Bekatuen egutegia dantzan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko uzt. 23a, 11:44

Frantzisko aita santuak behin betiko finkatu nahi du Pazko igandeko ospakizuna; munduko inauteri guztiei eragingo lieke horrek eta, noski, baita Tolosakoei ere

"Aurten noiz dira inauteriak?". Baliteke galdera hori sekula gehiago egin edo entzun beharrik ez izatea. Tolosarren urtea antolatzen dute inauteriek, eta gauzak «inauterien aurretik» edo «inauterien ondoren» gertatzen dira sarri. Frantzisko aita santuaren proposamen baten haritik dator urteroko galdera errepikatu behar ez izatearena eta, Vatikanoa urrun samar izan arren, zuzen-zuzenean eragin dezake Tolosako jai zoroenetan.

Ekaina hasieran sortu zen albistea, Erromako (Italia) San Juan de Letran basilikan, Munduko Apaizen III. Gogo jardunaldian: Pazko igandea egutegi liturgikotik mugitu, eta urtero data berean ospatzea proposatu zuen aita santuak. Besteak beste, erritu katoliko zein ortodoxoak ospakizuna egun berean egiteari garrantzia eman zion.

Aste Santua baino, inauteriak maiteago dituztenek azkar atera zituzten kontuak, izan ere, horrek inauterien datak ere goitik behera aldatuko lituzke; edo, hobeto esanda, erabat finkatu, urtero garai berean ospatzeko.

Ohitura paganoen bidetik datoz inauteriak, baina lotura estua dute erlijiozko ospakizunekin, eta baten data ezagutzeak bestea noiz ospatuko den jakitea dakar, 40 eguneko garizumari esker. Nondik dator, ordea, bi tradizioen uztartze hori?

Saturnotik haragia uztera

Diotenez, erromatar zibilizazioaren garaira egin behar da atzera, inauterien jatorria ezagutzeko. Nekazaritzaren jainko Saturnoren omenezko jaiak ziren haienak, eta ospakizun garrantzitsuenetakoa zen garaiko erromatarren egutegian.

Inperio handia gainbehera joan zenean, ordea, IV. mendean, eliza katolikoak bere egin zituen ospakizun pagano gehienak, haien gaineko kontrola hartuz: batzuk deuseztatu egin zituen eta, beste batzuk, aldiz, erlijiozko festa bilakatu. Horren adibide dira, esaterako, otsailaren 14ko San Valentin Eguna, edo abenduaren 25eko Eguberri Eguna; gaur egun, Jesukristoren jaiotza ospatzen du eliza katolikoak, baina erromatarrentzat Sol Invictus izeneko jaia zen hura. Bide beretik, noski, Aste Santua bera ere egutegian birkokatu behar izan zuen elizak, Jesukristoren azken afaria, gurutziltzatzea eta berpiztea gogora ekartzeko.

Horrela, Constantino Handia erromatar enperadorearen izena aipatzekoa da, ezinbestean, berak sortu baitzuen, gaur egun Ostegun Gizeneko txupinazoa zein egunetan jaurtiko duten kalkulatzeko baliagarri den formula. K.o. 325. urtean sortutakoa da, baina ia 2.000 urte geroago indarrean da, oraindik ere.

Udaberrian sartu eta lehen ilargi betea hartu behar izaten da kontuan, ilargi bete horren ondorengo igandean ospatzen baitu, eliza katolikoak, Jesukristoren berpiztea edo Pazko Igandea; 40 egun atzera kontatuz, berriz, Hausterre Egunera iritsiko da egutegia. Ondo pasatzeko eta nahi adina jateko nahiz edateko muga zen, antzina, Hausterre Eguna; horregatik kokatu zituzten Saturno jainkoaren omenezko festa zoroak, hortxe. Abstinentziaren eta baraualdiaren aurreko eromen egunei, beraz, carnem levare —haragia utzi— deitu zieten latinez.

Euskaldunak ere Erromara begira

Haragia uztea sinestunen sakrifizioa zen antzina, edo, baliteke, aurreko festei arrazoiren bat bilatzeko aitzakia izatea ere.

Kontuak kontu, Euskal Herrian ez ziren atzean geratu, eta euskaldunek eta euskarak ere bat egin zuten haragia uztearekin. Karnabalak deitzen diete hainbat txokotan, gaztelerazko hitza zuzenean hartuz. Tolosan, berriz, inauteri, iñauteri edo ihauteri idatzirik ikusi izan dute herritarrek, garaiaren, kartelaren edo arauaren arabera.

Julio Caro Barojak eman zuen hitz horren ustezko jatorriaren azalpena, hitza hiru elementutan zatituz: iho/iño edo ihau/inau aldaerak, batetik, -te atzizkia, bestetik, eta, azkenik, bigarren atzizki berantiarrago bat: -eri. Lehen elementuak karnabal esan nahiko luke Caro Barojaren arabera, eta -te atzizkia garaia adierazteko erabili ohi da: elurte, eurite,... Hitza osatzeko falta den -eri atzizkiak, berriz, kutsu ezkorra du euskaraz, handikeria edo alferkeria hitzetan ikus daitekeenez. Hortik letorke, haragia uzteko garai txarra esan nahiko lukeen forma.

Antza, zenbait lekutan ez zitzaien hain garai makurra iruditu, eta haragia uzteko garaiari iñote, ihote, iñaute edo ihaute izenez deitzen diote, oraindik, Nafarroan edo Iparraldean, -eri iluna alde batera utziz. Bizkaia aldean, berriz, aratusteak edo aratustiek ospatzen dituzte, haragia —okela edo giza-haragia— uzteko egunak gogora ekarriz, eta, ziur aski, bai bata eta bai bestea utzi gabe.

Bekatuen itsasoa da inauteria, debekatutako hartan murgildu eta gaiztakeriak egitea libre den aldia. Libre izanagatik, ordea, erromatarrek bazuten lotsaren zantzuren bat, eta haragia uzteko egunak anonimotasunaren egun ere bilakatu ziren, norbere gorputza ezkutatu eta, gerora, mozorro ederren errenkada sortuz.

Badirudi tolosar inauterizaleek adi egon beharko dutela, aurrerantzean, Frantzisko aita santuak esaten duen oro koadernoan apuntatuz. Oraingoz, behintzat, 2016ko otsailaren 4a izango da festazaleen mugarri eta, ikusi egin behar, haragia urtero egun berean utzi behar izango den, edo Tolosako inauteriek aldaketaren eta, zenbaitetan, prestaketa larri-larrien grazia horri eusten dioten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!