Elkartasuna bizi-filosofia bilakatzeko azoka izango da Trianguloan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 10a, 10:12

Sareginez elkarteak Gipuzkoako Boluntariotza elkarteen feria antolatu du etziko

Eraiki mundu hobeago bat, egin zaitez boluntario izango da leloa, eta trianguloa, berriz, plaza. Larunbatean, Gipuzkoako boluntariotza elkarteen azokak lagunduko dio ohiko nekazaritza produktuenari, eta, 10:30etik 14:30era bitarte, hainbat postu eta informazio izango da herritarren eskura, elkartasuna bizi-filosofia egin nahi duten haientzat.

Sareginez plataforma Gipuzkoan boluntariotza jorratzen duten irabazi asmorik gabeko elkarteek osatzen dute, eta plataforma bera da azoka antolatzen duena; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gizalde Gipuzkoako Boluntariotza agentziaren babesa ere jasotzen du proiektuak. 2010. urtean hasi zirenez geroztik, Donostia izan dute boluntarioen lanaren oholtza. Horrela, estreinakoz hiriburutik kanpo ospatuko dute larunbateko azoka.

Miren Gurrutxaga Gizaldeko arduradunak azaldu duenez, horixe izan da, hain zuzen, beren erronketako bat: «Ia elkarte guztien egoitza nagusiak Donostian daudenez, inertziaz-edo, beti Donostian bertan egin izan dugu azoka. Horregatik, gure erronka izan da Gipuzkoara ere zabaltzea».

Izan ere, azokaren helburu behinena boluntariotza bera bistaratzea da: «Hainbat arlotan egin daitekeen lana ezagutarazi eta gizarteratzea, boluntariotzak inguru hurbila eraldatu eta mundu bidezkoago bat eraikitzen laguntzen baitu», diote.

Elkarteok jorratzen dituzten baloreak plazaratzearekin batera, noski, Trianguloan egingo duten azokaren bigarren helburua boluntario berriak erakartzea da: «Askotan, jendeak pentsatu ere ez du egiten boluntario izatearekin, aurrean ikusi arte. Bide horretan, azoken eragina nabaritu izan dugu, beti etortzen baita lagundu nahi duen jendea», azaldu du Miren Gurrutxagak.

Horrenbestez, injustizia, gaixotasun nahiz arazoen aurrean beren alea jarri nahi dutenek aukera zabala izango dute larunbat goizean, honako elkarteek beren postuak jarriko baitituzte: Cáritas, DYA, Gurutze Gorria, Nagusilan, Atzegi, Jatorkin, Intered, EGK, Haurralde, Afagi, eta RAIS Euskadi.

Azkenik, informazio formalagoarekin batera, zenbait jarduera ere prestatu dituzte haur zein helduentzat, Trianguloa plazan bertan.

Egitaraua

10:30. Azokaren irekiera.

11:00- 14:30. Makillaje tailerra, txapak egiteko tailerra, mandalak egiteko tailerra eta jolas kooperatiboak.

11:30- 12:15. Betiko abestien emanaldia, J.M. Soroaren eskutik.

14:30. Azokaren amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!