«Istorio oso latzak kontatzen dira nobela honetan»

Maier Ugartemendia 2015ko uzt. 29a, 10:00

Perlak, kolpeak, musuak, traizioak du izena Joxe Mari Iturralde (Tolosa, 1951) idazle tolosarraren azken eleberriak, eta hain zuzen ere, Paulino Uzkudun errezildarrak eta Isidoro Gaztañaga ibartarrak euren bizitzan ezagutu zituzten arlo guzti horiei buruz hitz egiten du nobela honetan.

Baina, euren istorioan zehar nahasten diren hogeita bost emakumek ere badute tartea. Perlekin hasi eta traizioekin amaitu.

Zure azken eleberrian Uzkudun eta Gaztañaga boxeolariak dira protagonista. Ezkutuko pasio al duzu boxeoa?
Nobela honetan pertsonaia ugari azaltzen dira, batzuk Tolosan bertan jaio eta bizitakoak. Benetan garrantzizkoak hogeita bost emakume dira eta hiru gizonezko: sendagile bat eta bi boxeolari. Emakume horiek hiru gizonezko horien jira-bueltan dabiltza, eta denek dute garrantzia. Gertatzen dena da bi boxeolari euskaldun horiek punta-puntako kirolariak suertatu zirela, eta mundu osoan egin zirela guztiz ezagun eta ospetsu. Aurrena herri kiroletan aritu ziren eta gero, boxeolari bilakatu.

Boxeoa ez zait niri gustatzen. Nobela honetan garrantzizkoenak pertsonaia horien arteko harremanak dira, zer kirol mota jokatzen zuten jakitea baino gehiago.

Nolatan bururatu zitzaizun bi boxeolari oinarri dituen istorio bat kontatzea?
Kasu honetan berdin da boxeolari edo txirrindulari izan. Kontua da hemen hiru gizon horien arteko harremanak daudela, emakume horien istorioekin nahastuta, eta traizio handi baten kontakizuna da hemen ardatza. Hasieran lagun handiak zirenak, azkenean etsai amorratu izan ziren, eta prozesu luze eta korapilatsu hori da nobela honetan garrantzia daukana, kontuan izanda gainera, bitartean gerra zibila lehertu zela, harreman horiek guztiak hankaz gora uzteko.

Errezil eta Ibarratik abiatu, Tolosara joan eta handik Parisera. Orduan abiatu zen bi boxeolari hauen ametsetako bizitza, ezta?
Bai. Eta Tolosako sendagile horrek lagundu zien biei hasiera-hasieratik. Orduan, denak ziren lagun minak, etorkizun handia zuten euren aurrean eta gauzak oso ondo gertatu zitzaizkien hasierako une haietan. Gero, badakizu, bizitzan gauzak asko konplikatzen joaten dira eta gizon hauen kasuan ere horrelaxe suertatu zen, erabat itsusitu arte. Nobela honen izenburuak —Perlak, kolpeak, musuak, traizioak- ederki asko laburtzen du prozesu luze hori.

Bi gizon horien arteko harremanaren berri ematen da eleberrian, baina emakumeen ikuspegitik kontatzen da. Zergatik buelta hori?
Gizon horiek dena lortu zuten momentu batean, ospea, dirua, miresmena, eta emakume ugari izan zituzten aldamenean. Oso interesgarria da ikustea gizon horiek nola moldatu ziren emakume horiekin, nola tratatu zituzten, nola erabili zituzten… Batzuetan, ez oso ondo, egia esateko. Batzuetan trapu zaharrak bezala erabili zituzten, hau da, erabili eta bota bazter batera.

Gorenera iritsi ziren, baina traizioen ondorioak jasan zituzten ezta?
Bai, eta horregatik da oso interesgarri prozesu osoa ezagutzea. Zer gertatu zen hasiera batean halako lagun handiak zirenak gero arerio latz bilakatzeko? Nola gertatzen da hori? Zergatik? Ba al dago pisuzko arrazoirik horretarako? Hori da nobela honetan pixkanaka azaltzen dena.

Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen egiarekin eta fikzioarekin jolastu duzula eleberrian. Irakurleak egin beharko du hausnarketa hori?
Istorio oso latzak kontatzen dira nobela honetan. Horietatik batzuek benetakoak dirudite, nahiz eta nik asmatuak izan. Eta alderantziz, beste batzuek ematen dute nobelarako propio asmatuak direla, baina ez, benetakoak dira eta hor azaltzen diren moduan gertatu ziren. Orduan, nik joko modukoa proposatu diot irakurleari, berak erabaki beharko du zeintzuk diren asmatuak eta zeintzuk gertatu ziren benetan. Protagonistekin ere gauza bera gertatzen da. Hiru gizonezkoak existitu ziren, baina hogeita bost emakume horietatik batzuk bai eta besteak ez. Nobela honek hogeita bost kapitulu ditu eta bakoitzak emakume baten izena darama. Hortxe dago jokoa.

Hala ere, eleberria idazterakoan dokumentazio lan handia egin behar izan duzu, ezta?
Bai, kontu historikoak gertatu ziren bezalaxe idatzi ditut, horiek ezin direlako aldatu. Hiru urtez ibili naiz batetik bestera artxiboak miatzen, Euskal Herrian, Madrilen, Sevillan, hemerotekak aztertzen, garaiko prentsa irakurtzen… Dena dela, liburu hau nobela bat da, beraz, fikzioa da, nahiz eta pasarte asko eta asko gauza historikoekin nahastuta datozen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!