Tolosar baino lehenago, berazubitar

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 6a, 10:00

Urrez jantzitako ospakizunak datozkio Berazubiri, auzoa osatu zela 50 urte beteko baitira hilaren 9an.

Mila bederatziehun eta hirurogei eta bosteko irailaren 9a zen, Martin Jose Iraola kalea inguratzen duten etxebizitzak dozenaka familiaren aterpe goxo bilakatu zirenean. Etxe zuriak 1957az geroztik eraikiak ziren arren, etxebizitza berriak Berazubiren auzo izaera biribildu zuten, duela 50 urte. Mende erdian asko aldatu da kale kantoi horietako bizitza, baina denborak ez du auzotarren arteko harreman epela hoztu. Horrela, kultur egitarau batekin ekarriko dute gogora, beren auzo kuttunaren urteurrena.

Egiazki, ez da gutxiagorako, Berazubi ehunka familiaren etxea baino gehiago baita: «Bada bizitza Berazubin egiten duen jende asko, Berazubin bizi gabe», dio Marian Pineda auzotar batek. Horrela, beraz, etxea bertan duten eta ez duten berazubitarrak elkartzeko helburuz antolatu dute, astelehenean bertan hasiko den egitaraua.

Jarduera ofizialen aurretik, auzotarrentzako bereziki antolaturiko hitzordua igandean bertan izango da, Topic museoa ezagutzeko; bisita gidatuak izango dituzte berazubitarrek, arratsalde osoan barrena. Astelehenean, berriz, auzoko argazki zaharren bitartez memoria dantzan jarri eta oroitzapenetan galtzeko aukera izango da, igandera bitarte zabalik izango baita argazki zaharren erakusketa. Xabi Buenok azaldu duenez, «auzotarrek ikaragarri lagundu digute argazkiekin, eta pilo bat jaso ditugu».

Ikasturte hasiera eta lan egunak pilaturik, kultur astea antolatzen aritu den lantaldeak badaki astegunetan ezin dela jarduera gehiegi antolatu. Irailaren 9a, ordea, ez da edozein asteazken: giltzak banatu zituzteneko eguna da eta, horrexegatik, egitarauko zita garrantzitsuenetakoak izango dira asteazkenean: «Zubitik su artifizialak botako ditugu 22:00etan eta, jarraian, 22:30ak aldera, bakarrizketa saioa izango da, May Gorostiaga eta hainbat lagunekin», azaldu du Agustin Artolak. Berazubikoen ospakizuna, beraz, tolosar guztiekin partekatzeko gogo eta asmoa ere badute, mende erdiaren aitzakian.

Azkenik, festa eta jaietan ohikoa den bezala, astebuari begira prestatu dituzte parranda giroko ospakizunak. Larunbatean, esaterako, auzo bazkaria egingo dute eta, diotenez, izen-ematea abiada bizian doa. Dultzaineroek eta txarangak girotuko dute poteoa eta bazkalondoan, Unsain taldearen erromeria izango da. Festak etenik ez du izango eta, beraz, ardo dastatzea ere izango dute, auzotik bertatik irten gabe. Azkenik, danborrada berezi-berezia antolatzen ari dira: «Inauterietan ere irteten gara, baina, larunbatean ahalik eta jende gehien elkartu nahi dugu danborradan, bikain joko ez dugu arren». Itzulia Tolosa CFren plazan amaituko dute, eta azken pieza zuzentzeko bi pertsona bereziren parte hartzea bilatu dute antolatzaileek. Batetik, aurten 50 urte bete dituzten etxeetan jaio zen lehen pertsona ariko da zuzendari lanetan eta, gisa berean, 1957an eraikitako etxe zurietan jaio zen lehena ere omendu nahi zuten: «Hura hil zen, ordea eta, haren senideek ez dute parte hartuko, beraz, etxe zurietan jaio zen bigarrenarekin saiatuko gara, ea parte hartzen duen». Danbor hotsei De Jotas DJaren abestiek emango diote segida.

Auzoa sehaska

Kultur aste batekin ospatuko dute auzoaren 50 urteurrena eta, hain justu, auzoko kultura galtzen ari ote denaren susmoa dute auzotarrek. Berazubi auzo bat baino gehiago da eurentzat, eta hori beren bizipenez hitz egitean nabaritzen zaie. Haurtzarotik nerabezarorako jauzian altzo gozoa zena, nerabezarotik helduarora iritsi bitarteko ezkutaleku bilakatu zen eta, gaur egun, teilaturik gabeko etxe da guztientzat.

«Bizipen asko eman dizkigu Berazubik, eta denok ezagutzen dugu elkar, adin desberdinetakoak izanda ere. Gure seme-alabek, aldiz, beren ezkaratzekoak baino ez dituzte ezagutzen», dio Marian Pinedak.

Garai batean auzoek sorturiko kuadrillak, gaur egun eskoletako gelek sortzen dituztela baieztatzen dute, begirada nostalgikoaz. Baina badute belaunaldi berriekin auzo-bizitza berreskuratuko denaren itxaropenik.

