'Hondarribia Berdintasunaren Hiria' saria jasoko du Udaberri dantza taldeak

Tolosaldeko Ataria 2015ko uzt. 20a, 11:43

Jaizkibel konpainiak lehenengoz antolatu du sariketa; Kresala eta Irrintzi dantza taldeak ere saritu dituzte.

Hondarribia ezaguna da, besteak beste, iraileko alardeak sortzen duen ika-mikagatik. Bide horretan, Jaizkibel konpainia mistoak Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria antolatu du, estreinakoz: "Sariaren xedea gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren alde lan egin eta egiten duten pertsona eta erakundeak saritzea da".

Joan den uztailaren 16an elkartu ziren Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Nieves Alza Txingudi saskibaloi elkartearen presidente ohia eta Hondarribiko urrezko domina jasotakoa, Paul Rios Bakearen eta giza eskubideen aldeko aktibista, eta Xabier Lapitz kazetaria, erabakia hartzeko, eta Tolosako Udaberri dantza taldea sarituen artean dela jakinarazi zuen Jaizkibel konpainiak, ostiralean bertan; Donostiako Kresaka eta Zumarragako Irrintzi dantza taldeek ere aipamen bera jasoko dute. "Saria emakumeen parte hartzea festetan tradizioa aldatu gabe, gatazka handirik gabe eta erakundeen laguntzaz ahalbidetu duten ekintza positiboentzat da. Ideia horren lekuko direlako sarituko dira Donostiako Kresala elkartea, Tolosako Udaberri dantza taldea eta Zumarragako Irrintzi dantza taldea, hiri eta esparru desberdinetan, ekitaldien mamia aldatu gabe, emakumeen parte hartzea lortu duten elkarte eta erakundeen izenean".

Gogora ekartzekoa da, 2013an lehenengoz parte hartu zutela emakumeek,  Tolosako San Joan eguneko bordon dantzan. Hondarribiko jaiekin bat eginez, irailaren 4an izango da Hondarribia Berdintasunaren Hiria sari banaketa ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!