«Urtean galtzen den erlauntz kopurua gora doa»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 25a, 09:52

Tolosarrak abenduan hartu zuen Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakaritza. Erleek produktu bikainak ematen dituzte, baina eraso askori egin behar diete aurre; barroa gaitza, kutsadura eta azken urteetan bazter guztietan hizketagai bihurtu den Asiako liztorra.

Suhiltzailea ogibidez, erlezaina afizioz. Tolosan eta Berrobin ditu erlauntzak, eta ematen duten eztia, propolia eta erregeren jelea etxekoekin eta lagunartean banatzen ditu. Lau urte dira honetan hasi zela bakarka, lehenago lagun batzuekin zituen eta. Abenduan hartu zuen Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakaritza. Erlezaintza «tradizionalagoa» atzean utzi, eta garai eta erlezain berrietara moldatuko den elkartea egiten ari direla esan du.

Garai batean baserri guztietan zegoen erlauntzaren bat; lan gutxi eskatzen zuen, erleek produktu bikainak ematen dituzte...
Horrela da, baina gaur egun asko jaitsi da. Erraza da bai, erabilera erraza eskatzen du, nahiz eta gauza batzuk ulertzea zaila den. Hastea oso erraza da, ez da inbertsio handirik behar, eta lana eskatzen badu ere, ez da ikaragarria.

Erlezainen elkarteko Egoitz Galartza albaitariari irakurri diot geroz eta lan gehiago ematen dutela, hala ere. Asiako liztorra eta bestelako aldaketak direla eta lehen urtean bitan igotzearekin nahikoa bazen, orain gehiagotan joan behar da erlauntzetara.
Gaixotasunen, Asiako liztorraren eta orokorrean kutsaduraren ondorioz erleak ez dira gai bakarrik irauteko. Barroa izeneko parasitoak ere kalte handia eragiten du eta tratamenduak egin behar dira. Lehen urtean bitan joanda nahikoa bazen, orain ez, gainean egon behar da. Ekoizpen handia izanez gero are eta gehiago. Azken urteetan Asiako liztorrak ere lana areagotu du. Udazkeneko lana erabat Asiako liztorra gelditzeko da.

Noiz hasi zinen erlezaintzan?
Nire erle propioekin orain lauzpabost urte hasi nintzen. Ordura arte partekatuta neuzkan. Erlategi bat Tolosan daukat eta bestea Berrobin. Erlauntz gutxi ditut, 12 bat. Afizioz ibiltzen naiz eta nahikoak dira etxerako eta saltsan ibiltzeko.

Eta nolatan hasi zinen?
Beti gustatu izan zait erleen kontua, txikitatik. Muturra sartzen hasi eta pixkana erleek harrapatu egin naute. Mundu hau interesgarria da eta gauza oso onak ematen ditu gainera; eztia, propolia, polena... Orain erregeren jelea egiten hasiko naiz.

Erleak akabatzen dituen Asiako liztorraren zabalkundea geldiezina dela dirudi. Udan eta udazkenean gogor joko duela esaten da. Zer egiten duzue erlezainek, zabalkundea gelditzen saiatzeko?
Bi tranpatze egiten dira; udaberrian eta udazkenean. Udaberrian aurreko urteko erreginak edo sortzaileak harrapatzeko, negua pasa eta gose esnatzen baitira. Udazkenekoa ez da horren eraginkorra, baina ez dugu beste ezer.

Tranpatze datak Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen ditu. Ezin dira edozein momentu eta lekutan jarri, tranpa horietan ez direlako Asiako liztorrak bakarrik erortzen. Gainontzeko intsektuei ere eragiten diete.

Udalek ere jartzen dituzte, ezta?
Gai honen oso gainean dauden herri gutxi batzuetan ere jartzen dituzte tranpak, Donostian, Hernanin eta Oiartzunen, esaterako. Erlezainen elkarteak erlezainei beren erlategietan tranpak jartzeko baimena ematen die. Erleak herri guztietan daude eta erlategi guztietan tranpatzen da.

Tranpatzeak eginda ere, Asiako liztorraren kopurua gora doa.
2011n hasi zenetik aurreikusten genituen pauso guztiak jarraitu ditu; zabalkunde eta kopuruaren aldetik... Urte pare batean udaberriko eguraldi txarrak nolabait geldiarazi du, baina bestela gora doa. Aurten udaberriko tranpatzeetan jaso diren erregina kopuruari erreparatuta udazken hau latza izango da.

