Nazioartean sendotuz, badator II. Waterline jaialdia

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko ira. 3a, 12:58

Larunbatetik igandera, 70 pertsona eta 9 soka protagonista izango dira, Zerkausi inguruan

Oria gainean dantza egiten dutela esan liteke, baina, baita ibaiaren gainean ia hegan egiten dutela ere. Waterline jaialdiak bigarrenez hartuko du Tolosa, asteburuan, eta hango eta hemengo jendea erakarriko du Zerkausira.
Iazko estreinaldiko parte-hartzea igoz, etzi hasi eta igandera bitarte orekaren magiak liluratuko ditu ikusleak, 9 sokatan barrena.
Zerkausiko ibai-ertzean egindako aurkezpen agerraldian, Jose Ignacio Asensio kirol zinegotzia izan zen udalaren ordezkari, egitasmoa bigarrenez antolatu izana «zorioneko albistea» dela nabarmenduz: «Udalarentzat pozgarria da honi babesa ematea, eta indartzen laguntzea, beraz, herritar guztiei animatzeko deia egingo nieke».
Jorge Crespo eta Iñigo Manso antolatzaileek, berriz, parte-hartzearen gorakada nabarmenduz ekin zioten aurkezpenari: «Kirolari gehiago izango ditugu, aurten, gurean, 70 parte hartzailerekin. Sokak, berriz, 9 izango dira».
Eta orekaren mago horien artean, jokoak izango dira nagusi, Oria gainean dantza egiteko. Besteak beste, BilndLine deiturikoa nabarmendu zuten Mansok eta Crespok, parte-hartzaileek begiak estalita ibili beharko dute soka gainean; larunbatean izango da trebezia ikuskizun hori gozatzeko aukera.
Igandean, berriz, soka gaineko dueloena izango dira hitzordu ikusgarrienetako bat: «Bi pertsona soka berean ariko dira, eta batak beste uretara bota beharko du», azaldu zuen Mansok.
Horiekin batera, SpaceLine, TrickLine eta Best trick jokoak ezagutaraziko dituzte kirolariek, soka luzeena ahalik eta denbora laburrenean zeharkatzen saiatzearekin batera.


Kanpokoen erreferentzia, eta erreferentzia kanpoan
Tolosako Waterline jaialdia oraindik ere bigarrenez ospatu ez duten arren, Zerkausiko sokek uste baino oihartzun handiagoa sortu dute, nazioarteko slackline munduan: «Slackline zirkuitu mundialean indar handia hartu du Tolosako jaialdiak, eta poztekoa da oso».
Argi dago, parte hartzea igo izanaren bultzatzaileetako horixe dela eta, bide horretan, Euskal Herriko parte hartzaileez gain, Bartzelona, Huesca, Valentzia, Alacant eta Madrilgo ordezkariak izango dira Tolosan eta, mundu zabalera begira jarriz, Frantziak, Ingalaterrak, Italiak nahiz Argentinak ere izango dute ordezkaririk.
Nazio aniztasunetik sexu-aniztasunera, slackline-a kirol parekidea da: «Aurten igo egin da emakumeen parte hartzea eta, oro har, gizonezko gehiago aritzen diren arren, oso kirol parekidea da; garrantzitsuena kirolaz gozatu eta ondo pasatzea da». Horrela, iaz bost emakume aritu baziren, aurten 12 ariko dira Oria gaineko dantza horretan.


Errekorgilearen testigantza, zuzenean
Trikimailu eta jolasekin batera, gonbidatu berezi-berezi bat Tolosara etortzea ere lortu dute aurten, Waterlineko antolatzaileek. Alejandro Gimeno Tortosa da bera, HighLine modalitatean munduko errekorra ezarri duen kirolaria.
Zehazki, 145 metroko luzera duen poliester-soka batean ezarri zuen marka, 100 metroko altueran, eta larunbatean, 20:00etan, hitzalditxoa eskainiko du Zerkausi gaineko terrazan.
Azkenik, ikusteaz gain ikasi ere nahi duten herritarrentzat txoko bat izango da Zerkausi gaineko terrazan, slackline-a ezagutzeko soka batzuk jarriko baitituzte; helduek eta haurrek proba egin ahal izango dute bertan. Gainerakoan, DJaren musikaz eta parte hartzaileen ikuskizunaz gozatzeko taberna ere terrazan bertan izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!