"Geroz eta pauso handiagoak, geroz eta zailagoak"

Asier Imaz 2015ko uzt. 22a, 11:28

Denboraldi amaieran afizionatuetatik profesionaletarako jauzia egingo du Xabier San Sebastianek (Tolosa, 1995). Euskadi Fundazioko txirrindulariari Cofidis taldeak emango dio aukera.

Proba moduan izango da, eta San Sebastianen esanetan, «normalena hurrengo denboraldia berriro Euskadi Fundazioarekin egitea izango litzateke». Bere idoloen alboan korritzeko ametsa abuztuaren 1ean hasiko da.

Nolako kontratua izango da Cofidisekin sinatuko duzuna?
Kontratu txikia izango da; proba moduko bat, baina pozgarria da. Ez naiz taldeko partaide izango, baina eurekin korrituko dut. Paper kontu hutsa. Albistea, euskaldun batek profesionaletan aritzeko aukera izatea dela uste dut. Euskal Herrian talde profesional gutxi daude, eta pena da, horrek esan nahi baitu euskaldun gutxik ematen dutela jauzia.  

Noiz hasi eta noiz bukatuko da kontratu hori?
Abuztuaren 1ean hasten da, eta hasiera batean, urrira bitartekoa izango da. Baldintza zehatzak zeintzuk diren ez dakit.

Cofidis taldeko arduradunekin edo entrenatzaileekin jarri al zara harremanetan?
Hartu-emanak izan ditugu. Ordizian eta Getxon egonaldiak egingo dituzte, eta bertara joango naiz, pixkanaka-pixkanaka taldean sartzen joateko helburuarekin.

Afizionatuetatik profesionaletara; erraz esaten da.
Hitz oso handiak dira horiek. Beste maila bat da, beste erritmo bat. Afizionatuetan aurrean ibiltzea asko kostatzen bada, profesionaletan ia ezinezkoa da. Baina saiatuko gara. Hau aukera bat da; gozatzen, aprobetxatzen eta ahalik eta ondoen egiten saiatu beharra dago. Ondo ez zabiltzala eta, burua jaten hasten bazara, okerrago pasatzen da. Ohikoena, gainera, hori izango litzake, ez ibiltzea.

Aukera hori emateko, ordea, zerbait ikusiko zuten?
Beraien konfiantza behintzat badaukat, eta baita nire talde eta zuzendariarena ere. Erritmo horretara egokitzea zaila izango da, eutsi ahal izatea. Baina esan bezala, saiatu behintzat saiatuko gara.

Bi hilabete inguruko proba izateak ere gauza ez du erraztuko.
Azken finean pausoak dira. Banaka-banaka ematen joan behar dira. Hau beste bat da, eta geroz eta pauso handiagoak geroz eta zailagoak dira. Orain hau lortu dugu, eta profesionaletan geratzea badakigu zailagoa izango dela, baina horretan gabiltza.

Euskadi Fundazioa eta Cofidisen arteko hitzarmenaren fruitu bezala ere ikus daiteke aukera hau.
Migel Madariaga Euskal Herriko Itzulian zehar Cofidiseko arduradunekin hitz egiten ibili zen. Orbea bizikleten inguruko akordioren bat zela pentsatzen genuen, baina ikusi dugu taldeko gazteak jarraitzen ari direla. Gu pozik gaude, Migel lanean ari delako, guk jauzia emateko aukera bat izan dezagun. Orain aprobetxatu egin behar da.

Zein lasterketetan parte hartuko duzun ba al dakizu?
Oraindik ez dakigu zein probatan egongo garen. Frantzia aldeko klasiketan parte hartuko dudala pentsatzen dut, nire baldintzetarako egokiak direlako. Cofidisekin korritzen ez dudan asteburuetan, Euskadi Fundazioarekin ariko naizela pentsatzen dut.

19 urterekin iritsi zaizu aukera.
Gazte. Baina taldeak jende gaztea bilatzen dabiltza. Nahiago nuen agian urte pare bat beranduago iritsi izan balitzait aukera, esperientzia gehiago izango nuelako. Taldeek, ordea, horrela nahi dute eta guk horretara egokitu behar dugu. Pausoak azkar ematen ari garen arren, hankak lurrean izaten saiatu behar da, eta eskatzen digutena ematen.

Eta bi hilabete horiek pasa ondoren, zer?
Normalena hurrengo denboraldia berriro ere Euskadi Fundazioarekin egitea izango litzateke.

Aurrez Belgikan ibilia zara, talde handi horiekin entrenamenduetan.
Jubeniletan Omegaren Training Camp batean egon nintzen astebetez. Esfortzu proba bat izan zen. Ondoren, hilabete bat Omegako masaje emailearen eta hautatzailearen etxean pasatu nuen, hango lasterketak eginez. Nola ibiltzen nintzen ikusi nahi zuten.

Esperientzia hori baliagarria izango zaizu oraingoan.
Batez ere presio hori zer den ezagutzeko, eta nola aurre egin jakiteko. Aurreko esperientzia ez zen oso ondo joan, eta ia eskertzen dut horrela izatea; badakidalako zer egin behar den gauzak gaizki joateko.

Aukera polita den arren, etxean Euskaltel bezalako talde baten hutsunea, nabarmena izango da zuentzat, ezta?
Cofidisen aukera oso ona da, baina talde atzerritarretara gehiago kostatzen da egokitzea. Urratsa zailagoa da, eurek Frantziako harrobi guztia dutelako. Euskaltelekin aurrera egiteko erraztasun handiagoa zegoen, eta zaleentzat ere izugarria zen, etxeko txirrindulariak eta taldea animatzera joateko, adibidez, Tourrean, Pirinioetara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!