Caminos, bederatzigarren Europako Txapelketan

M.Iraola 2015eko uztailaren 28a

Espainiako selekzioak deituta lehen aldiz lehiatu du txirrindulari gazteak txapelketa honetan.

Espainiako Kopa eta Txapelketa irabazteak sari bikoitza eman dio Irene Caminosi. Espainiako selekzioak hautatu zuen, eta astebetez, Austrian izan da Europako Txapelketan lehiatzen.

Bertan bizitako esperientzia "oso ona" dela adierazi dio TOLOSALDEKO ATARIAri: "Lehenengo aldia zen, eta maila oso altua zegoen. Ahal nuen hobeen egiteko helburuarekin joan nintzen, eta gustura geratu naiz bederatzigarren postuarekin".

Ostiralean izan zen bere txanda, eta euriak eragina izan zuen, zirkuituko egurrak oso irristakorrak geratu baitziren. Ondorioz, bi aldiz erori zen tolosarra. Bigarren txandarako, ordea, hobera egin zuen eguraldiak eta modu egokian amaitu ahal izan zuen.

Datorren astean, Munduko Kopa

Abuztu gogorra datorkio Caminosi, Munduko Kopako bigarren jardunaldia jokatuko baitu abuztuko lehen astean Austrian Euskadiko Selekzioarekin. San Bartolome egunean, berriz, Frantzian izango dute Kopako hirugarrena, eta iraileko azken asteburuan emango diote amaiera Anberesen. 

Tartean Munduko Txapelketa izango da, irailaren lehenean zehazki, eta itxura guztien arabera, Espainiako Selekzioarekin lehiatzeko aukera izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!