'Hondarribia, Berdintasunaren Hiria' saria jaso du Tolosako Udaberri taldeak

Ataria 2015eko irailaren 5a

Hondarribia, Berdintasunaren Hiria saria banatu zuten atzo lehen aldiz. Jaizkibel konpainiak antolatutako saria da, eta jaietan emakumeen parte hartzea sustatu duten pertsona edo taldeak aintzat hartzea du helburu. Lehen ekitaldian, Tolosako Udaberri taldearekin batera, Donostiako Kresala eta Zumarragako Irrintzi saritu dituzte.

Epaimahaiko kide izan den Garbiñe Biurrun epaileak sari banaketan jakinarazi zuenez, "jaiaren mamia aldatu gabe eta erakundeen laguntzaz, emakumeen parte hartzea lortu duten taldeen izenean” saritu dituzte Udaberri, Irrintzi eta Kresala. Biurrunekin batera, Maialen Lujanbio bertsolaria, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Xabier Lapitz kazetaria eta Nieves Alza, Hondarribia Saskibaloia klubeko presidente izandakoak osatu dute Hondarribia, Berdintasunaren Hiria sariko lehen ekitaldiko epaimahaia.

Jaizkibel konpainiaren bigarren entseguaren atsedenaldian egin zuten sari banaketa, Hondarribiriako Kultur Etxeko areto nagusian, atzo. Bertan, saritutako taldeetako ordezkariak eta haien herrietako gobernuetako kideak izan ziren. Haien ondoan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gaztedi eta Kirol eta Lankidetzako diputatu eta Hondarribiko Abotsanitz eta EH Bilduko zinegotziak. Saritutako hiru taldeek Jaizkibel konpainiaren zapi bana jaso zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!