida jokatu eta lanera jan beharko dugu; behintzat afaria izango dugu...».

Azken urteotan erronka handiak gainditu dituzte TAKEkoek, besteak beste, lehen taldea EBA ligara igotzea. «Aldaketa handia izan da azken bost urteotan», esan du Arregik. «Adibide garbia da partidetara etortzen den jende kopurua». Eta zale horiek mantentzea, eta ahal bada, handitzea. «Entrenatzaileak beti esaten digu, etortzen den jendearengatik, horregatik bakarrik, dena eman behar dugula kantxan. Eta ez kantxan bakarrik, horrelako ekimenekin ere bai. Zaleen maila hori mantendu nahi badugu lanean jarraitu behar dugu».

Garagardo Azoka arrakastatsua antolatzea izango da bide horretan beste pauso bat, beste saskiratze garrantzitsu bat.

 

XVII. GARAGARDO FESTA

MENUA

Saltxitxak 2,5 euro

Brotxetak 2,5 euro

Ukondoa 10 euro

Piperrak 2,5 euro

Patatak 1,5 euro

Gazta eta irasagarra 2,5 euro

Euskal pastelak 2,5 euro

Ura 1 euro

Fruitu lehorrak 1 euro

GARAGARDOAK

Horiak

Ambar especial lager

Wernesgruner pils

Bitburger Pilsner

Beck´s plils

Marlen Dormunder

Bitburger drive (0,0)

Estella Artois

Pilsner Urquell

Olañeta

Garizkoak

Licher Weizen

Franziskaner Weissbier

Zuriak

Hoegaarden Witbier

Txigortuak

Leffe Rose Abadia

Export Extra

Lowenbrau pilsner

Olañeta

Beltzak

Tennent´s Stout

Köstritze

IPA

Olañeta



EGITARAUA

Irailak 17, osteguna

18:00. Azokaren irekiera eta zinta mozketa.

00:00. Itxiera.

Irailak 18, ostirala

18:00. Egunaren hasiera.

01:00. Itxiera.

Irailak 19, larunbata

18:00. Egunaren hasiera.

23:00. DJa.

01:00. Itxiera.

Irailak 20, igandea

18:00. Egunaren hasiera.

00:00. Bukaera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!