Iñaki Aiertza: "Kirol filosofia berarekin ari gara lanean Tolosa CF-en"

Asier Imaz 2015ko uzt. 24a, 06:13


Tolosa CF-eko presidentea da Iñaki Aiertza. Zuzendaritza berriaren buru, 2013ko abenduan hartu zuen ardura hori tolosarrak. Esan daiteke, beraz, aurtengoa izan dela bere lehen denboraldi osoa, eta gustura, «oso gustura» dago Aiertza.

Tolosa Club de Futbol izena eduki arren, kirol desberdinetako zortzi sekziok osatzen duten Tolosa CF: futbola, atletismoa, eskubaloia, pilota, gimnastika erritmikoa, mendia, tenisa eta txirrindularitza. «Txapela moduko bat gara, eta barruan, hainbat sekzio ditugu», dio Aiertzak. Bera, txapela horren presidentea da. Ondoren, adar bakoitzak, bere zuzendaritza eta autonomia dauka: «Normalean hiru, lau edo bost pertsoneko zuzendaritzak daude sekzio bakoitzean. Eurek kirol proiektua egiten dute, eta gero, bideragarria izan dadin lanean aritzen dira. Oso autonomoak dira». Txapelatik gauza bakarra eskatzen dutela dio Iñaki Aiertzak: «Gure kirol filosofiarekin bat egitea». Eta hori, erraz azaltzen du bi hitzetan: «Tolosaldeko neska-mutilak laguntzea, kirol ibilbide bat izan dezaten». Neska-mutilak aipatzea ez da kasualitatea, filosofia horretan neskak bere lekua azpimarraturik baitauka: «Emakumeen kirola bultzatzea helburu nagusietako bat; diskriminazioari aurre egitea».


Zortzi sekzioetatik, bi, emakumeenak dira: gimnastika erritmikoa eta txirrindularitza.
Denboraldiko balantzea egiterakoan, kirol emaitzei ez die beste munduko garrantzirik ematen Aiertzak, nahiz eta onak izan diren aipatzen duen. Hala eta guztiz ere, «garrantzitsuena gazteekin lan egitea» dela dio, harrobia landuz. Denboraldi berriari aurrekoaren parekoa izatea eskatzen dio, baina herritarrei mezu bat bidaliz: «proiektua babestea». Eta horretarako modurik eraginkorrena, bazkide izatearena izango litzateke.


Tolosa CF-ek ateak zabal-zabalik dituela ere aipatu nahi izan du presidenteak, dituzten hutsuneak betetzen laguntzeko jendearen beharra dutelako. Hor komunikazio mailako zuloak nabarmendu ditu Aiertzak.


Tolosa CF bizi-bizirik
Beste «ehun urtetarako» bizia badu Tolosa CF-ek Iñaki Aiertzaren hitzetan. Sekzio bakoitzeko kideak izugarrazki lana egiten ari direla onartzen du presidenteak, eta euretaz harro hitz egiten du. Klubaren filosofiarekin guztiek bat egiten dutela dio, eta ez dela inongo arazorik izan horrekin. «Denak norabide berean ari gara lanean, eta oso kontentu gaude».


Jarraipena ziurtaturik dagoela baieztatzerakoan, Aiertzak hainbat adibide jartzen ditu mahaiaren gainean: «Kirolari kopurua igo egin da. Orain 1.000 baino gehiago mugitzen ditugu. Horietatik 600 federatuak dira. Hainbat sekzio indarberritu egin dira azken urteetan, eskubaloia adibidez. Beste batzuk sortu berriak izan arren, goraka doaz, mendia eta pilota bezala. Azken horretan, eskola daukagu, eta gero, infantil, kadete eta jubenil mailako lehiaketetan jokatzen dugu. Guretzat guzti hori oso garrantzitsua da».  


Horrez gain, kirol ekintzak ere antolatzen ari dira Tolosa CF-eko sekzio desberdinak, ohiko lehiaketetatik aparte: Atletismokoek Udaberriko Krosa antolatzen dute; futbolekoak Urtziren Oroimenezkoa; eskubaloikoek San Juan Txapelketa; pilotakoek Talentu Txapelketa... Gauzak aurrera ateratzen ari direla dio presidenteak.


Klubaren bizi iraupenaren barruan, udalarekin Berazubiren inguruko hitzarmena oso garrantzitsua izan dela dio presidenteak. «Berrikuntzaren lehen bi faseak egin ditugu. Orain hirugarrena geratzen da, eta hori noiz eta nola egingo den zehaztea besterik ez da falta».


Txapelatik kanpo dauden taldeak
Tolosa CF-en ez dauden kirolak eta taldeak badira Tolosan, saskibaloia da horietako bat. Bere garaian Tolosa CF-en barruan zegoela dio Aiertzak, baina gero kanpora ateratzea erabaki zutela, euren proiektua modu horretan gauzatzeko egokiagoa ikusten zutelako. Hor ez du inongo arazorik ikusten, eta eurekiko harremana oso ona dela dio Tolosa CF-eko presidenteak. Arraunlariekin edo zesta puntakoekin bezala. Bakoitzaren kirol proiektuak errespetatu behar direla dio presidenteak, eta hortik abiatuta, elkarlanaren alde egiten du.


Izen aldaketa
Kirol desberdinak izan arren barruan, Tolosa Club de Futbol izena du txapela horrek. Izen aldaketa eztabaidatu beharreko zerbait dela uste du Aiertzak: «Aurreko zuzendaritza saiatu zen izena eta harmarria aldatzen, baina bazkideek atzera bota zuten. Nire ustez harmarriak bere horretan jarraitu behar du, baina izenaren inguruan eztabaida sustatu beharko litzateke. Gutxienez, horretarako, hitz egiteko».  
Bere iritziaren inguruan galdetuta, Iñaki Aiertzak sekzio guztiak barneratuko lituzkeen izenaren alde egiten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!