"Azken momentura arte egon gara zain, baina zorte txarra izan dugu"

Asier Imaz 2015ko ira. 9a, 09:59

Iaz, Ponferradina taldean aritu zen Bigarren Mailan Julen Castañeda (Tolosa, 1990). Denboraldi amaieran, lehenik ebakuntza bat egin zioten, eta ondoren, ez zioten kontratua luzatu. Realeko harrobitik ateratako atzelariak, «urduri» pasa zituen abuztuko azken egunak.

Fitxaketen merkatua joan den hileko azken egunean amaitu zen, eta tolosarra talderik gabe geratu zen. Atzetik hiru edo lau talde izan arren, azkenean, futbolaren beste aldea ezagutzea tokatu zaio. Oraindik, ordea, ate guztiak ez dira itxi.

Futbolaren beste aldea ezagutzea tokatu zaizu. Lehenik eta behin, zer moduz zaude?
Buelta ematen. Merkatua ixtear zegoela oso urduri egon nintzen. Etxekoak ere berdin, guraso eta neskalaguna. Egia esan, ez dugu oso ondo pasa.

Ponferradinak ez zizun jarraitzeko aukerarik eman, ezta?
Ez. Denboraldi amaieran gainera, pubis arazoak tarteko, ebakuntza egin zidaten. Horrek gauzak are eta zailago jarri dizkit. Ponferradinako kirol zuzendariak nirekin gustura zegoela esan zidan, baina nik ere aldaketa behar nuen, eta onena esperientzia berri bat bilatzea izango zela pentsatu nuen.

Talde berri baten bila hasi zinen orduan. Kasu horretan, zein izaten dira jokalariarentzat eman beharreko urratsak?
Maila horretan zaudenean, agentea izaten duzu ordezkari lanetan. Beraiek hasten dira talde batekin eta bestearekin hitz egiten. Nire kasua ez zen erraza, ebakuntza egin berria bainuen. Bagenekien talderen batekin fitxatzekotan, azken momentuan izango zela. Eta azkenean, zorte txarra izan dugu.  

Azken momentura arte urduri egon zinela esan duzu. Horrek esan nahi du, taldeak atzetik izan bazenituela.
Bai. Hiru edo lau taldek euren interesa erakutsi zuten. Batzuekin hilabete osoan egon nintzen hitz egiten, eta kontratu bat ere eskuan eduki nuen. Baina denborak aurrera eginagatik ez zer ezer zehazten. Beste jokalari bati baja eman behar ziotela esan zidaten hasieran. Gero ezin ziotela baja eman, urte osoa geldirik geratuko zelako. Luzapena atzera bota omen zuen gero jokalariak. Azkenean, kaltetua ni izan naiz.

Hiru edo lau talde aipatu dituzu. Izenak esaterik ba al dago?
Hilabetez Mallorcarekin egon naiz hizketan. Entrenatzailearen gustukoa omen nintzen. Jabi Ros bertako jokalariarekin ere hitz egin nuen. Mallorca nire atzetik zebilela esan zidan, eta ilusio handia egiten zidan horrekin. Azken momentuan Bigarren Mailako Lugok ere interesa erakutsi zuen. Bigarren B Mailako beste hainbat talde ere hor ibili dira, baina azkenean, guztia ezerezean gelditu da.

Guzti horrek urduritasuna areagotu egingo zuen, ezta?
Maillorcakoa benetan aukera oso ona zela uste dut. Baina egunak pasa ahala urduritzen joan nintzen. Gero kontatu zidaten presidente aldaketa bat egon zela, eta guztiak bere eskuetatik pasa behar zuela. Jabi Rosi zuzenean entrenatzaileari galdetzeko eskatu nion, ea nirekin zer asmo zuten jakiteko. Beste aukerak albo batera uzten ari nintzen, eta ezin nuen horrela jarraitu. Rosek galdetu zion eta planak aldatu zituztela esan zidan, atzelariak baino aurrelariak nahiago zituztela. 

Erabilia izan zarenaren sentsaziorik ba al duzu?
Bai, baina azken finean jokalari askori gertatzen zaio hori. Futbolean interes asko izaten da, eta egun batetik bestera dena alda daiteke. Mundu hau horrelakoa da, eta oraingoan niri tokatu zait egoera hau bizitzea.

Fitxaketen merkatua itxi arren, ate guztiak ez dira itxi.
Bai, horrela da. Zorionez fitxa profesionala daukat, eta...

Zer esan nahi du fitxa profesionala edukitzeak?
Bigarren B Mailan edo Bigarren Mailan jokalari batzuei fitxa profesionala egiten die. Bigarren B Mailako fitxa profesional bat hiru mila eurokoa izan daiteke. Bigarren Mailan adibidez, iaz 24.000 euroko fitxa nuen. Talde bakoitzak fitxa profesional kopuru bat izan beharra dauka, legez. Bigarren B Mailan bost jokalari direla uste dut, eta mailaz igotzen bada taldea, lehen urtean ez da aldaketarik, baina gero, fitxa profesional kopuruak gora egin beharra dauka. Lehen mailara igoz gero, berdin.   

Fitxa profesionalarekin zerbait kobratzen al duzu orain?
Ez, orain langabezian nago. Fitxa profesionala izatearen abantaila fitxaketei begirakoa da. Merkatua itxi zen arren, talderen batek fitxaren bat libre baldin badu, edo taldea osatzeko baldin badauka, oraindik libre dagoen jokalariren bat fitxatzeko aukera dauka. Edo lesio larriren bat ordezkatzeko aukera ere badute modu horretan. Hau da, merkatua bukatu den arren, nik oraindik fitxatzea daukat, neguko merkatuaren zain egon gabe.

Talderen bat jarri al da zurekin harremanetan?
Bai. Behin merkatua itxi eta talderik gabe geratu nintzenean, agenteak esan zidan ez zuela atsedenik hartuko nirea konpondu arte. Zorionez izen batzuk atera dira, eta ea lehenbailehen konpontzen den dena.

Izenak esan al daitezke?
Ez. Kasu honetan sinatu arte ezin da ezer esan.

Aukera errealak al dira?
Bai. Positibo nago. Entrenatzailearekin ere harremanetan egon naiz, eta ongi etorria izango nintzela esan zidan. Atzelari bezala ikusten zidan: hegalean edo erdian. Baina kirol zuzendaria, presidentea... ez dira errazak izaten gauza hauek. Ikusiko da zer gertatzen den.

Bigarren Mailan edo Bigarren B Mailan?
Gauzak dauden bezala, ez diot mailari begiratzen. Ebakuntza ondoren hiru hilabetez geldirik egon naiz, eta berriro futbolari sentitu nahi dut. Berdin zait mailaz jaistea; jokatu egin nahi dut. Gero zorte pixka batekin, gora egin daiteke.

Bien bitartean, zure kabuz ari al zara entrenatzen?
Lagun batek Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean ikasi du eta berarekin nabil goiz eta arratsaldez. Gimnasioa, korrika, baloia... geldirik behintzat ez gaude. Azken hilabeteak geldirik egon naiz eta erritmo falta nabari dut, horri buelta emateko ari gara lanean, eta aukera sortzen bada, prest egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!