"Zaila da, baina gaurko estropadan ezustekoren bat egon daiteke"

Asier Imaz 2015ko ira. 3a, 11:00

Arraun munduko estropadarik garrantzitsuenak arraunzale guztien begiradak erakartzen ditu. Agustin Pagola (Tolosa, 1957) arraunlari beteranoa bertan izango da, ikusle moduan.

Hiru egunetatik gehien, erlojupeko lehia gustatzen zaio gehien Pagolari. Ligako talde indartsuenak igandean Kontxan izango direla dio, baina itsasoaren baldintzak kontuan hartuta, edozer gerta daitekeela.

Iraila iristearekin batera, arraunzaleoi barruan zerbait pizten zaizue.
Estatuko Txapelketa bat edo Mundukoa joka dezakezu, baina Kontxako Bandera Olinpiar Jokoak bezala dira. Beste zerbait da. Eremu hori ongi ezagutzen dugu, bertan arraun egin dugulako. Oroitzapen guzti horiek etortzen zaizkizu irailarekin batera. 

Lehenik erlojuaren aurkakoa jokatzen da. Eta hor, edozer gerta daiteke.
Ligan oso ondo ibili arren, gaurko estropadan denak egongo dira urduri, edo oso urduri. Bai Hondarribia, bai urdaibaitarrak... guztiak. Denboraldi osoa jokatzen ari izango bazina bezala da. Lehen luzean urduritasuna izugarria izaten da arraunlarietan. Ziabogan berdin. Huts egin ezkero dena galdu duzu. Denborak jasotzen hasi arte, ez zara lasaitzen. Behin denborak kantatzen hasten direnean, lasaitzeko aukera izaten da, arraunketa luzeagoa sartuz. Baina bukaerara iritsi arte, lasai inor ez duzula ikusiko esango nuke.

Estropadetako zein egun duzu gustukoen?
Hiru egunetatik gehien ostegunekoa gustatzen zait. Ikusteko politena hori izaten da niretzat. Horrenbeste traineru, elkarren lehian... Aurten itsasotik ikusi nahi dugu gainera. Pasaitik traineruan Donostiara joan nahi dugu, bertatik bertara bizitzeko erlojuaren aurkakoa. Erremolkearekin arazoak ditugu, ordea, eta ikusiko dugu azkenean zer egiten dugun.

Segundoen dantza horretan, itsasoak ere zeresana izango du, ezta?
Txarra iragarrita omen dago, olatu handiekin. Talde handien artean ez dut uste eragina izango duenik horrek, haizearen aldaketak zeresan handiagoa emango luke. Eguraldi aldaketarekin denborak berdindu edo zabaldu egin daitezke; txirrindularitzarekin antzeko zerbait gertatzen da. 

Zeintzuk ikusten dituzu faborito bezala?
Pronostikoak egitea ez da erraza, edozer gerta daitekeelako. Adibidez, San Juanek zergatik ezin du bandera irabazi? Itsasoaren baldintzak, kale zozketa,... edozer gerta daiteke. Hondarribia eta Urdaibai dira niretzat faborito argiak, baina kontuz.

Eta gaurko saiorako?
Gizonezkoetan bi gipuzkoarrak eta bi bizkaitarrak sartu beharko lukete: Hondarribia, Orio, Urdaibai eta Kaikuk. Bi pasaitarrak ere bai: San Juan eta San Pedro. Galiziarrak, Portugalete... Zaila izango da, baina ezustekoak beti izaten dira, eta edozer gerta daiteke gaurko erlojupekoan. 

Emakumezkoetan, Zumaia, San Juan eta Hibaika indartsu ikusten ditut. Nire ustez emakumezkoetan lau traineruak gipuzkoarrak izango dira. 

Kontxako Bandera
Irailak 3, osteguna
Sailkatze proba
17:30. Emakumezkoak
• A multzoa: Cabo, Getaria-Zarautz, Hibaika, Orio, San Juan eta Zumaia.
• B multzoa: Donostiarra, Chapela, Colindres, Hernani eta Oiartzungo Itsaslapurrak AK.
18:00. Gizonezkoak
• A multzoa: Astillero, Bermeo-Urdaibai, Cabo, Getaria, Kaiku, NT2 Hondarribia, Orio, Portugalete, San Juan, Sanpedrotarra A.E., Tirán-Pereira, eta Zierbena Bahias de Bizkaia.
• B multzoa: Amegrove, Castropol, Ares, Mugardos, Deusto-Bilbao, Hibaika A.E.,  Lekittarra, Oiartzungo Itsaslapurrak A.K., Ondarroa, S.D.R. Pedreña, Zarautz eta Zumaia.

Irailak 6 eta 13
11:00. Emakumezkoen estropada.
12:00. Gizonezkoen estropada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!