Rafael Verak ukatu egin du GALen biktimak umiliatu izana

Ataria 2015eko abuztuaren 15a

Telebistako erreportaje batean egindako adierazpenen harira, Joxi Zabalaren arrebak, Pili Zabalak, salaketa jarri zuen EAEko fiskaltzaren aurrean. Juan Calparsorok eskatuta, uztailaren 23an egin zuen bere deklarazioa Segurtasunerako Estatu idazkari ohiak. Orain, aitormena aztertuta, EAEk fiskalburuak kasua artxibatu edota delitu zantzuak ikusten baditu, epaitegian salaketa jarri erabaki beharko du.

Martxoan, TVEn eskainitako erreportaje batean Rafael Verak esan zuen, "gerra zikina hanka-sartze legala" izan zela, baina "ikuspuntu praktikotik bere papera" izan zuela. Ildo beretik adierazi zuen Frantziak kolaboratzeko lagundu zuela GALen jardunak, talde terroristak hori egin izan ez balu "Frantziak ez zuela kolaboratzeko presarik izango".

GALek torturatu eta eraildako Joxi Zabala tolosarraren arrebak, Pili Zabalak, adierazpen horien entzun ostean salaketa aurkeztu zuen EAEko fiskaltzaren aurrean. Biktima gisa "umiliatuta" sentitu eta Verak terrorismoa goratu zuela argudiatu zuen Zabalak salaketan. Juan Calparsorok, EAEKo fiskalburuak salaketa aintzakotzat hartu eta Madrilgo Fiskaltza Nagusiari erregua bidali zion Rafael Verak ikertu gisa agerraldia egin zezan. Uztailaren 23an deklaratu zuen Madrilen.

"Verak emandako azalpenen arabera, bere asmoa ez zen biktimak umiliatzea, momentu historiko horren inguruko azalpenak ematea baizik". Horrela nabarmendu du Juan Calparsorok irrati kate bati eskainitako elkarrizketan, behin deklarazioa irakurrita. EAEko fiskalburuak aurki hartuko du auziaren inguruko erabakia eta delitu zantzuak ikusten baditu, salaketa jarriko du epaitegian.

Rafael Verari, 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Segundo Mareyren bahiketan parte hartzeagatik eta estatuko diru funtsak bidegabeki erabiltzeagatik.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!