Zergatik da horren zaila Asiako liztorraren arazoarekin amaitzea?
Ez dakigu non daukan habi kopuruaren muga. Hazten eta hazten doa, 10 aldiz biderkatzen da; aurten habi bat aurkitzen baduzu, datorren urtean 10 izango dituzu, gutxi gorabehera. Ez dakigu non dagoen muga. Egiten ditugun tranpatzeak ere badu eragina, zerbaitetan laguntzen du, baina ez da erabateko irtenbidea. Urte hauetan eutsi badiogu, tranpatzeengatik izan da. Zain gaude ea norbaitek mirarizko produkturen bat ateratzen duen honekin bukatzeko.

Erlezainok ez duzue liztorraren erabateko desagerpena nahi, hala ere.
Ez eta hori ezinezkoa da, gainera. Egokiena izango litzateke berari bakarrik eragingo dion produktu bat ateratzea, erlezainentzat Asiako liztorraren populazioa jasangarria izatea ahalbidetuko duena. Asiako liztorrak hala ere, ez digu guri bakarrik eragiten, liztor habi bat herrigunean edo herritarretatik gertu arriskutsua da. Fruituei eragiten die, batez ere. Hemen ez dago fruitu askorik eta sagarrari esaterako, nahiz eta zulatua egon, ez dio eragiten, baina sagarra sagardoa egiteko txikitzen ari direnean liztor asko azaltzen da eta arriskutsua da. Liztor helduek fruktosa jaten dute eta habiko larbek proteina behar dute, eta hori erleetatik hartzen dute. Erlauntzan ehizan jartzen dira, izan ere, erlauntzara doan erleak alde batetik, berarentzako fruktosa edo glukosa eramaten du eta bestetik, habira eramateko proteina.

Erleak bakarrik jaten ditu?
Ez, baina erleak berezitasun hori du, bi gauzak ematen dizkiola batera, proteina eta fruktosa, lan gutxiago egin behar du.

Eta bertako liztorrak ez al du kalterik eragiten?
Hemen badago ere noski, handiagoa, eta erleak harrapatzen ditu, baina ez du zerikusirik Asiako liztorrarekin. Batek eta besteak harrapatzen dituen erle kopuruak ez du zerikusirik, dauden liztor kopuruan ere. Bertako liztorra tarteka ikusten duzu.

Asiako liztorrek habiak segituan egiten dituzte, ezta?
Oso zaila da habi bat egiten ari direla ikustea. Habia handitu arte ez gara konturatzen. Habi primarioak udaberrian egiten dituzte eta laranja baten neurrikoak dira. Astebetean edo egin ditzakete. Orain habi handia egiten hasten dira sekundarioa edo definitiboa esaten diegu, eta horiek irailean metro bateko diametroa izatera iristen dira. Tamaina handikoak egiten dituzte, milaka liztor daude habi bakoitzean.

Nola daude erlezainak arazo honen aurrean?
Etsipen puntu batekin. «Oraingo honetan utziko dut», esaten dute urtero, beti berdin. Eskerrak aurtengo udaberria ona izan den eta poztasun hori dugun; akazia ezti asko dago, erlekumeak indartsu daude...

Asiako liztorraren zabalkundearen abiadura berean ari da desagertzen erlea?
Desagertu ez dakit, baina erlauntz kopuruan galera dezente egon da aurreko urteetan, baina ez Asiako liztorrarengatik bakarrik; barroak ere eragin handia du oraindik, liztorrak baino gehiago akaso. Urtean galtzen den erlauntz kopurua gora doa, udazkenean 10 erlauntza utzi badituzu, udaberrian 6 bat izango dituzu. Udaberria oso ona izan da, hemen behintzat, erlekume asko egin dira, akazia eztia asko atera da, orain ere, ekaina eta uztailean, eztia asko ateratzen ari da... Baina ikusi behar udazkenean Asiako liztorrak zein kalte eragingo duen.

Nola iritsi zen Asiako liztorra hona?
2004-2005 inguruan atzeman zen lehen aldiz. Antza Bordeleko portura iritsi zen Ekialdetik, Txina edo inguru hartatik itsas garraio baten barruan, zeramika edo egurretan. Negua lur azpian edo enbor lehorretan ematen du erreginak, eta horietako baten bat udaberrian esnatuko zen hemen eta zabalkundea hasi.

2011n muga pasa zuen Irun aldetik, lehen kasuak udazken hartan atzeman ziren, eta hortik aurrera leku guztietara zabaldu da; Kantauri itsasoko bazter guztietara, Galiziatik hasita honaino, Portugalen ere dezente, Bartzelona aldera era bai, hegoalderantz batzuk diote Soria aldera zabaldu dela, Vinuesan edo ikusi dutela...

