Plaza berria hondartza bihurtuko dute boleibolean jokatzeko

Ataria 2015eko abuztuaren 24a

VI. Hondar gaineko boleibol txapelketa antolatu dute asteazkenetik larunbatera bitarte. Aurtengo edizioan, 18 talde misto arituko dira jokatzen Tolosako plaza berrian.

Galdu ezin daitekeen festa ari da bihurtzen Tolosan egiten den hondar gaineko boleibol txapelketa. Aurtengoa, seigarren txapelketa izango da eta nahiz eta lehengo urtean bezain beste talde ez egon, jende asko gerturatuko da bertara. Antolakuntzatik adierazi dutenez, Abuztuan egiteak kalte egin dio txapelketari taberna asko oporretan daudelako oraindik. Aurreko urteetan irailean egiten zuten txapelketa eta hurrengo urtera begira, irailean egitea aurreikusten dute.

Aipatu bezala, 18 talde arituko dira jokoan 6 taldeko 3 multzotan. Taldeak mistoak izango dira eta 4 partaideko taldeak izango dira, 5 partidu jokatuko ditu talde bakoitzak gutxienez. Erakustaldi partida bat ere egongo da eta Donostiako Bera Bera taldekoa etorriko da erakustaldi partida jokatzera. Partidak 26tik 29ra jokatuko dira, 15:30etatik 21:00etara asteazkenetik ostiralera. Larunbatean 10:00etatik 13:00etara bitarte eta arratsaldean berriz, 16:00etatik 20:00etara finalaurrekoak eta final handia.

Larunbaterako afaria ere antolatu dute antolatzaileek Zerkausian. Txapelketan parte hartzen ez dutenak ere joan daitezke afaltzera nahi izanez gero. Afarirako tiketak, Ikatza tabernan daude salgai.

Partidak

Asteazkena, Osteguna, Ostirala: 15:30etatik 21:00etara.

Larunbata: 10:00etatik 13:00etara, 15:30etatik 21:00etara

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!