Gaur estaliko dute su bolek Tolosako zerua

Irati Saizar Artola 2015eko abuztuaren 20a

Aurtengo udan, Oporrak Bakean programaren barruan, desioak sutan Sahararentzat ekimena antolatu da. Gaur ospatuko da bailarara etortzen diren haurrei egiten zaien agur festa hau Tolosan.

Ekimen honetan, elkartasuna, festa, parte hartzea eta ikuskizuna elkartzen dira eta 1000 su bola piztu eta hegan utziko dira Sahararentzako 1000 desioekin, saharar herriak bizi duen egoera eta borroka lau haizetara zabalduaz.

Festa Tolosako Zerkausian izango da eta su bolak bertako terrazan piztu eta hegatuko dira. Su bola hauek gutxi gorabehera ordu erdia irauten dute piztuta eta une horretan ekitaldirako grabatutako abestia entzungo da. Abestia Eñaut Elorrieta euskal abeslaria eta Aziza Brahim saharar abeslariak konposatu eta abestutakoa da.

Su bolekin arazorik egon ez dadin beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuko dituzte. Su bolak 1€-an salduko dira Tolosako turismo bulegoan eta Tolosako udalaren harreran; baita ere, Villabona, Anoeta eta Alegiako udaletan. Segurtasun arrazoiengatik, erosketak egiteko unean su bola ez da emango, baizik eta hura ordezkatuko duen bale bat, eta ekimena hasi baino ordu erdi lehenago aldatu ahal izango da. Egun horretan bertara joatea ere ez da ezinbestekoa izango, saldu diren su bola guztiak piztuko direlako.

Lortutako dirua saharar kanpamenduetan gauzatuko diren proiektuetara bideratuko da.

Hona hemen gaurko prestatutako programa:

17:00. Jolasak, puzgarriak, murala...

19:00. Ekintza politikoa, Fronte Polisarioko eta Tolosaldeko Udaletako ordezkariekin.

Ondoren. Kalejira-manifa, Tolosako Alde-zaharreko kaleetan.

20:30. Afaria Zerkausian: bakoitzak bere janaria: bokatak, prestatutako kaxuelitak, kus-kus...

21:45: "Chertat eta Lehoia" ipuinaren aurkezpena.

23:00. Saharar eta euskal musika.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!