Ezin zarete lasaitu, beraz.
Urte batzuetan pixka bat eutsi ahal izan diogu, baina ez badugu ezer egiten erabat zabalduko da. Espainiar Estatutako leku lehorrenetan ere nola moldatuko den ez dakigu, baina nik uste dut ondo moldatuko dela, erlea ondo bizi bada, liztorra ere bai. Extremadura eta leku horietara ere zabaldu daiteke. Salamanca aldean erle asko dago eta nik uste dut liztor asko egongo dela baita ere.

Eta erlea zein garaitan dago orain?
Orain bukatu da erlekumeak eta erlauntza garatzeko garaia, ezti gehiena orain arte egindakoa da, hemendik aurrera ez da apenas eztirik egiten. Erlauntza pixkana beherantz doa, negurako prestatzen hasten da. Orain arte, ekaina arte, hazten doa, eta orain lasaitzen hasten da. Sarea jarri badiozu eztiaz gain propolia bildu dezakezu. Udazkenean barroaren aurkako tratamendua egiten da eta negua pasatzen uzten zaie.

Neguan ez zara erlauntzetatik pasako...
Neguan, hotza dagoela kanpoan, hobe da bakean uztea. Nahiko jana, nahiko ezti, utzi badiezu negua pasatzeko ez du bestelako laguntzarik behar. Otsaila eta martxoa artean hasiko dira berriz ere martxan.

Tolosaldean ekoizle asko al daude?
Erlauntzatik bizi den jendea oso-oso gutxi dago Gipuzkoan. Oso zaila da erleak Gipuzkoan bakarrik edukita horretaz bizitzea; badago jendea neguan hemen eta udaberrian erleak Nafarroara eramaten dituena, eta udazkenean Burgos edo Soriara... Horrela mugituz gero bizi zaitezke honetatik, baina hemen %80ak erlauntz kopuru txikia dugu eta ekoizpena etxerako egiten dugu.

Bertako eztia altxorra da ba.
Bertako eztiak ez dauka zerikusirik kanpotik etortzen den eztiarekin. Ezti kiloa 5-6 eurotan saltzen badizute, ez da hemengo eztia. Hemengo produktua zaindu egin behar da, ez bakarrik eztia, baina baita eztia ere. Propolia, polena, erregeren jelea... altxorra dira. Ez gara lehen bezala horietaz baliatzen, baina osasungarriak dira erabat. Jelea produktu natural hoberenetarikoa da. Polena ere oso ona da, proteina oso onak ditu, eztia ere bai... Bertan ekoitzitakoa izatea komeni da, hala ere. Edozeinek dauka erlezain bat gertu eta horiei eskatzeko aholkatuko nioke jendeari. Haren produktuak kontsumitzeko.

Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakaria zara abendutik.
Batzarrean bi urte edo eman nituen eta batzarkide batzuk ez geunden ados garai hartan batzarrean hartzen ari ziren zenbait erabakirekin eta pentsatu genuen alternatiba bat aurkeztu eta bazkideei erabakitzeko aukera ematea. Orduz geroz, lehendakari jartzea tokatu zait, eta horretan nago abendutik. Erlezain berriei eta garai berriei egokitzeko garaia dela iruditzen zaigu, aldaketak egin behar direla, nire ustez aldaketak beti dira onak. Eta ari gara, ez nahiko genukeen abiaduran, baina ari gara.

Zeintzuk dira elkartearen erronka nagusiak?
Asiako liztorraren aurka aritzea, erlezain txikia zaintzea noski, eta bertako erlezainen lana aitortua izan dadila bultzatzea. Europako bi proiektutan ere bagaude, bat EHUren bitartez. Erlezaintzaren mundua jendartean zabaltzen ari gara, baita ere. Eta beste apustuetako bat erlezaintzak eskaintzen dizkigun produktu bikainak ezagutzera ematea da.

Zer eskatzen diezue erakundeei?
Asiako liztorraren irtenbidea laborategiek dute. Zerbait bilatu behar da, ez liztorra akabatzeko, erlezaintza ahalbideratzen duen kontrola eman ahal izateko baizik. Hori sortu bitartean nahiz eta instituzioek lan asko egin ez da nahikoa. Horretarako dirua behar da gainera, eta zaila da. Borondate aldetik Gipuzkoako Foru Aldundia arazoa sortu zenetik txukun ari da; suhiltzaileak, basozainak.. jarri dira horretan eta horiek denak Aldundiko zerbitzuak dira. Abeltzaintza Saila gainean dago, protokolo bat egin da eta protokolo hori inguruko eskualdeetan eredugarria izaten ari da. Landa garapenerako agentziak ere ari dira, udaletxeak... jende asko ari da honekin lanean, baina ez da irtenbidea. Ez dakigu zein den irtenbidea. Neiker laborategian ere ari dira ikertzen, eta gure ustez, hortik etorri daiteke irtenbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!