Irene Caminos, zortzigarren Munduko Txapelketan

M.Iraola 2015eko irailaren 7a

Lehen aldiz parte hartu du tolosarrak Andorran jokatu den Munduko Txapelketan, eta emaitzarekin "oso gustura" geratu da.

Finaleko ateetan geratu zen Caminos. Bi puntu besterik ez zitzaizkion falta izan, eta azkenean zortzigarren amaitu zuen. "Maila handia zegoen, eta parte hartu dudan lehen aldia izateko emaitza ona dela uste dut" azaldu dio tolosarrak TOLOSALDEKO ATARIA-ri.

Taldekakoan ere domina lortzear izan zen. Lehen postuan zihoazela, taldekideetako bat erori egin zen eta azkenean laugarren postuan amaitu zuten. "Pena izan zen".

Munduko Txapelketan bizitako esperientzia oro har "oso ona" izan dela aitortu du Caminosek: "Trial eta mendi bizikletako txapelketak ere jokatu dira, eta lehiatzea egokitzen ez zitzaigunetan, beste probak ikusteko aukera izan dugu".

Bi aste barru, denboraldiari agur esateko Munduko Kopako azken jardunaldia jokatuko du. Une honetan zazpigarren lekuan da sailkapen nagusian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!