Bilboko erailketa salatzeko elkarretaratzea 19.30ean Triangulo plazan

Ataria 2015eko abuztuaren 21a

Emakumeen Mundu Martxako Tolosaldeko plataformak antolatu du elkarretaratzea, gaur, 19:30ean Triangulo plazan, Bilbon gertatutako azken erailketa salatzeko.

 

Bilbon abuztuaren 8an auto batek harrapatuta hil zen emakumearen senar ohiak bere buruaz beste egin du trenak harrapatuta. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeria matxistaren beste biktima bat delakoan daude, eta horregatik guztiz gaitzesten dute erailketa hau.

Azaladu dutenez, lau dira jada Euskal Herrian indarkeria matxistak eraildako emakumeak, eta ikusi ahal izan den bezala, eraso sexistak eta indarkeria matxistagatik atzemandako gizonen kopurua izugarria izaten ari da uda honetan.

Nazkatuta daude, haserre eta erreta, emakumeenganako indarkeriak etenik ez duela ikusita, eta honen aurrean behar bezalako larritasunez erantzutera deitu dituzte, bai jendartea eta bertako eragile sozialak, baina baita arduradun politikoak ere.

Horregatik kaleak hartzen jarraituko dutela adierazi dute, eta jendarte guztiari egin diete dei, gaur, hiriburu zein herrietan emango diren kontzentrazioetara batu eta indarkeria matxistari behin betiko ezetza emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!