«Bigarren mailara jaitsi izan bagina, berriro igotzea oso zaila izango zen»

Asier Imaz 2015ko ira. 2a, 11:33
Argazkia: Andoni Canellada (Argazki Press)

Iazko denboraldian maila galdu zuen Eibarrek. Bulegoetan, ordea, lehen mailara itzultzea lortu zuten. Lehen bi jardunaldi jokatu ostean, sei punturekin lehen postuan daude. Horren inguruan hitz egin du Mikel Arruabarrena jokalari tolosarrak.

Ligako bigarren jardunaldia jokatu ondoren, Eibar sailkapen nagusiko lehen postuan dago; Celta, Atletico de Madrid eta Bartzelonarekin berdinduta. Mikel Arruabarrena (Tolosa,1983) Eibarko jokalaria da, eta ongi ezagutzen ditu taldeko gorabeherak. Athletic-i irabazi ostean, zeruan daude, baina udan, infernua ez zuten urrun izan.

Sailkapen nagusian lehen postuan zaudete. Hala eta guztiz ere, hori baino garrantzitsuagoa izango da jadanik 6 puntu pilatu izana.
Errealistak izan behar dugu, baina momentua disfrutatzea ere tokatzen da. Bi partida jokatu ondoren lider goaz, sei punturekin. Gure helburua 45 puntura iristea da, maila mantentzeko. Ez zaigu ahaztu behar iaz zer gertatu zen. Lehen itzuli ona egiteak ez du ezer asko balio, bigarrenean dena galtzen bada.

Iaz bigarren itzuli txar baten ondoren maila galdu zenuten. Bulegoetako lanari esker, lehen mailan jarraitzea lortu duzue. Zalantza ordea hor zegoen, bigarren itzuliko dinamika hura puskatzea lortuko ote zenuten edo ez.
Uda gogorra izan da. Ez genekien non jokatuko genuen. Klubak lan handia egin du, jokalari asko ekarri baititu. 14 aurpegi berri daude, eta elkarri ohitzea kosta egingo da, baina ongi hasi gara. Harritzekoa ere izan da, aurredenboraldia ez baita hain ona izan. Ligako lehen partida irabazteak konfiantza handia eman zigun, eta Athletic-en aurkakoa merezitako garaipena izan zela uste dut.

Uda gogorra aipatu duzu. Taldean jarraituko ote zenuen ere zalantzan jarri zen.
Lehen mailan jokatzea denoi gustatzen zaigu. Pertsonalki iazko denboraldia nahiko ona izan zen niretzat, eta 32 urte ditu jadanik. Aukera aprobetxatu beharra ikusten nuen. Azkenean, ordea, dena ondo atera da. Taldea lehen mailan geratu da, eta nirekin kontatzea erabaki dute. Nire aldetik dena jarri dut hemen jarraitzeko, eta orain, jarraitu nahi dut momentu hauek disfrutatzen. Bizitzak beste aukera bat eman digu, bigarren mailara jaitsi izan bagina, igotzea ia ezinezkoa izango zelako.

Gaizka Garitano izan da udako beste protagonista Eibarren.
Esker oneko hitzak besterik ez daude. Garitanok Eibarren egin duen lana izugarria izan da. Bigarren mailako jokalariei beste inork aterako ez zien errendimendua atera die. Gure ontziaren kapitaina izan da, eta guretzat oso garrantzitsua. Hiru urte ikaragarri pasa ditugu berarekin. Gaizki edo behar bezala baloratu gabe atera da klubetik, nahiz eta berak lehen mailan beste urtebete gustura jarraituko zukeen. Baina futbola da hau. Batzuetan denak ondo hitz egiten dute zutaz, denak maite zaituzte, eta denbora gutxira dena aldatzen da. Orain Valladoliden dago, eta espero dut, bene-benetan, gurekin egin zuen bezala lehen mailara igotzea; lehen mailako entrenatzailea baita.

Jokalariek maitea zenutela argi dago.
Esan bezala, hiru urte ikaragarriak izan dira. Konfiantza handiko pertsona da, eta ez niretzat bakarrik, berarekin bigarren mailatik egon garen jokalari guztiontzat. Gertatu den guztiaz ez gara enteratu, baina nola atera zen ikusita, minduta sentitu gara. Garitanok Eibarretik omenaldi handi batekin atera behar zuen, zelai guztia zutik jarrita zuela, egindako guztia eskertuz. Eta hori ere gutxi izango zen.

Zuk esan bezala, hau futbola da, zorionez edo zoritxarrez. Garitano joan zen, eta Jose Luis Mendilibar iritsi da. Etxea ongi ezagutzen duen entrenatzailea.
Egokiena. Nire ustez Eibar nolakoa den jakin beharra dago bera entrenatzeko. Mendilibar lehen ere entrenatzaile egona zen, eta lan ikusgarria egin zuen. Garitanok ere berarengandik hainbat gauza hartu zituen entrenamenduetarako; antzeko estilokoak direla esango nuke. Nire ustez Eibarko entrenatzaileak euskalduna izan behar du, hau ez baita lehen mailako talde handi horietako bat, eta bere mugak zeintzuk diren jakin beharra dago. Gauza gutxirekin asko egin behar izaten da hemen, eta Mendilibarrek hori oso ondo egiten dakiela erakutsi du.

Eta zailtasunen zakuari, talde erdia berria dela gehitu behar zaio.
Lehen ia memoriaz jokatzen genuen, hiru urtetan bloke berdina egon baita. Orain ondokoa ezagutzen, eta entrenatzaileak zer nahi duen ikasten ari gara. Izenak azkar ikasten dira, baina bakoitzaren gauza onak eta txarrak nola eraman ere jakin behar izaten da. Denboraldia luzea izango da, eta momentu onak eta txarrak egongo dira. Elkar nola eraman ere ikasi behar izaten da, bakoitza bere aldetik joan ez dadin; inor ez da bestea baino gehiago. Eibarrek talde bezala jokatu beharra dauka, bestela jai dago; umiltasunez.

Fitxaketekin asmatu dela uste dut, ilusio handia duen jende gaztea iritsi delako. Lehen mailan jokatzeko aukera eman zaie, eta ez dute aukera hori alferrik galdu nahi. Desberdina izango zen jokalari beteranoak fitxatu izan balira, lehen mailan hamar urte daramatzatenak. Ilusio horrek bere alde arriskutsua ere badu, kontrolatzea zailagoa dela. Baina aurtengoa ere, gozatzeko urtea da, eta hori egin behar dugu.

Momentu onetan arazorik ez egotea erraza izango da, txarretan ikusi beharko da Eibarren neurria.
Eibar talde umila da, aurrekontu baxuena duen taldea izango da. Momentu txarrak etorriko dira, eta horretarako prest egon beharra daukagu. Talde oso gaztea gara, eta hor proban jarriko da, baina iazko esperientzia ere hor dago, eta bolada hori iristen denean, dinamika hori mozten jakin beharko dugu.

Bi jardunaldi hauetan aulkian egon zara. Hala eta guztiz ere gola sartu duzu. Zer eskatzen diozu zure buruari, eta denboraldi berriari?
Hamaikakoan sartzea ez da erraza izango. Fitxaketa asko etorri dira, eta jokalari bakoitza bere lekuan urte ona egiten ari zelako etorri da. Lehiakortasun handia dago aurrean, hegaletan... Iaz, adibidez, postu batzuekin ez zen asmatu, baina aurten baietz ematen du. Lehen bi partidetan ez naiz hasieratik atera, eta taldeak oso ondo jokatu du. Ondo entrenatzea besterik ez zait geratzen, momentua iristen denerako prest egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!