Arrazoi politikoengatik eraildako tolosarreran oroimena

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 20a, 13:15

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak Memoriaren Plaza egitasmoa bultzatu du. Urrira bitarte 1936an hasi eta gaur egun arte euskal gatazkarekin loturiko indarkeria mota ezberdinak pairatu dituztenen bizipenak bildu nahi dituzte bertan.

Egitasmoak ez du helburu zientifikorik. Gehiago du praktikotik, gizarte ariketatik. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak azpimarratu duenez, «gizarte osoari» dagokio memoria «osatzea», ezin da soilik erakundeen esku utzi.

Herritar anonimoez gain, hainbat pertsona ezagunek ere parte hartu dute egitasmoan. Horietako batzuekin hitz egin du BERRIAk, tartean, Garbiñe Biurrun tolosarrarekin. «Nire bizitzan injustizia asko ikusi ditut, lagunak hil dituzte, eta batzuetan neure buruari galdetu diot nola izan den posible hori denari erantzun ez izana». Epaile tolosarrak sentitzen du halako betebehar etiko-moral bat iraganarekiko, eta, bereziki, etorkizunarekiko: «Memoriak jartzen zaitu ispilu baten aurrean norbanako gisa, eta kolektibo moduan. Memoriak ez du tranparik». Aurrera begira, «etxeko lan asko» daudela uste du. «Biktimei zor diegu betiko biktima ez izatea eta gizarte gisa denok hartu behar dugu gure gain sufrimenduaren zama hori. Etorkizuna irabazi behar dugu». Hemen ikus daiteke bideoa

Hiru atal ditu webguneak: emozioak izenekoan, hitzik gabeko adierazpenak grabatzen dituzte, zazpi segunduko formatuetan; Testigantzak ere bildu dituzte, azken 80 urteotako memoriari lotutako bizipenen eta oroitzapenenak gehienez bi minutuko bideoen bidez eman dituzte; azkenik proposamenak ere bildu dituzte web gunean, memoria eraikitzeari buruzko proposamen idatziak dira, gehienez, 1000 karakteretan.

Memoriaren herria da Tolosa

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Monika Hernandok, eta Gogora - Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak, Aintzane Ezenarrok, 128 udalerritako Oroimenaren Udal Erretratuak proiektua aurkeztu zuten uztaila hasieran.  

1960 eta 2010 bitartean EAEn arrazoi politikoengatik bizitzarako eskubidea urratu zaien 707 pertsonen kasuak agertzen dira argitalpenean. Datu horiek herrika bildu dituzte: Gipuzkoako 56 herritan 394 kasu jaso dituzte. Beste 127 herrirekin batera, Tolosak osatuko du memoriaren mapa.

Herri bakoitzeko liburuxka bana prestatu du Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak eta dagoeneko banatu zaie udal ordezkariei. Aurrera begira, oroimen ekitaldiak egiteko baliagarria izan nahi du txostenak. Hain zuzen, horri buruz hitz egiteko 128 udalerrietako alkateekin biltzekoa da Iñigo Urkullu lehendakaria, datorren irailaren 4an, Bilbon dagoen Gogora Memoriaren Institutuan.

Jaurlaritzak udalei proposatu die biktimak gogoratzeko espazioak izendatzeko, besteak beste, plaza edo lorategiak, eta toki horietan herri bakoitzeko biktima guztiak gogoratzeko plakak jartzeko. Tolosan, Aranburu Jauregiaren ondoko lorategia izendatuta dago, memoriaren gune gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!