Ibilbide baten hasiera izan daitekeena

Mikel Iraola 2015ko ira. 2a, 11:36

Xabier San Sebastianek, Cofidis talde profesionalarekin egonaldia egin ostean, Poitou-Charentes lau eguneko itzulian lehiatu du. Asko irakatsi dion esperientzia izan dela dio txirrindulari tolosarrak.

Espainiako erlojupeko txapelketan lehiatu aurretik, beroketa ariketak egiten ari zela, eman zion Fundacion Euskadiko zuzendariak Cofidisen deiaren berri. Nonbait, moralki baxu samar ikusi zuen, eta lasterketa hasi aurretik esatea erabaki zuen, motibatzeko. «Ezusteko ikaragarria izan zen».

Gerora, Ordiziako Klasika eta Getxoko lasterketaren artean zituzten egunak, Euskal Herrian eman zituen talde frantsesak, Espainiako Itzulia prestatzen. Jon Irisarri leaburuarra ere izan zen denbora horretan. Entrenamenduen erritmo aldaketa nabaritu zuten eskualdeko txirrindulariek: «Iraupen luzeko saioak izan ziren, indar ariketa askokoak. Gogorrak egin zitzaizkigun, ez geundelako horrenbesteko distantzia eta intentsitatera ohiturik. Baina gustura izan ginen», dio San Sebastianek.

Pasa den astean lau eguneko itzuli batean lehiatzeko aukera izan zuen tolosarrak. Lehen aldia zuen gisa honetako lasterketa batean, eta hasieran urduritasun puntu bat sentitu bazuen ere, ibilbide osoan zehar «sentsazio onak» izan dituela nabarmendu du: «Irten bezain laster joan zitzaizkidan urduritasun guztiak, gustura nengoela ikustean».

Zentzu horretan taldekideek emandako laguntza eskertu du: «Ez Cofidiseko inork ezta Euskadiko inork ez zidan presiorik jarri. Aukera aprobetxatu eta disfrutatzeko esan zidaten. Presiorik ez izateko, eta ahal banuen ihesaldiren batean sartzeko esan zidan zuzendariak. Ahal nuen gehiena ikasteko, eta hori egiten saiatu naiz».

Exijentzia handiagoa

Profesionalen mailak, ordea, exijentzia handiagoa du, eta Euskal Herrian egindako egonaldiaren antzera, lehian ere nabaritu zuen hori: «Profesionalekin lehiatu izan dut, Getxon, Errioxan edo Indurainen omenezkoan, baina guztiak egun bakarreko lasterketak izan ziren, eta motzagoak. Oraingoan hiru etapa ia 200 kilometrotik gorakoak ziren». Gogortasun hori azken kilometroetan nabaritu zuen San Sebastianek: «50 kilometro faltan asko handitzen zuten abiadura, eta azken 10-15 kilometroak oso luzeak egiten zitzaizkidan». Abiadura horrek harritu du gehien tolosarra.

Ausarta ere izan zen. Ihesaldiren batean sartzen saiatu zen, nahiz eta azkenean ez zuen lortu: «Lehen bi egunetan erasotzeko beldur nintzen, ea ondoren luzea egin eta bukatuko ote ez nuenaren beldur. Baina laugarren egunean ongi nindoala ikustean saiatu nintzen, baina taldekide batek ere jo zuen erasoa eta hura joan zen».

Erlojupekoan ere oso gustura amaitu zuen: «Taldekide bakarra geratu zen aurretik, eta Tony Martin bezalako txirrindulari batek bi minutu eta segundo gutxi batzuk besterik ez zizkidan atera. Nire adineko batentzat meritu handikoa dela uste dut».

Puntako txirrindularien alboan esperientzia hau bizitzea sekulakoa izan dela dio: «Telebistatik ikusi izan ditut, eta bakoitza badakizu nondik datorren edo zer prestatzen ari den. Tropelean beraiekin izatea oso baliogarria da niretzat. Tony Martin bat, adibidez. Errespetua diozu, baina errepidean beste bat gehiago da».

Etorkizuna airean

Une honetan Valentzian da Xabier San Sebastian, Euskadirekin bertako itzulian izango baita ostegunetik igandera. «Denboraldia ahalik eta ondoen amaitzea, formaz eta pisuz». Hori eskatzen du, momentuz. Eta ondoren, urrian, merezitako atsedena hartuko du.

Ondoren, ostera, profesional mailan aukeraren bat sortzeko esperantzarekin prestatuko du datorren denboraldia. Deia jaso ezean, ordea, Euskadin jarraituko du. «Ez dut ilusiorik egin nahi, gerta ez daitekeelako. Hala ere, niretzat ez da etsipen handia izango Euskadin jarraitzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!