Periferiatik erdigunera

«Ikaragarri gozatu izan dugu gure auzoaz, jolasean eta jolasean», dio Marian Pinedak. Almirante Rekalde kalearen aldameneko etxe zuriak 1957an eraiki ondoren, 1965ean osatu zen auzoa, osorik; aipatzekoa da Paper Eskolak ere 50 urte bete dituela aurten. Horrela, kiroldegi zaharra zegoenera bitarte, araurik gabeko unibertsoa zen Berazubi, duela zenbait hamarkada: «Auzoan bospasei auto besterik ez ziren egongo eta, beraz, futbolean, soka saltoan nahiz harrapaketan jolasteko askatasun osoa izaten genuen», dio Pinedak. «Hori bai, gordeketan jolastea zailagoa izaten zen, ez baitzegoen ezkutatzeko ia autorik!».

Estadio zaharra ere oso gogoan dute haurtzaroko jolas orduak gogora ekartzerakoan, baina, tamalez, une horiek guztiak errepikaezinak direla diote, gaurko haurrentzat.

Batetik, Tolosako sarreretako bat Berazubitik egiten da eta, halabeharrez, autoen emana izugarri hazi da auzoan. Dena ez da ezkorra izango, ordea, eta denboraren joanak herriko periferiatik erdigunera eraman du Berazubi auzoa, lekutik mugitu ere egin gabe: «Eroski merkatal gunea irekitzeak asko ireki gintuen herrira eta, horrekin batera, Iurre auzoak ere bai. Gaur egun, zer esanik ez, etxe berri pila eraiki baitituzte azkenaldian».

Eta, etxe berrien bidetik, itxaropena ere bizirik dute kultur asteko antolatzaileek, etorkizunera begira. Auzo elkarteak bere jarduna etena zuen aspaldian, eta aurten ekin diote berriro, Berazubiko bizilagunen kezka, behar eta nahian asetzeko antolatzeari. Artolak, Pinedak eta Buenok hainbat bizilagunen parte hartzearen falta somatzen dutela diote, baina, etxe berrietara bizitzera etorriko diren gazteengan dute itxaropena: «Lokal bat emango digute etxe horien azpian, eta bizilagun berriak gurekin bat egitea nahiko genuke, denon onerako».

50 urte behin bakarrik beteko ditu Berazubik, noski, eta kultur aste indartsuak urteroko jaiak ekarriko ditu atzetik. Uda aurretik ekin zioten, dena den, mende erdia ospatzeari: «Txotxongiloak izan genituen, eta maiatzaren 23an 180 pertsona elkartu ginen, auzoko garagardo festa ospatzeko. Gainera, aurten estreinakoz San Joan sua ere egin dugu, eta sekulako arrakasta izan zuen, musika ere jarri baikenuen». Kontuak kontu, iraileko bigarren asterako prestaturikoaz gain, susmoa dute urtea amaitu aurretik beste hitzorduren bat gehituko zaiola.

Bien bitartean, jendeari animatzeko esan eta ospakizunez gozatzea besterik ez zaie geratzen, lehenengo berazubitar eta ondoren tolosar diren guztiei.

 

Berazubi auzoko 50. urteurrenaren egitaraua

 

IRAILAK 6, IGANDEA

Topic museoan bisita gidatuak egiteko aukera, auzotarrentzat,

IRAILAK 7, ASTELEHENA

19:00. Auzoko argazki zaharren erakusketa, plazan.

IRAILAK 8, ASTEARTEA

19:30. Sukaldaritza ikastaroa eta tailerra plazan.

IRAILAK 9, ASTEAZKENA

22:00. Su artifizialak botako dituzte zubitik.

22:30. Bakarrizketa gaua: La vuelta al barrio en 50 años. May Gorostiaga, Gorka Lariz, Kike Biguri eta Alex Rabanal ariko dira.

IRAILAK 10, OSTEGUNA

19:30. Berazubi auzoko patata tortilla lehiaketa.

20:00. Pintxo potea Berazubi plazan eta tabernetan.

IRAILAK 11, OSTIRALA

22:30. Berazubi auzoaren inguruko filma proiektatuko dute.

IRAILAK 12, LARUNBATA

10:30. Giroarte dultzaina taldea.

12:00. Kalejira Konponezinak kuadrillarekin, auzoko kaleetan barrena.

14:30. 50. urteurreneko bazkaria, Konponezinak kuadrillak girotuta.

18:30. Erromeria Unsain taldearen eskutik.

19:00. Ardo dastatzea: Arabar errioxarra, gaztea eta freskoa.

21:00. Afari-luntxa bazkarian parte hartu dutenentzat.

22:30. Danborrada auzoan barrena, txarangarekin batera. Elastiko zuria eta zapia jantzi beharko dira.

00:00. De Jotas DJak giroturiko parrandatxoa.

IRAILAK 13, IGANDEA

09:00. Diana Tolosako txistularien eskutik, auzoan barrena.

11:30. Artisautza azoka, Berazubiko artisauen eskutik.

12:30. Tolosako Musika Bandaren kontzertua, plazan.

16:30. Zezentxoak eta pottokak, haurrentzat, zezen plazan.

19:00. Areto dantzak.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!