Tolosa errefuxiatuen hiri izateko eskatu dio, Ahal Dugu-k, udalari

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 8a, 09:19

Engels Ateneoak ere hitzaldia antolatu du, hilaren 22an, errefuxiatuei laguntzeko

Azken asteotan lerroburu eta azal guztiak hartu dituen afera da, Siriako gerratik ihesi ari diren errefuxiatuena. Euskal Herritik milaka kilometrora dago arazoaren erdigunea, baina muga guztiak zeharkatu ditu errefuxiatuak hartzeko elkartasun gogoak. Horrela, eskualdean ere hasi dira lanean.

Batetik, Tolosako Ahal Dugu-k mozioa aurkezteko asmoa azaldu dio, udalari, datorren irailaren 29ko osoko bilkuran. «Azken 50 urteotan Europan izan den krisi humanitario handiena bizitzen ari gara, eta beren herriko gatazketatik ihesi dabiltzan milaka herritarrek ez dute babes legalik, errefuxiatu izateko», diote.

Horrela, beraz, Olatz Peon alkateari helarazi diote jada testua, eta EH Bilduko Lore Agirreri ere bai, Iñigo Cabiecesek jakinarazi duenez: «Osoko bilkura 29an da, baina erabakia lehenago hartu behar dela uste dugu, jendea hiltzen ari baita egunero-egunero».

Mozioko puntu nagusietan, besteak beste, bi eskaera nagusi egin nahi ditu Ahal Dugu-k. Lehenik, Tolosa babes-hiri deklaratzea nahi dute, babes politiko hori behar duten guztien harrera bermatzeko. Bigarrenik, berriz, Tolosako Udalak Europar Batasunari migrazio politikei dagozkion neurri eraginkorrak galdegitea nahi du talde politikoak.

Engels Ateneoan hitzaldia

Euskal Herria sozialistak ere hitzaldia antolatu du errefuxiatuei elkartasuna eskaintzeko. Hilaren 22an, izango da, 19:00etan, Engels Ateneoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!